Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Ama

2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Zentro komertzialek asmatu zuten amaren eguna eta bla, bla, bla. Baina zein erraz jausten garen gu, haiek inposatu nahi diguten ustezko amatasun eder horretan. Zein erraz justifikatzen dugun norbera izateari ere uzterainoko sakrifizioa. Ama izateko pertsona adina modu daudela onartu ordez, txarrak eta onak izendatzen ditugu. Nahita edo nahi gabe, etengabe. Bularra ematen diona inuzentea da, ematen ez diona axolagabea, ibilbide profesionala bazterrean uzten duena gajoa, uzten ez duena berekoia...

Eta gero dago amaren idealizazio txatxu hori. Bere amets guztiak gu mundura ekartzearen truke ahaztu zituen ama hori. Publikoki eskertzen zaio amari, gure mi eta mo guztiak aguantatzearen truke, bere ametsak garatu ez izana. Benetan? Niri kontzientzia lehertuko lidake pentsatzeak gure amaren bidean oztopo izan garela ahizpak eta ni. Hein berean, ezingo nuke lasai lo egin sinetsiko banu gure amaren amets handiena gu garela. Ez, eskerrik asko. Gure ama bazen eta bada neu naizen besteko emakumea eta baditu bere aspirazio pertsonalak bizitza bakar honetarako.

Sakrifizioa goresten da etengabe: zineman, musikan, antzerkian... irudipena dut ama eta Ama Birjina nahastu egiten direla. Amaren atzean emakumerik ez balego bezala, Ama Birjinaren moduan agindu jainkotiar bat jaso izan balu bezala, desioa galdu izan balu bezala, haragirik ez balu bezala...

Eta amaren egunari gezur handi bat irizten diodan moduan, irizten diot gezur handi bat dela sakrifizioaren mitifikazio hori ere. Ama nitaz erditu zen, bularra eman zidan, baina orain biok gara emakume autonomoak eta parez pare begiratu geniezaioke elkarri. Eta iritsiko da akaso, nik bera erditu ez, baina zainduko dudan eguna. Bitartean, nahiko nioke amari esan ez nadila ni izan bizitzan egiten duen gauzarik ederrena. Jarrai dezala amets ederren bila eta izan dadila beti bera. Ama izateari utzi ezin omen zaion moduan, ez diezaiola utzi hezur-haragi eta kontzientziadun emakume izateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.