Garikoitz Goikoetxea.
ANALISIA

Udal Legea, beste zimendu bat

2016ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Aterpe bat, eskumenak eta finantzaketa zehaztuko dituen lege bat dute aste honetatik aurrera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek. Kostatu da, kostatu denez. Erakundetze garaitik zegoen etxeko lana airean. EAJren eta EH Bilduren arteko adostasunak bide eman du, besteak beste, udalek ahotsa izateko Finantzen Euskal Kontseiluan, eta gizarte laguntzen gaian argia jartzeko. Berritasun horien altzoan, hainbesteko zeresanik ez du jarri euskararen arloan lortutako adostasunak, baina badira aintzat hartzeko moduko gakoak.

Su batzuk itzaltzeko helburua bistakoa da artikuluetan. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak hasitako salaketa ildoa ezerezean uztera datoz atal batzuk. Beren-beregi eginak dira. Argi dago, adibidez, udal aktei buruzko artikuluan: «Ebazpenak, aktak eta erabakiak euskaraz idazten direnean, euskaraz bidaliko zaizkie kopiak eta laburpenak EAEko administrazioari eta estatukoari». Erakundeen arteko harremanetan ere euskara erabiltzea erabat bermatuko du, «beste hizkuntza ofizialerako itzulpenik aurkeztu beharrik izan gabe». Urkijoren ildoaren justu kontrakoa. Bide beretik, beste neurri batzuk: kontratuetako hizkuntza irizpideak, euskara planak egiteko eskumena, Ueman sartzeko aukera... Denak geratu dira erabat bermatuta.

Berme soiletik haragoko ildoak zabaltzeko oinarri batzuk jar ditzake Udal Legeak. Funtsezko funtzioa dute, eta hala esan dute arauaren hitzaurrean ere: euskara biziberritzeko bidean «bide erakusle» izan behar dutela. Ari dira pausoak ematen —ebaluazioetan ez da haiena nota txarrena—, baina hobetzeko arloak badaudela bistakoa da. Eskolaz kanpo, adibidez, euskara gehiago hedatzeko modua badago —eta beharra ere bai—: euskararen ezagutza nabarmen handiagoa da gazteetan, eta euskarazko aisialdiko eskaintza egitea gakoa da herrietan.

Udalen funtzionamenduari dagokionez, hau onartu dute: euskara «erabilera normal eta orokorreko zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza izango da». Zeharka aitortu dute traba dela hautetsi erdaldunak egotea, eta euskaraz «behar besteko gaitasuna izatea sustatzea» aipatu dute —eztabaidan izan ziren euskaraz jakitea legean jasotzearen aldekoak ere—. Udalak enpresen bidez emandako zerbitzuei ere eragingo die euskaraz kasu egiteko obligazioak: «administrazio titularrari exijitu ahal zaizkion baldintzak» eskatu ahalko dira. Erakunde artean euskara «gero eta gehiago» erabiltzea ere jaso dute. Desio hutsa ez izatea bi alderdien esku dago: hiru herrialdeetako udalen %80 dituzte alkatetzan.

Hirigintzaren hizkuntza eraginari buruzkoa da beste giltzarria. Arnasguneetako jaitsierari buruz kezka zabaltzen ari den honetan, han-hemen hasi dira ebaluazioak egiten. Erabatekoa ez, baina aitortza eta babes bat jasoko dute ebaluazioek: horrelako planak egitean, herrira ekarriko duen eragin linguistikoa aztertu egin beharko da, eta «neurriak proposatu». Neurriei hartzeko obligaziorik ez dute zehaztu. Egia da, hala ere, ebaluazioa egin beharra bera badela lotzeko era bat, eragin txarra azaleratu eta neurririk ez hartzea larritzekoa bailitzateke —areago legean bertan arnasguneen kontzeptua jaso dutenean—.

Aldaketa sakonagoak egiteko zimendua izan daiteke Udal Legea. Alde juridikoan badaude berritasunak —euskararen eta gaztelaniaren arteko elebitasun simetrikoa arintzea, bi hizkuntzetako edozein erabiltzeko aukera bermatuta, Kataluniako ereduari jarraituz—, baina nabarmentzekoa da euskararen arloan aldaketak dakartzan legea adostu izana.

Atzerako kontuan dago legealdia, eta hurrengorako gaia izango da hori urratzen jarraitzea. Euskararen Legea gaurkotzea proposatu zuen EH Bilduk udazkenean, eta Eusko Jaurlaritza ados agertu zen bidea hastearekin. Negoziazioak eta adostasunak beharko dira, eta horren eskaria gero eta handiagoa da euskararen arloan. Pauso bat da udalena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.