Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Abiapuntua. Pandemiak markatutako agenda

Urkullu, Iriarte, Gorrotxategi, Mendia eta Becerra Jaurlaritzarako lehendakarigaiak eta Garrido ETB1eko eztabaidan izan dira. Alor soziala eta ekonomikoa izan dituzte hizpide nagusi.

Becerra, Gorrotxategi, Urkullu, Iriarte, Garrido eta Mendia, atzo gauean, Bilbon, ETB1eko eztabaidan. BERRIA.
enekoitz esnaola
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Politika sozialak eta ekonomikoa. Horiek nagusitu dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehendakarigaien arteko lehen eztabaidan. ETB1en egin dute, bart, eta han izan dira Iñigo Urkullu (EAJ), Maddalen Iriarte (EH Bildu), Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos), Idoia Mendia (PSE-EE) eta Jose Ramon Becerra (Equo-Berdeak) eta Arabako PPren bigarren zerrendakide Laura Garrido —Carlos Iturgaiz lehendakarigaiak huts egin du, baina ETB2koan izango da, datorren asteartean—. COVID-19aren krisiak agenda markatzen du.

Urkulluk zehatz aritu nahi izan du hasieratik: herritarrak parte hartzera deitzeaz gain —EAJ asko ari da azpimarratzen hori, agindu du, krisia aurreikusten dela eta, bere gobernuak ez lukeela murrizketarik egingo eta zergarik igoko. «Badugu zorpetzeko aukera». Iriartek neurri sorta bat aurkeztu du krisiari aurre egiteko, eta «kalitateko enplegua» eskatu. Garridok esan du Espainiako Estatuan PPren gobernuekjakin izan dutela krisiei aurre egiten eta «irtenbideak» aurkitzen. Gorrotxategik aipatu du badela «zer hobetu» enpleguaren eta fiskalitatearen alorretan. Becerrak eskatu du gehien behar dutenentzat bideratu behar direla laguntzak, eta salatu gaur egun hori ez dela gertatzen ari.

Mendiak egoera politikoari heldu dio, nabarmendu baitu hazkunde ekonomikorako «oso garrantzitsua» dela «egonkortasuna eta lasaitasuna» izatea. PSE-EEren lehendakarigaiak atzo, ETB1eko eztabaidaren aurretik, Gasteizen zioen bere alderdia «erreskate sozialean» dagoela, «ez salbamendu nazionalean», baina aste honetan jakin da PSOEk ez duela UP eta EH Bildurekin batera Kongresuan sinatutako lan erreformaren indargabetzearen alde egingo eta berri hori ez zaio unerik onenean etorri PSEri.

Iriartek eta Gorrotxategik Urkulluri leporatu ean dute Jaurlaritzak legealdian osasun arloan murrizketak egin dituela eta pribatitzaziora jo duela, eta EAJren hautagaiak erantzun du lau urtean 400 milioi euro igo dela Osakidetzaren aurrekontua. EH Bilduko hautagaiak aipatu du nahi erara erabiltzen dituela hark datuak, eta azaldu du COVID-19ak Osaskidetza «ahul» harrapatu duela. Garridok ere kritika egin dio Jaurlaritzaren kudeaketari. Becerrak uste du badela zer hobetua.

COVID-19aren ondorioz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako 1.600 hildakoen inguruan ika-mika izan dute Urkulluk eta Iriartek. EAJren hautagaiak hildakoekin jokatzea egotzi dio, eta EH Bildukoak erantzun dio ez duela onartzen hori egoztea.

Gorrotxategik ezkerreko politikak egin behar direla adierazi du. Iriartek ere politika sozialen alde egin du, eta zaintza arloko «kolapsoa» deitoratu du. «Jauzi kualitatiboa eman behar dugu hor». Mendiak alor denetarako «politika integralak» defenditu ditu, «Euskadin inor atzean ez geratzeko». Becerrak erantzun dio hor zehaztu beharra dagoela, eta gaur egun hori ez dela betetzen. Urkulluren esanetan, EAEko politika sozialak «eredugarriak» dira. «Kohesio soziala» zaintzen segituko duela esan du EAJren hautagaiak. Iriartek pobreziaren datuak atera dizkio behar bezalako kohesiorik ez dagoela esateko. «Babes soziala» aldarrikatu du Equoko hautagaiak.

BERRIAn ere, Iturgaiz gabe

BERRIAk bihar ekingo die lehendakarigaien elkarrizketei. Becerraren alea joango da aurrenik, eta, ondoren, Mendiarena, Gorrotxategirena, Iriarterena eta Urkullurena. PP-C's-k Iturgaizen elkarrizketa ez ematea erabaki du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.