Josu Goikoetxea.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Analisia

Arnasarik deno

2013ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Arnasarik den arte. Halaxe kantatu zuen Iturriagak hasierako agurrean, arnasa zeukan artean ez zuela bere buruagaldutzat emango eta bertso-guduan garaitu beharko zutela gainerako bertsolariek.

Ostera, azken agurrean txapelketa honetako azken hatsa emana zuela ere esan zigun durangarrak eta despedida dotorea eskaini zion bertsozaleak. Baina Lazaro bezala altxarazi zuten puntuek Unai eta bizirik dugu oraindik, arnasa badu, eta zain, Donostian eta Mauleko saioei adi.

Ez nuen nik Iturriaga hain goian, beharbada Arzallusek eta Mantxik atzo nigan eragindako sentsazio onak eramanda. Izan ere, bi horiek gustatu zitzaizkidan atzo gehien. Egia da Iturriaga oso sendo ikusi nuela ariketa guztietan, puntukakoan izan ezik. Betelanean bikain —pixka bat ahul zenbait bertsoren bukaeran halere—, eta oso ideia ederrak utzita tarteka. Berriz entzungo nuke gustura berak eta Ametsek hamarreko nagusian egindako lana. Ez zuten biderik errazena hautatu, lan konplexua eta zaila egin zuten, gozakaitza entzulearentzat, baina saioko bertsoaldietako bat izan zelakoan nago. Gero, Iturriagaren bakarkakoa maisulana izan zen, lehen bertsoko lerro zalantzatiren bat albo batera utzita.

Arzallus asko gustatu zitzaidan, ariketa ia guztietan. Egia da puntukakoan izan zela gaiarekin interferentziaren bat (barraketako bingoaz ari zen bata, hotel batekoaz bestea), baina esango nuke ez dagoela lan horretan inkoherentziarik, nahiz eta bertsolariek hori pentsatu saioa amaituta. Kartzelakoan arriskatu egin zuen eta eskertzekoa da. Bere lehen bi bertsoak antologikoak iruditu zitzaizkidan: zazpi errimako bertsoak bederatzi eta hamarreko bihurtu zituen, maisuki, bertsolariaren barne lana azalduz. Hirugarrenean laprast egin zuelakoan nago. Oraindik bakarkako lan oso bat zor digu hendaiarrak. Izango du aukera finalean.

Mantxi zoriondu nahi nuke atzo Elizondon egin zuen lanagatik. Gozatzen eta gozaraziz. Bertsoa erraz ekarriz. Kartzelakoan, halere, uste dut ez zuela doinuarekin asmatu eta potoa beste zigortu zioten irristada egin zuen lehen bertsoan, silaba galdu baten erruz. Baina bikain, ez naiz esaten nekatuko.

Beñat Gaztelumendirekin badut susmo bat: finalean izango da eta hor izango du aukera zor digun saio betea, hasi eta buka, egiteko. Atzo maisu bakarka, lotuago ofizioan. Añorgatarra ehiza-txakur bat bezala irudikatzen dut, usnaka bere tokiaren bila. Aurkituko du, hori da nire apustua.

Urangari buruz, berriz,Gernikan aritu zena gehiago gustatu zitzaidan atzokoa baino. Uneka bertsokideari gehiago entzutea falta izan zitzaion (Iturriagarekin bertsoaldi osoan eta Arzallusekin bere bigarrenean), baina ordainetan kartzelako lan dotorea, goitik beherakoa eman zigun.

Julio Sotori berriz, esango diot lasai egoteko, izango direla txapelketa gehiago eta ezagutzen dugun bertsolari ederra entzuteko gogoz izango garela.

Saio ona atzokoa. Izan litezke hobeak oraindik.

Eta arnasarik eta tarterik gabe geratu aurretik, isil nadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.