Eneritz Garro.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Ahotsa entzun

2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Ume eta gazteak egon dira hasieratik pandemiak sorturiko zurrunbiloaren erdi-erdian. Eurak izan ziren udaberrian etxeratzen lehenak, egun batetik bestera eta mahaietan zituzten gauzak jasotzeko astirik gabe. Eurak izan dira «ohiko» jarduna berreskuratzen azkenak, eta, horretarako, eskoletan euren egiteko modu berezkoak alboratuz arau zorrotzak bete behar dituzte. Orain ere guztiok gaude eskoletan zer gertatuko zain.

Udaberriko itxialdiaren inguruan egindako lehen ikerketa lanek ohartarazi digute adi egon behar dugula egoera honek izan ditzakeelako luzera begirako ondorio fisiko, psikologiko eta sozial oso kaltegarriak. Ikerketa horietako batzuetan ume eta gazteen ahotsa jaso da, eta, euren esperientziaz galdetuta, argi azaltzen dute zeintzuk izan diren etxaldiaren argi-ilunak: faltan izan dituzten eskolako harremanak, etxean familiarekin egoteko berreskuratu dituzten denborak, ordenagailuak ekarri dizkien aukerak eta mugak, etxeko lanak eragin dien asperdura... Emaitzak begi-bistatik galdu gabe, gaurkoan, halere, arreta jarri nahi nuke ume eta gazteen ahotsa jasotze horretan, oso iradokitzailea iruditu baitzait ikasleak euren esperientziaren jabe irudikatzea.

Horren ildora, esango nuke koronabirusak eragindako testuinguru bortitz honetan, oro har, asko hitz egin dugula ume eta gazteez, eta askoz gutxiago ume eta gazteekin. Erabaki eta arau asko bete behar dituzte, baina oso gutxi galdetu diegu erabaki edo arau horien inguruan. Eta adituek gogorarazten digutenez, krisi egoeretan erabakietan umeen parte-hartzea izan daiteke egoerari aurre egiteko gakoetako bat. Nazio Batuetako Umeen Eskubideen Batzordeak berak COVID-19ari aurre egiteko 11 neurrien artean aipatzen du «pandemiari buruzko erabakiak hartzeko prozesuetan umeen iritziak entzun eta kontuan har daitezkeen aukerak sortu behar dira. Umeek gertatzen ari dena ulertu behar dute, eta pandemiari erantzuteko hartzen diren erabakietan parte hartzen dutela sentitu».

Irailean hiru agertoki diseinatu zituzten eskolek, eta ez dirudi etxetik arituko garen agertokia aurreikustea eta horretarako prestatzea lekuz kanpo dagoenik. Inork nahi ez duen etxeratze bat baletor, kontuan hartu behar genuke udaberrian ez bezala gure geletan baditugula esperientzia horretan adituak diren ume eta gazteak. Inork baino hobeto dakite eurek nola bizi izan zuten etxaldia, zer izan zen eurentzat erraztatzailea, zein oztopo izan zituzten, zerekin aspertu ziren, zerk sentiarazten zituen ondo eta zerk gaizki, nola ikasten zuten hobeto... Esperientzia horiek, gainera, askotarikoak izango dira, eta testuinguru zehatzen ñabardurak jasoko dituzte. Mereziko luke gure geletako ume eta gazteen esperientzia hori nola azaleratu pentsatzea eta eurekin batera zirriborratzea nolako izan daitezkeen albo-kalte txikiena eragin dezaketen egiteko moduak. Ariketa bera izan daiteke, gainera, ikaste esperientzia oso esanguratsua eta osasuntsua, bai gure ikasleentzat eta baita geuretzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.