Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Elgeta: hain gertu eta hain urrun

Herriko udal gobernuak luiziaren ostekoak lantzeko koordinazio bileretara joateko eskatu zuen, eta ez du erantzunik jaso. Zabortegia herriko mugatik 200 metrora dago, eta Egoetxeaga auzotik oso gertu.

Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun

Verter Recycling zabortegia Interneteko satelite mapetan bilatu duen oro harrituta geldituko zen inguruan dagoen herri eta bailara anabasarekin. Kilometro koadro pare bateko eremuan Durangaldeak, Debagoienak eta Debabarrenak egiten dute topo, edo, beste modu batera azalduta, Zaldibarrek, Eibarrek, Ermuak... Eta Elgetak. Azken herri horretako udal gobernua, baina, kexu da, ez dutelako gonbidatu luiziaren osteko neurriak hartzeko osaturiko batzorde teknikora. «Iragan astean bildu ziren aurreneko aldiz, ostiralean; gu ez gaituzte ezertarako kontuan hartu, eta guk uste dugu hor egon beharko genukeela. Herri txikia gara, baina oso gertu gaude. Lehen eskuko informazio hori merezi dugu». Eskaera Iraitz Lazkano alkatearena da.

Baina non dago Elgeta zehazki? Bada, herriaren iparraldeko muga zabortegitik berrehun metro ingurura dago, maldan gora, eta, herrigunea lau kilometrora dagoen arren, Egoetxeaga auzoa eta Egoarbitza baserria mugatik oso gertu daude. «Eitzaga egongo den antzeko distantziara daude», kalkulatu du alkateak —Elgetak 1.136 biztanle ditu, baina hedaduraz Ermua edo Zaldibar baino handiagoa da—. Jaurlaritzak Eibar, Ermua eta Zaldibarko alkateak deitu zituen batzorde teknikora, eta Elgetakoak gonbiteak egiteko erabilitako posta elektronikoko helbidean egin zuen eskaera. Oraingoz ez du erantzunik jaso.

«Guk bi eskaera ditugu», laburbildu du Lazkanok: «Koordinazio mahaian egotea eta Elgetan aire neurketak egitea». Herenegun, alkatea bera ibili zen Gipuzkoako eta Jaurlaritzako ingurumen sailetara deitzen eskaera horiek luzatzeko, eta esan zioten ez zegoela «behar berezirik» neurketa horiek egiteko. «Sakelako telefonoa herritarren deiez beteta dut, airearen kalitatearen inguruko galderekin. Arduraz bizi dute; ez dakigu zer arnasten ari garen, eta gure obligazioa ardura horiei erantzuna ematea da». Elena Moreno Jaurlaritzako ingurumen sailburuordeak atzo azaldu zuenez, aire neurgailu mugikorrak —haize korronteen arabera mugitzen ari dira— Elgetako bi auzotan egon ziren herenegun, baina udalean ez zuten neurketen berririk izan, ezta emaitzenik ere.

Elgetako alkatea EH Bildukoa da; batzorde teknikoko beste agintariak —lehendakaria, lau sailburu eta hiru alkate—, aldiz, EAJ eta PSEkoak dira. Baina Lazkanok ez du pentsatu nahi arrazoi politikoengatik gonbidatu ez zutenik: «Espero dut ezagutza falta izatea. Herrigunea lau kilometrora dagoela ikusi, eta agian ez zituzten auzoak kontuan hartu. Dena den, oraindik dei gaitzakete».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.