Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

Iriartek dio EAJ ez dela gai izan «bere etxe barruko ustelkeria geldiarazteko»

«Kutxa publikoetatik lapurtutakoa hautetsontzietan ordainarazteko» deia egin du. COVID-19aren agerraldiaren «desinformazioa» salatu du

Maddalen Iriarte eta Mikel Otero, atzo, Miñaoko teknologia parkean. BERRIA.
gotzon hermosilla
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Ustelkeria hartu zuen hizpide atzo Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak hauteskunde kanpainan. Eta, horretarako, Miñaoko (Araba) teknologia parkera joan zen, hantxe azaleratu baitzen gerora De Miguel auzia gisa ezagun egin den ustelkeria afera. Iriarteren ustez, auzi hori eta horren moduko beste batzuk ez dira «salbuespena», araua baizik, «EAJ ez delako bere etxe barruko ustelkeria geldiaratzeko gai izan».

Iriarteren iritziz, igandean badago «ustelkeria eta lagunkeria» amaitzeko aukera: «Kutxa publikoetatik lapurtutakoa hautetsontzietan ordainarazteko garaia iritsi da». Horretarako, EH Bilduren aldekoa da «balio duen botoa», Iriarteren esanetan, «zintzotasuna eta berriztatze demokratikoa» islatzen duelako: «120 udal baino gehiago ditugu gure ardurapean, eta ustelkeria auzi bakar bat ere ez dugu izan».

Bizkaiko zerrendaburu Jasone Agirrek ere ustelkeria izan zuen mintzagai, eta, horretarako, Alonsotegira (Bizkaia) joan zen: «Herri honetan 17 milioi euro desagertu ziren, eta auzia aztertzen ari den fiskalak sei urteko zigorra eskatu du zenbait pertsonarentzat, horien artean EAJren alkate ohi batzuk». Agirrek uste du «gero eta gehiago» direla «politika aberasteko modu gisa ikusten dutenak, gizarteari egindako zerbitzutzat hartu beharrean».

De Miguel auziaz eta Alonsotegin gertatutakoaz gain, beste afera batzuk ere gogora ekarri zituzten Iriartek eta Agirrek: Karrantzakoa (Bizkaia), Marguello auzia, Osakidetzako oposizioetan agerturiko irregulartasunak, Gipuzkoako Ogasunekoak, Balentziaga auzia eta abar; «den-denak, EAJri lotutakoak», Iriarteren esanetan.

«Kezka» Ordiziako egoeraz

Arratsaldean, berriz, Gasteizen izan zuen EH Bilduk bere ekitaldi nagusia, eta, han, Maddalen Iriartek COVID-19ak Ordizian (Gipuzkoa) izan duen berragerpenaz hitz egin zuen. «Kezka» agertu zuen EH Bilduren lehendakarigaiak, batez ere, pentsatzen dutelako gertatzen ari denaren inguruan «desinformazio» handia dagoela: «Asteartean Urkulluk 19 kasu iragarri zituen, baina 35 ziren; atzo [herenegun] Osasun sailburuak ez zituen datuak eman prentsak galdetu arte. 48 ziren, eta gaur 58 dira, eta Ordizian gehiago ote diren beldur dira».

Iriartek uste du desinformazioak «herritarren nahasmena eta beldurra elikatu» besterik ez duela egiten, eta, gainera, pentsatzen du lehenagotik ere antzeko egoerak gertatu direla: «Zaldibarkoa bezalako eskandalu batetik gatoz, eta han Mendiaren eta Urkulluren gobernuak informazioa ezkutatu zien herritarrei, zabortegiaren inguruan hodei toxiko bat zegoenean».

Iriarteren esanetan, herritarrek «egia esango dien gobernu bat» merezi dute. «EH Bildutik esan nahi dugu ez dela morala interes ekonomiko eta alderdikoiak pertsonen osasunaren aurretik jartzea. Inork ez dezala interes elektoralak osasun interesen aurretik jartzeko tentaziorik izan».

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik, berriz, esan zuen haien koalizioa dela «bete ezin dituen promesak egiten ez dituen bakarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.