Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

EH Bilduk industrializazio prozesu bati ekitea proposatu du Barakaldon

Ezkerraldeko zenbait enpresa batzordetako ordezkariekin bildu dira. Ilardiak 50 milioi euroko diru poltsa sortu nahi du horretarako

Iker Casanova eta Bea Ilardia EH Bilduko kideak, atzo, Barakaldon. BERRIA.
gotzon hermosilla
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
EH Bilduko hautagaiek bilera egin dute Ezkerraldeko zenbait enpresa batzordeko ordezkariekin, Barakaldon (Bizkaia), BIC Bizkaia zentroan. Bileran, «proposamen zehatzak» aztertu dituzte, langileen ordezkariekin batera, Bizkaian —eta bereziki Ezkerraldean— «benetako industrializazio prozesu bat» abian jartzeko.

Batzarraren ostean, EH Bilduren Bizkaiko ahaldungai nagusi Bea Ilardiak eta Iker Casanova legebiltzarkideak azaldu dituzte bileraren nondik norakoak. Azaldu dutenez, Ezkerraldeko egoeraaztertu dute langileen ordezkariekin, eta «irtenbideak» ere jarri dituzte mahai gainean.

Ilardiak gogora ekarri du arduradun politikoek «industria birmoldaketaz» hitz egiten zutela prozesuari ekin ziotenean, baina, EH Bilduren hautagaiaren arabera, ez zen horrelakorik egon: «Hona iritsi zen gauza bakarra desindustrializazioa izan zen».

Horren ondorioz, Ezkerraldeak gaur egun «Bizkaiko datu sozioekonomikorik txarrenak» ditu, eta zenbait herritan, Sestaon, esaterako, langabezia tasa %18 baino altuagoa da. «Hori onartezina da gaur egungo Bizkaian», esan du Ilardia hautagaiak.

Horri buruz egiteko, EH Bilduk zenbait neurri proposatu ditu. Horietatik garrantzitsuena da 50 milioi euroko diru poltsa sortzea, «zailtasunak dituzten enpresa industrialei laguntzeko». Horrez gain, industria lurzoruak «berreskuratzea eta berriztatzea» ere proposatu du ezkerreko indar subiranistak.

Ilardiak esan duenez, EH Bilduk «industria garatuaren aldeko apustu garbia» egiten du, industria arloko enpresek Bizkaitik alde egin ez dezaten eta herrialdea «erakargarri» izan dadin Bizkaitik kanpoko enpresentzat. «Hori da bidea kalitatezko enplegua sortzeko eta bizkaitar guztienongizatea bermatuko duen ekonomia egonkor eta indartsua egituratzeko», adierazi du Ilardiak Barakaldoko hitzorduan.

Bilbon, txartel bakarra

Bilbon ere egin dute agerraldia EH Bilduren hautagaiek, eta garraiobideak eta mugikortasuna izan dituzte hizpide hiriburuan. Bilboko udal hautagai BrunoZubizarretak txartel bakarra proposatu du, «garraiobide publikoak bultzatzeko».

Haren arabera, txartelak prezio bakarra izango luke ibilbide bakoitzerako, ibilbide hori egiteko erabilitako garraiobidea edozein delarik ere: trena, autobusa, tranbia...

Bilboko Abando eta Santimami arteko tartea jarri du Zubizarretak adibidetzat: bidaiaren balioa aldatu egiten da erabilitako garraiobidearen arabera. «Horren ondorioz, herritar askok ez dute garraiobidea aldatu nahi, horrek gehiago ordaintzea dakarrelako. Horrela, garraiobide publikoen erabilera murriztu egiten da», esan du EH Bilduren udal hautagaiak, txartel bakarra proposatzeaz batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.