Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

Barakaldo. Fokuak bertan lehen egunetik

EAJren eta PSEren arteko lehia estua espero da Bizkaiko hiririk jendetsuenetan bigarrenean; Del Campo eta Retortillo hautagaiek programak aurkeztuz abiatu dute.

Amaia del Campo eta Alfredo Retortillo, atzoko agerraldietan. BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Udal hauteskunde guztietan izaten da herrien zerrenda bat garrantzitsua. Horietan, boto gutxi batzuen jiran joan ohi da alkatetza batera edo bestera, baina horien artean oso gutxi dira 100.000 biztanletik gorakoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —hiriburuak kenduta, Barakaldo (Bizkaia) baino ez—. Eta Barakaldon lehia «estua» izango dela esatea ez da hitz egiteko modu bat bakarrik. Duela lau urteko udal hauteskundeetan ehun boto baino gutxiagoko aldea —72koa— izan zen EAJren eta PSEren artean, jeltzaleen alde. Eta sozialistak akordatuta daude geroztik. Ez dute alferrik egin oso gutxitan ikusten den mugimendu bat: Eusko Jaurlaritzan sailburu karguan ari zen pertsona bat jartzea alkatetzarako hautagai. Alfredo Retortillok heldu zion proposamen horri; legegintzaldia amaitu baino lehen utzi zuen Turismo sailburu kargua, eta jaioterriko alkate izateko erronkari ekin. Jaurlaritzan elkarrekin ari diren bi alderdiek asko dute jokoan Barakaldon;kanpainako lehen egunetik utzi dute hori agerian.

Amaia del Campo da egungo alkatea eta EAJren alkategaia. Hamar helburu erronka gisa hartuta aurkeztu zuen atzo programa. Esan zuen «bikaineko» Barakaldo bat nahi dutela, «hamarretik hamarrekoa». Hautagai jeltzaleak auzoei eman nahi die lehentasuna, ez daitezen egon «lehen eta bigarren mailakoak». Hiri «moderno, lehiakor eta segurua» lortzera bideratu nahi dituzte indarrak, eta nabarmendu zituen Pormetxeta-Ibarran eta Portun egin asmo duten enpresen zentroa, eta Lutxanako lur azpiko aparkalekua. «Anbizioz betetako gure programaren zertzelada batzuk baino ez dira. Barakaldo eraldatzen jarraitu nahi dugu, geldialditik atera eta abiadura hartu baitu».

Sozialistak baikor

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan lortutako emaitzek ematen diete arrazoirik sozialistei baikor egoteko. Hauteskunde ezberdinak direla aintzat hartuta ere, apirilaren 28an 2.600 boto baino gehiagoko aldea atera zion PSEk EAJri. Emaitza horiek udal hauteskundeetara ekarrita, bederatzi zinegotzi lortzea litzateke sozialistentzat —orain dituen baino bat gehiago—, eta jeltzaleek baino bi gehiago —zortzitik zazpira jaitsiko lirateke haiek—.

1983tik 2015era arte, alkate sozialistaren batek agindu izan du Barakaldon, eta besaulki hori berreskuratzea du helburu Alfredo Retortillo hautagaiak. San Vicente auzoan ekin zion atzo kanpainari —han bizi izandakoa da txikitan—, eta bere programaren helburuak Barakaldo «seguruago, garbiago, konektatuago, sozialago eta berdeago bat lortzea» direla nabarmendu zuen.

Helburu horiek guztiak «atez ate» azaldu nahi dizkie Retortillok herritarrei; «hurbileko» kanpaina bat egin nahi du horretarako, eta «kalean» izango dira une oro: «Nik eta nire taldeak guztien ateak joko ditugu hamabost egun hauetan, erakusteko badugula etorkizuneko proiektu bat Barakaldorentzat». Izan ere, Retortillok ez du Del Campo jeltzaleak bezain abian ikusten Barakaldo. Turismo sailburu ohia herriak «bultzada bat» behar duelakoan dago: «Berreskuratu egin behar dugu ezkerrarentzat, lau urteko geldialdiaren ostean». Eta horregatik aukeratu ei du kanpainako lelo gisa Zuk merezi duzun Barakaldo: «Herriak Euskadiri aberastasun handia eman diolako, baina ez diotelako neurri berean herriari itzuli».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.