Udal eta foru hauteskundeak. Araba

PPk dio Gasteiz eta Arabaren alde lan egingo duela «siglen gainetik»

Oiartzabalek Ekarpen Legea aldatzeko exijitu dio Jaurlaritzari, Arabak «dagokiona» jaso dezan

Iñaki Oiartzabal PPko ahaldungai nagusia eta Leticia Comeron Gasteizko alkategaia, Alfonso Alonsok babestua, atzo. BERRIA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Gasteizko eta Arabako instituzio nagusiak berreskuratzea da PPk udal eta foru hauteskundeetan duen erronka nagusia. Eta helburu horri «gogotsu» eta «ilusioz» heldu dio hauteskunde kanpainaren lehen egunetik bertatik. Gorteetarako bozen emaitza kaskarrak albo batera utzi, eta «bigarren aukera» bat eskatu die Alfonso Alonso EAEko PPko buruak herritarrei: «Botoa emango dutenei bigarren aukera bat eskatu nahi diegu, erakutsi nahi diegulako gu garela moderazioaren alternatiba bakarra». Mezu hori bidali zuen atzo Alonsok Gasteizen, Leticia Comeron Gasteizko alkategaia eta Iñaki Oiartzabal Arabako ahaldungai nagusi alboan zituela.

Arabako PPk Gasteizko hotel ezagun batean egin zuen hauteskunde kanpainako lehen ekitaldi nagusia, dozenaka militanteren aurrean. Alonso izan zen hitza hartzen lehena. Onartu zuen apirilaren 28ko emaitzak «txarrak» izan direla, baina ez zuen inolako autokritikarik egin. Areago, alderdia «sendo» eta «batuta» dagoela azpimarratu zuen, eta esan zuen «ohorea» dela PPkoa izatea. Haren hitzetan, Araban PPk historikoki izan duen babesa akuilu izango da maiatzaren 26an garaipena lortzeko. Hala, ohartarazi zuen maiatzaren 26an «irabazi» egingo dutela, eta Gasteizko Udala eta Arabako Aldundia gobernatuko dituztela berriro.

Botoa eskatu zien Alonsok Gasteiz eta Araba «maite» dituzten guztiei, eta hiriak eta lurraldeak «merezi dutena» aldarrikatzen dutenei. Hala, ziurtatu zuen PPrentzat Gasteiz eta Araba direla lehentasunak, eta haien alde lan egingo duela «siglen gainetik». Ildo horretan, azken lau urteotan EAJk bi instituzioetan egin duen kudeaketa «tamalgarria» izan dela salatu zuen, eta nabarmendu zuen egoerari buelta ematea PPren esku baino ez dagoela: «Ez dugu nahi Araba batzoki batek aginduta egotea. Araba indartsua da eta geure burua gobernatzea gustuko dugu».

«Geldiunea ala aldaketa»

Ideia berbera azpimarratu zuten gero Comeronek eta Oiartzabalek ere. «Gasteizek asko du jokoan maiatzaren 26an: geldiunearekin jarraitzea ala aldaketa gauzatzea», adierazi zuen Gasteizko alkategaiak. Gorka Urtaranen agintaldia kritikatzera mugatu zen Comeron, inolako proposamenik egin gabe.

Salatu zuen EAJk «ahaztuta» izan duela hiria eta proiektu berririk ez duela aurrera eraman. Comeronen iritziz, Urtaran EAJren «menpe» dago, eta, haren «gaitasunik ezaren» ondorioz, hiriari dagokion dirua beste hiriburu batzuetara bideratu da. Haren ustez, popularrak dira hiriari bultzada eman diezaioketen bakarrak.«Gasteiz defendatzen duen alternatiba bakarra gara, hiria siglen gainetik jartzen dugulako».

Arabak behar duen aldaketa PPren eskutik etorriko dela agindu zuen, ostean, Oiartzabalek. Eta hark ere nabarmendu zuen herrialdearen defentsa PPren interesen gainetik dagoela. «Sigletatik harago doan proiektua dugu Arabarentzat. Gurea defendatu nahi dugulako». Gogor kritikatu zuen jeltzaleek herrialdearekin duten jarrera: «Bigarren mailako herritarrak bagina bezala tratatzen gaituzte; ez dute lotsarik. Guk ez dugu nahi Arabako diputazioa Eusko Jaurlaritzaren sukurtsal bat izatea».

Oiartzabalen esanetan, dirua ezinbestekoa da Araba behar bezala defendatzeko. Horretarako Ekarpen Legea aldatzeko exijitu zion Eusko Jaurlaritzari, uste duelako Arabak «dagokiona baino gehiago» ordaintzen duela, baina «dagokiona baino gutxiago» jasotzen duela. Areago, Jaurlaritzari exijitu zion itzul diezaiola Arabari «280 milioi euroko zor historikoa». Oiartzabalek ohartarazi zuen urtero Eusko Jaurlaritzari eskatuko diotela Arabari bideratzeko 50 milioi euro inbertsioetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.