Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

Mendiak uste du Arabako Errioxan «ziurtasuna» behar dutela ekoizleek

PSE-EEko lehendakarigaiaren arabera, Arabako Errioxako markarekin eta haren etorkizunarekin «ezin da jokatu», eta horiek babestuko dituzte

Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaia Bastidan (Araba) izan zen atzo hauteskunde kanpainan. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaia Laguardian (Araba) egon zen atzo goizean, hauteskunde kanpainaren barruan, Luis Planas Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroarekin batera. Lehendakarigaiak adierazi zuen azkenaldian «zalantzak» sortu direla Arabako Errioxa ardo markaren inguruan, baina erantsi zuen ardo ekoizleek «ziurtasuna» behar dutela momentu honetan: «Ezin dugu Arabako Errioxako markarekin eta haren etorkizunarekin jokatu. Upeltegi hauen izen ona mantendu behar dugu, mundu mailako erreferentzia izaten jarraitu dezaten». Beraz, azaldu zuenez, lanean jarraitzeko asmoa dute Espainiako Gobernuarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, foru aldundiarekin eta udalekin batera. «Horixe da gure konpromisoa gaur, hemen, Laguardian».

Mendiaren arabera, eremuko ardo upeltegiek urteetan eginiko lanari esker lortu du Errioxa markak horrelako oihartzuna eta lehen lerroan egotea. Beraz, garrantzitsua iruditzen zaio Arabako Errioxan lan egiteko modu «bereziagatik» aitortza bat egitea bertan lanean dihardutenei: «Sozialistok beharrezkoak ez diren ziurgabetasunak argituko ditugu, eta lankidetza indartuko dugu, Arabako Errioxa Euskadiko ekonomia eta gizartea berreraikitzeko dugun gure proiektuaren parte delako». Gainera, lehendakarigaiak adierazi zuen ardoaren sektoreaz gain, «kalitatezkoa, jasangarria eta segurua» den turismo eredu baten alde ere egingo duela alderdiak, besteak beste, nazioarteko turismoa berreskuratzeko helburuarekin. Hain zuzen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bidaiatzeko leku «seguru» gisa zehazteko nahia du, COVID-19ak eragindako egoeraren ostean.

Ardogileen erronkak

Luis Planas Espainiako Gobernuko ministroak ere Arabako Errioxako ekoizleen produktu «bikaina eta eredugarria» txalotu zuen, ardo hori merkatuan dagoela oinarri hartuta. Sektoreak aurrera begira dituen erronkak ere azpimarratu zituen. Haren ustez, batez ere nazioarteko merkataritzan aurki ditzake oztopoak, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak edo brexit-ak onartutako muga zergak direla medio. Hala, Espainiako Gobernuak ardo esportazioei laguntzeko onartu zituen laguntzak izan zituen oinarri: «Sozialistok ez dugu utziko inor atzean gelditzen, ez arlo sozialean, ez ekonomikoan, ezta gizatiarrean ere; etorkizuneko erantzuna eta ekitateko erantzuna eman nahi dugu».

Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari ez ezik, Espainiari ere begiratu zion ministroak. Nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionean, oro har, baikortasuna adierazi zuen ministroak. Azaldu zuenez, herrialde horretan ekoizten denaren erdia baino gehiago esportatu egiten da. Gainera, gehitu zuen mahastizainen eta ardogileen interesak defendatzearen alde egingo duela borroka, besteak beste produktuak hobeto saldu ahal izateko. Halere, Planasen arabera, Europako Batasunean «Espainiaren interesak defendatzeko» beharrezkoa da talde guztien arteko batasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.