Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

Aburtok agindu du euskararen erabilera soziala sustatuko duela

Bilboko Udaleko barne komunikaziorako hizkuntza izatea nahi du EAJren alkategaiak

Juan Maria Aburto eta haren taldeko hautagaiak, atzo, Bilbon. BERRIA.
gotzon hermosilla
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
EAJren Bilboko alkategai Juan Maria Aburtok bere hauteskunde programan agertzen diren euskararen inguruko ildoak aurkeztu ditu, eta bi helburu finkatu ditu datorren agintaldirako: euskararen erabilera soziala bultzatzea eta Bilboko Udalean ere euskara «komunikazio hizkuntza» izan dadin lortzea.

Aburtoren arabera, euskara «inoiz baino gehiago» egiten da Bilbon, baina alkategaiak harago joan nahi du: «Euskara entzun eta erabil dadila kalean, eskolan, unibertsitatean, dendetan, enpresetan eta udaletxean bertan. Ekar dezagun euskararen iraultza kaleetara».

Horretarako, hainbat neurri proposatu ditu Aburtok: Euskararen Plangintza berria garatzea, euskara sustatzen duten tokiko eragileen «koordinazioa» bultzatzea, Euskararen Aholku Batzordea indartzea, kanpainak antolatzea erabilera eta euskaltegietako matrikulazioa sustatzeko, euskararen aldeko ekinbideei eta euskarazko kultur adierazpenei sostengua ematea, eta abar.

Horrez gain, Bilboko Zazpikaleetan dagoen Euskal Museoa«eraberritu eta indartzeko» asmoa iragarri du Aburtok, «Euskal Museo Nazionala» bihur dadin.

Lantegi horretan bidelagun izango dituen udal hautagai euskaldunak ere aurkeztu ditu Aburtok Euskal Museoaren aurrean egindako hauteskunde ekitaldian, «udal kudeaketari buruzko prestakuntza eta esperientzia zabala dutenak», haren hitzetan. Aburtoren xedea da Bilbo «euskaldunagoa» izatea, eta «hiri moderno eta abangoardista honek» euskara jagotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.