EAk primarioak egin beharko dituela berretsi du Gasteizko Auzitegiak

EAren zuzendaritzak esan du helegitea jartzeko bidea ez dagoela itxita, eta bilera batean erabakiko dutela hemendik aurrera zer bide hartu

Eba Blanco EAko idazkari nagusia. RAUL BOGAJO / FOKU.
Edu Lartzanguren.
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Gasteizko Lehen Auzialdiko 7. Epaitegiak arrazoia eman dio Maiorga Ramirez hautagaiari, eta agindua eman du Eusko Alkartasunako idazkari nagusia hautatzeko primarioak egiteko. Ramirezen hautagaitza baliogabetu egin zuen alderdiko zuzendaritzak, eta Eba Blanco izendatu zuen idazkari nagusi.

Martxoaren 1ean, auzitegiek ebatzi zuten alderdiak berriz egin behar zituela primarioak. Gaur aginte makila duen Blancoren taldeak, ordea, helegitea jarri zion erabakiari. Helegitea baztertu zutenean, beste bide bat hartu zuen zuzendaritzak ebazpena bertan behera utz zezaten. Baina, oraingoan, helegiterik onartzen ez duen ebazpena plazaratu dute. Irailaren 2ko data du azken ebazpenak. Egungo zuzendaritzak, ordea, uste du badagoela helegiterako aukera: Auzitegi Konstituzionalean. Bilera batean aztertzekoak ziren atzo arratsaldean zein bide jorratu.

Ramirezen taldeak igorritako oharrean adierazi dutenez, berriz, «epaia konponbide demokratiko bat da barne gatazkentzat, eta alderdiaren historiako ziklo ilun hau itxi du».

Aurtengo otsailean, alderdiko Nazio Batzorde Eragileak EAko kidegoa lau urtez eten zien Ramirezi, Iratxe Lopez de Aberasturiri, Mikel Goenagari, Miren Aranoari eta Esther Korresi. Batzordearen arabera, «frogatuta» geratu zen kanporaturikoek «Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste larriak eta oso larriak» egin zituztela. 2017an,EAren ohiko batzar nagusian bi ildo agertu ziren, eta Pello Urizarrena nagusitu egin zitzaion Ramirezenari. Handik aste batzuetara aukeratu zituzten Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako EAko koordinatzaile Lopez de Aberasturi, Goenaga eta Aranoa; hirurak, Ramirezen ildokoak —ildo ofizialaren esku geratu ziren Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko zuzendaritzak—. Harrezkero, desadostasunak nagusi izan dira alderdian: politikoki, besteak beste, EAk EH Bildun izan behar duen rola da eztabaidagai.

2019an egin zuten idazkari nagusia aukeratzeko prozesua; orduan, Hauteskunde Antolaketako Batzordeak lehiatik kanpo utzi zuen Ramirezen hautagaitza, argudiatuta Ramirezek ez zituela aski babes eskuratu Ipar Euskal Herrian, eta, beraz, ez zituela hautagai izateko irizpideak bete. Blanco izendatu zuten buru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.