Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

Industria eraldatzeko plan bat bultzatuko duela esan du Txibitek

PSNren asmo behinenetariko bat dela adierazi du. Enpresak «lehiakorrak» izatea da helburua

Maria Txibite, atzoko agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Hector Gomez Espainiako Industria ministroa, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaria eta Elma Saiz Iruñeko alkategaia alboan zituela, PSNko lehendakarigai Maria Txibitek industria eraldatzeko plan bat bultzatuko duela iragarri zuen atzo, hauteskunde kanpainaren bigarren egunean.

Parlamentuaren aurrean eta PSNren egoitza gertu zuela, Txibitek azpimarratu zuen trantsizio ekologikoaren eraldaketa eta digitalizazioa direla industriak aurre egin beharreko bi erronka nagusiak. Gobernura ailegatuz gero horietara egokitzen laguntzeko prest azaldu zen. «Berrindustrializazio plan bat proposatzen dut, industriak lehiakorra izaten jarrai dezan eta sendo aurre egin diezaien erronka horiei».

Sindikatuekin eta sektore ekonomikoekin mahai bat osatu nahi du PSNk: «Hitzartu ditzagun enpresen beharrak eta eraldaketa horretan zer neurritan lagun dezakeen gobernuak». Horrekin batera, prestakuntza arloko beharrak ere aintzat hartu behar direla uste du, «enpresek beharko dituzten soslai berri horietarako prest» egon daitezen lanbide heziketako ikasleak.

Legealdi amaieran, Nafarroako Gobernuak hainbat inbertsio garrantzitsu iragarri ditu, eta orain, kanpainan, inbertsioak laguntzeko beharra azpimarratu du. «Azken hilabeteetan inbertsioak aurkeztu ditugu Nafarroa osoan, lurralde kohesioak ere zerikusia baitu berrikuntza artoko proiektuekin eta inbertsioekin, lanpostuak sor ditzaten Nafarroako eremu guztietan», esan zuen Txibitek. Berrikuntzaren eta ikerketaren eta garapenaren arloetan enpresen inbertsioa sustatzen eta laguntzen jarraituko dute, zerga kenkarien bidez. «Nafarroako enpresak lehiakorrak izatea nahi dugu, balioa sor dezaten. Enpresei lagunduko diegu inbertitzen, berritzen, eraldatzen eta, batik bat, iraunkorrago izaten».

Saiz, Iruñeko merkataritzaz

Agerraldi horren ondotik, Elma Saiz Iruñeko alkategaiak gogora ekarri zuen bidezko merkataritzaren nazioarteko eguna zela. Ekonomia eta Ogasun departamentuan egin duen lana Iruñeko Udalera eraman nahi du, eta azaldu zuen udal gobernura iritsiz gero bere gain hartuko duela garapen ekonomikoaren atala. «Funtsezkoa da Iruñea egungo geldialditik ateratzea, eta ez soilik merkataritza arloan». Belaunaldi berriek garai bateko negozioak bere gain hartzeko zailtasunak dituztela izendatu zuen, kasurako.

Turismoari ere erreparatu zion. «Urteko 365 egunetan irekirik den kartela izan behar du Iruñeak». Nafarroako Gobernuaren eskutik, «turismoaren sustapenean» laguntzeko prest azaldu zen. Turismo horrek «iraunkorra» izan behar duela esan zuen: «Turismo iraunkor horren aldeko apustua egiten duten Europako funtsak ditugu tresna gisa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.