Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

'Bai, ahal da' oihuaren esanahia egokituta

Ezkerreko hiruko gobernua osatze aldera Miren Gorrotxategik eginiko proposamena babestu dute Pablo Iglesiasek eta Alberto Garzonek. Normalizazio politikoa gobernuan irudikatzea galdegin dute.

Elkarrekin Podemoseko eta Unidas Podemoseko kideak, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Buruzagi politikoak oholtza gainera igo eta berehala ozendu zen Podemosek bereizgarri bihurtu duen Bai, ahal da leloa. Aldarriak aparteko zentzua berreskuratu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Elkarrekin Podemos egiten ari den proposamen «sinple baina edukiz betean»: hiruko gobernu aurrerakoi bat nahi du Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak. Eta aukera hori babestu zuten atzo Espainiako Gobernuko bi ordezkarik: Pablo Iglesias presidenteordeak eta Alberto Garzon Kontsumo ministroak. «Orain gutxira arte ezinezko ziruditen hainbat gauza gertatzen ari dira. Duela urtebete gure kideetako batzuek ere ez zuten uste gobernuan sar gintezkeenik, baina lortu genuen. Hemen diozuen jo eta ke, irabazi arte oso serio hartzen dugu», nabarmendu zuen Iglesiasek. «Ezkerreko indar politikoei botoa ematen dietenek ez dute bozkatzen EAJk goberna dezan. Euskadin bozetan ageri den gehiengo sozial progresista zergatik ezin da bihurtu gobernu?».

Kanpainako ekitaldi handienetako bat egin zuen atzo Elkarrekin Podemosek Bilboko Euskalduna jauregian. 200 kide inguruk parte hartu zuten, une oro maskarak jantzita, eta metro eta erdira eserita. Agertokian ere, besarkadarik ez. Egoeraren «arraroa» aitortuta, azken hilabeteetako aldaketen inguruko gogoeta egin nahi izan zuen Iglesiasek: «Zer den posible eta zer ez». Eta ildo horretan mintzatu ziren gainerako hizlariak ere. «Ezkerreko lehen gobernu koalizioa osatuko dugu. Estatuan egin genuen; beraz, ez dezala inork esan ezin denik!», esan zuen Pilar Garrido Ahal Dugu-ren koordinatzaileak.

Autogobernua, tresna

Pandemian Madrilen ezkerreko gobernu bat edukitzearen garrantziaz jardun zen Garzon: «Duela hamar urteko krisian ez bezala, ezkutu sozial handia jarri dugu: aldi baterako erregulazio txostenak, gutxieneko diru saria, oinarrizko hornidura eteteak geldiaraztea... Gauzak beste modu batera egin daitezke». Autogobernua ere aipatu zuen Isabel Salud Ezker Anitzako koordinatzaileak: «Ezin da helburu izan; tresna izan behar da, gehiengo sozialaren zerbitzura. Horrek desberdintzen gaitu EAJrengandik: haiek eliteen esku jarri dute autogobernua». Roberto Uriarte diputatuak ere «beharrezkotzat» jo zuen Eusko Jaurlaritzako gidariak aldatzea: «Arriskutsua da alderdi berak hainbeste denbora ematea gobernuan, aldizkatzerik gabe: klientelismo sareak sortzen dira, eta talentua galtzen da».

Gorrotxategi, berriz, esker onez mintzatu zitzaien Espainiako buruzagiei: «Galdetu izan didate ea Madrilen gure hirukoa babestuko luketen, ikusita gobernuak akordioak dituela EAJrekin. Eta hona etorri dira gure mezua irmotzera». Ezkerraren batasunerako deia ere egin zuen: «Ardatz identitarioak bereizita dago hemen ezkerra, eta horrek ahalbidetu du eskuinak gobernatzea gehiengoa ezkerrekoa izan arren. Normaltasuna ez da iritsiko ezkerreko indarrek batzen dituenari erreparatzen dioten arte».

«Lehendakari aurpegia geratzen ari zaizu», esan zuen Iglesiasek, hautagaiari begira. Bai, ahal da aldarriarekin ez ezik, «Bai, bai, bai, Miren lehendakari» oihu artean amaitu zuten mitina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.