Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Iritzia Garrantzia

Publizitatea

Iritzia

LARREPETIT

Garrantzia

 

2017-07-07 / Onintza Enbeita

Rosariotik dator notizia, Argentinatik. Messi, mundu mailako futbol izarra, ezkondu egin da. Bertakoa da sortzez, eta bertan ezkondu da. Hemengo telebistetan ere agertu dira irudiak. Zer esanik ez bihotzeko aldizkarietan: gonbidatuak, trajeak, soinekoak, ezkonberriak, bidaia, jatetxea... inora ez daramaten hainbat elkarrizketa daude sareetan. Zerbitzariek esan dute naturalak eta kopla gutxikoak direla protagonistak aberatsak izan arren; lagunek esan dute bikotea betidanik ezagutzen dutela eta betidanik maite dutela elkar; Rosarioko herritarrek euren poza agertu dute galdetu dietenean. Azkenean, baina, beste askok egin duten moduan, paper bat sinatzea izan da kontua. Rosarioko erregistroan erregistratu dute Messi eta Racuzzo ezkondu direla, eta hara abiatu da kazetaria. Galdetzea edonork egin dezakeen zerbait delakoan edo, baieztatu egin dizkio zenbait gauza bertako zuzendariari: «Hauxe izango da inoiz ospatu duzun ezkontzarik garrantzitsuena». Mundua gelditu arren, lanean jarraitzea tokatu zaionaren tonuarekin erantzun du funtzionarioak: «Ez, bada: nik hemen bizi izan dudan ezkontzarik garrantzitsuena nire lagun minak ezkondu zirenekoa da. Bederatzi urtetik gara lagunak, izan ere». Nahiko da erantzun hori txistu garratza irentsi eta amore emateko, baina kazetariak Rosarioko historia aztoratzeko moduko gertaera baten berri eman nahi du: «Bueno, baina seguruenez, hauxe izango da erregistro honetan dagoen aktarik garrantzitsuena». Esango duenak merezi duen segurtasunez jarraitu dio erregistroko zuzendariak: «Ez, inondik inora ere ez, Rosarioko Erregistroko aktarik garrantzitsuena Che Guevararen jaiotza agiria da». Hori da hori zelofanaren azpian anekdota puztua antzemateko gaitasuna, eta garrantzitsuak diren gauzak zer diren argi izatea. Luzaroan egon naiz bakarrik barreka, eta gero pentsatu dut eskerrak oraindik ere badagoen aztoramenaren erdian perspektiba galtzen ez duen jendea.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak