Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

Euroeskualdeko harremanak sendotzea nahi du Urkulluk

Akitania Berriak, «Euskadik» eta Nafarroak «euskal hiria» osatzen dutela eta oinarrian «euskara» dutela dio EAJren lehendakarigaiak

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Hendaian, EAJko alderdikideekin batera, atzo. BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta EAJko lehendakarigaiak Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea osatzen duten eremuen arteko harremanak «sendotzea» izan zuen gogoan atzo Hendaian (Lapurdi) eginiko ekitaldi batean, Euskal Hiria osatzen dutela iritzita. Hain zuzen ere, adierazi zuen asmoa duela datorren legegintzaldian «harreman eta lankidetza zubiak sendotzen» jarraitzeko, hiru eremuek «sustrai historiko eta kultural sakonak» dituztelako eta horren oinarrian euskara dagoelako: «Euskararen lurraldean bizi gara». Horretarako, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako sei konpromiso hartu dituela jakinarazi du alderdiak.

Batetik, Urkulluk euroeskualdea eta «mugaz gaindiko lankidetza proiektuak» indartzea jarri zuen erdigunean, Europan «eragile estrategikoa» izan nahi dutela erantsita. Lankidetza horretarako foro ireki bat irekitzeko proposamena egin zuen, eragileen arteko parte hartzea helburutzat jarrita. Herrialdeen arteko joan-etorriak errazteko asmoz, berriz, Urkulluk azaldu zuen abiadura handiko trena eta garraio proiektuak bultzatuko dituztela. Bestetik, adierazi zuen enplegu aukerak sustatuko dituztela. Horretarako, Euskampus irekiko dute, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko lankidetzaren bidez sortutako proiektua. Ikerketa, garapen eta industria proiektu berriak zabaltzeko asmoa ere badutela jakinarazi zuen, «espezializazio adimenduaren» arloan. Azkenik, Ipar Euskal Herriarekin eta Nafarroarekin lankidetza sendotzeko beharra ere azpimarratu zuen, kulturaren eta turismoaren alorrean: «Turismo kulturala indartuko dugu, gure nazioarteko erakargarritasuna areagotzeko».

EAJko lehendakarigaiaren arabera, alderdiak «Europaren etorkizunarekiko konpromisoari» eusteko asmoa du, eta «herrien Europa» finkatu nahi dute: «Garai batean banatzen gintuzten muga zaharrak betiko atzean utzita, Euskal Hiria, Euroeskualdea, Ardatz atlantikoa eta Europaren etorkizunaren aldeko apustua da gurea».

Garraioa hizpide

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburua ere Hendaian izan zen, eta garraioa izan zuen oinarri: «Eskualdeak, gizarteak, kulturak eta pertsonak lotzeko dugun trenbide sarea sendotzeko euskal gizarteari gerturatzen diogun proposamena dugu hizpide». Jakinarazi zuen Euskal Trenbide Sarearen obrak amaitu direla, eta Euskotren zerbitzu berri bat eskaintzen hasi dela; Irun eta Hendaia artekoa, hamabost minutuan behin. «Europako korridore atlantikoaren komunikazioen eta konektagarritasunaren katebegi nagusian kokatuta gaude».

Sailburuak gaineratu zuen azpiegiturak egiten aurrera jarraituko dutela eta gertuko konexioen zerbitzua hobetzen: «Uste dugu garraio sistema publiko eraginkorra, hurbilekoa eta inklusiboa ezinbestekoa zaigula euskal gizartearen ongizate eta kohesiorako eta Euskadiren garapen ekonomikorako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.