Koldo Almandoz.
Donostiako 60.Zinemaldia. Plano subjektiboa

Limoi zukua

2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Susan Sarandonek Bette Davis-en begiak ditu. Kim Carnesen ahots urratuak, «New Yorkeko elurra bezain puruak» diren begi horien jabeak zer egiteko gai den kantatzen zuen Bette Davis Eyes kantuan.

Sarandonek eta Davis-ek, begiez gain, biek izan dute beren ibilbidean beste zerbait elkarrekin. Edertasun fisikotik haratago doan atraktibo saihetsezin bat. Ongi zahartzen jakin izan duen aktorea da Sarandon, ziurrenik beti izan duelako bere adinak esaten zuen baino itxura helduagoa. Emakume indartsu edo sufrituaren rolak antzeztu ditu, eta askotan pelikulak ar gisa hasi baditu ere, tximeleta moduan amaitu ditu beti.

Thelma and Louise film ezaguna adibide. Sarandoni bizitzak zigortutako emakume nekatuaren rola tokatu zitzaion, Geena Davisi bonboitxo txolinarena. Bueno, ez dago esan beharrik ere film hartan erakargarria zen emakume bakarra nor zen.

Niri, James Spaderri White Palace filmean gertatzen zaion moduan, ezinezkoa zait Sarandonekin ez berotzea. Solaris planetak bezainbeste erakartzen nau. Berdin zait gure arteko adin aldea, ez zait batere inporta hura Hollywoodeko izar aberats arrakastatsua izatea, eta Tim Robbins aspaldian ez da arazo. Oroitzen dut haren besoetan erori nintzen une zehatza. Aspaldian izan zen. Louis Malle zinemagile frantsesaren Atlantic City filmeko lehendabiziko eszenan. Sarandon bere etxeko sukaldeko aska parean, eskuekin limoi batzuk zukutu eta bere besoak, sorbaldak, lepoa eta bularrak limoi zukuz igurtzen ikusi nuenean. Aurreko etxeko leihoan, ezkutatuta, Burt Lancaster zahar batek ez dizkio begiak gainetik kentzen.Arrain usaina limoi zukuaz garbitzen duen zerbitzariaren eta amets egiteko zaharregia den ameslari baten pelikula horri On Golden Pond kurtsiak kendu zizkion merezitako Oscar sariak —harritzen nau ustezko zinema kritikari serio batzuek oraindik sari horiei dieten begiruneak—. Kontua da niretzat zinema historiako unerik eder eta erotikoenetakoa izango dela beti Atlantic City-ren lehendabiziko sekuentzia. Voyeurismoaren plazera deskubritzea zor diot. Edaten ditudan gintonic-etan, limoia ikusten dudan bakoitzean, Sarandonen bularren irudia, usaina eta zaporea etortzen zaizkit burura. Eta horrela ez dago edateari uzterik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.