Ez dute AHTrik nahi

Ehunka lagunek «tren sozial eta parte hartzailea» eskatu dute Iruñean. AHTak Nafarroako herri asko «bakartuko» dituela salatu dute

AHTaren proiektua gaitzetsi zuten atzo, Iruñeko karriketan. J. MANTEROLA / ARP.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Mila lagunek baino gehiagok hartu zuten parte atzo, Iruñean, Trena Bai, AHT ez. Herriak erabaki! lelopean Trenaren Aldeko Ekinbideak antolatutako manifestazioan. Plataformako kide Julio Villanuevak salatu du Nafarroako eta Espainiako gobernuen egitasmoak ez duela «ez hanka eta ez buru». Abiadura handiko trenaren (AHT) inguruan «eztabaida soziala» abiatu dezala eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Izan ere, Nafarroak tren «sozial eta parte hartzailea» behar duela esan du.

«Trena bai, AHTrik ez»eta «Amalurra defenda dezagun» oihukatuz osatu zuten bidea manifestariek, Gazteluko plazatik Merindadeetara, eta, ondoren, Sarasate pasealekuraino. Protesta jendetsuan zenbait alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragiletako ordezkariek ere hartu zuten parte, tartean EH Bilduko parlamentari Adolfo Araiz, Ahal Duguko idazkari nagusi Eduardo Santos, Ezkerrako Marisa de Simon eta ELAko Nafarroako koordinatzaile Mitxel Lakuntza.

AHTaren aurka egiteko zioen artean, «lurrean izango duen eragina, kostu ekonomikoa eta herrien bakartzea» nabarmendu ditu Villanuevak. Ildo beretik mintzatu da Rakel Alvarez Tafallako EH Bilduko zinegotzia ere: «Pribilegiatu batzuk trenean minutu gutxi batzuk lehenago iristeko, gizartearen zati handi batek pairatu beharko ditu murrizketak». Oraindik proiektua bertan behera uzteko «garaiz» daudela iritzita, Nafarroako Gobernuari eztabaida ahalbidetzea galdegin diote. Izan ere, aldarrikatu dute Nafarroan eskualdeak modu «eraginkorrean» eta «merkean» lotuko dituen tren bat behar dela.

Bestalde, Alvarezek salatu du «arraroa» dela «inolako azterketarik» egin ez izana ebaztekoea AHTaren gisako proiektu «erraldoi» bat behar den ala ez. «Badaude alternatiba merkeagoak, Nafarroako eskualdeei zerbitzu hobea emango diotenak». Aukeretako bat egun dagoen trenbide sarea bikoiztea eta egokitzea izan daitekeela uste du. Hala, «eskasa» den tren zerbitzua «hobetuko» litzatekeela dio, «inor bakartu gabe», gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.