Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

EAJk baztertu egin du independentzia alde bakarrez lortzeko bidea

Urkulluren ustez, eztabaida termino horietan planteatzea «zaharkituta» dago. Espainiarekin «aldebiko harremana» sustatzea proposatu du

EAJren hautagaiak, herritar batekin berbetan, atzo, Gasteizen. BERRIA.
gotzon hermosilla
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
EAJren lehendakarigai Iñigo Urkulluk gosari informatiboa izan du Ajebask enpresaburu gazteen elkarteko kideekin, eta lasaitasun mezua igorri nahi izan die enpresaburuei. Independentzia edo Espainiaren barruan autogobernuan sakontzea lehenetsiko ote lukeen galdetuta, Urkulluk erantzun du ez duela babesten independentziarako aldebakarreko bidea, eta «zaharkituta» dagoela eztabaida termino horietan planteatzea.

Urkulluk ez du uste «autogobernua independentziarekin lotu nahi izatea» gaur egungo errealitateari egokitzen zaionik. «Eztabaida termino horietan planteatzea hain dago zaharkituta, ezen subiranisten artean subiranistena dela dioen indar politikoak, garai batean eta oraindik ere independentzia eta sozialismoa leloa darabilenak, kanpaina honetan Espainiako Estatuarekiko harremanetarako beste formula batzuk planteatzen baititu, eta ez hortik kanpo», esan du Urkulluk, EH Bilduri erreferentzia eginez.

Hautagai jeltzaleak enpresaburu gazteei azaldu die zein den bere alderdiaren proposamena: alde batetik, Gernikako Estatutua osorik betetzea, eta, bestetik, autogobernuan sakontzea, Espainiarekin «aldebiko harremana» sustatuz, betiere herritarren «ongizatea» xede izanik.

Estatutuaren erreforma

Autogobernuan sakontzeko bide hori estatutuaren erreforma baten bidez egingo litzateke, Eusko Legebiltzarrean «ahalik eta adostasunik handienarekin» onartuta eta «askotariko sentsibilitateak» aintzat hartuta. Gainera, eta azken 40 urteotako esperientzia ikusita, «aldebiko berme sistema» ere planteatzen du, estatutu berria betetzen dela ziurtatzeko.

Edonola ere, independentziarako aldebakarreko biderik ez du sustatuko Urkulluk, eta, haren iritziz, enpresaburuek ez dute horren beldur izan behar: «Horretarako aukerarik ez dago, eta ez ni horrekin ados ez nagoelako, posible ikusten ez dudalako baizik».

Bestelako gaiak ere jorratu ditu Urkulluk enpresaburu gazteekin izandako elkarrizketan. COVID-19aren pandemiari dagokionez, hautagai jeltzaleak goretsi egin du osasun sistemakizurriari buru egiteko erakutsitako «prestasuna, eta erantsi du prestasun horretan oinarriturik badaudela arrazoiak pentsatzeko izurria berriro agertuko balitz ez litzatekeela beharrezkoa izango beste itxialdi bat ezartzea.

Egoeraren kudeaketan Jaurlaritzak hartutako erabakiak defendatu ditu, eta berretsi du ez zela ados egon beharrezkoa ez zen jarduera ekonomikoa geldiarazteko erabakiarekin: «Beti defendatu dut ekonomia eta osasuna guztiz uztargarriak direla, beharrezko segurtasun neurriak hartuz gero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.