Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

EAJk ekonomian pisu handiagoa eman nahi dio industria sektoreari

BPG osoaren %40 izatea nahi dute, Urkulluk esan duenez. Tapiaren iritziz, garapen industriala eta ingurumena «eskutik» joan daitezke

Arantxa Tapia eta Iñigo Urkullu, atzo, Hernanin. BERRIA.
gotzon hermosilla
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Hernanira (Gipuzkoa) joan da EAJ industria arloko bere proposamenak azaltzera, eta han helburu bat ezarri dute datorren agintaldirako: industria sektoreak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomian duen pisua handitzea, eta BPG barne produktu gordinaren %40 baino gehiago izatea.

«Industria gehiago, enplegu gehiago eta hobea lortzeko»; hori da, Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiaren hitzetan, jeltzaleen asmoa datozen lau urteetarako: «Produktuen industriatik konponbideen industriara igaro behar dugu. Horrek esan nahi du manufaktura industria zerbitzu aurreratuekin integratzeko ahalegina egin behar dugula. Industria ziklo osoari erantzuteko gai izan behar dugu, balio erantsi gero eta handiagoko zerbitzu integralak emanez».

Urkulluk esan duenez, EAEk duela hiru hamarkada «industriaren aldeko apustua» lehenetsi zuen, eta, horri esker, gaur egun Europan «erreferentea» da: «Gaur egun ere industria politika sendoa garatzearen alde egiten dugu», erantsi du hautagai jeltzaleak, «eta industria politika aurreratuenak berresten eta sustatzen ditugu, industria aurreratua berrikuntzaren eta ekonomiaren motorra delako, eta kalitateko enpleguaren bermea».

Xede hori lortzeko, EAJren hauteskunde programan agertzen diren konpromisoak aletu ditu Urkulluk. Besteak beste, digitalizazioa sustatu nahi dute, «mugikortasun elektrikorako trantsizioa» areagotu, enpresa txikietako berrikuntza bultzatu, «lehentasunezko jarduketa eremuen industria suspertzeko» estrategia garatu, langileen parte hartzea aintzat hartuko duen «enpresa eredu berria» ezarri eta abar.

Klima aldaketaren kontra

Baina industria sustatzeko lan hori klima larrialdiaren kontrako borrokarekin uztartu nahi dute jeltzaleek. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun jarduneko sailburu Arantxa Tapiak esan duenez, bi helburuak ez dira elkarren kontrakoak: aitzitik, garapen industriala eta klima aldaketaren kontrako lana «eskutik» joan daitezkeela uste du. «Euskadin, klimaren aldeko erronkak aukera bilakatu nahi ditugu», azaldu du.

Norabide horretan, Basque Green Deal edo klimaren aldeko ituna da jeltzaleentzat «ibilbide orria», «hazkunde ekonomikoa eta ingurumenaren babesa bateratzen dituen akordioa», Tapiaren esanetan.

Akordio horrek 30 ekinbide biltzen ditu ekonomia zirkularra bultzatzeko eta klima aldaketa geldiarazteko, eta ekonomiaren sektore guztiak aintzat hartzen ditu, bereziki garraioa, industria, energia, eraikinak eta nekazaritza. «Euskal enpresekin hasi gara industria jasangarriaren hobetze prozesuetan, eta, bideari ekin diogunez, aurrera egiteko tresnak eta hobetzeko neurriak bultzatuko ditugu», azaldu du Tapiak.

Neurri horien artean, energiaren azken kontsumoan energia berriztagarriak %20 izatea nahi du EAJk. Estrategia bat taxutu nahi dute autokontsumorako elektrizitatea sortzeko, eraginkortasun energetikoa areagotzeko laguntza programak agindu dituzte, eta enpresetan «ekonomia zirkularraren estrategia» garatu nahi dute, ekonomia zirkularreko 250 enpresa egitasmo bultzatuz.

Ekitaldia Hernaniko Akarregi industrialdean egin dute, eta Iñigo Urkullu eta Arantxa Tapia ez ezik, EAJren beste zenbait hautagai eta hautetsi ere egon dira, Joseba Egibar eta Markel Olano esaterako. Ekitaldia amaitutakoan, Zikuñaga paper lantegiko instalazioak bisitatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.