SERIEA. Fukushimako hondamendia (eta III). Produktuak kontsumitzeko beldurra.

Fruta madarikatuen erreinua

Fukushiman lur emankorra zuten, ur baliabide ugari, eta hango nekazaritza produktuak Japoniako estimatuenak izan ziren. Gaur egun, hondamendi nuklearra izan eta ia hamabi urtera, japoniarrek nahiago dute inguru horretako produkturik ez kontsumitu, nahiz eta merkeagoak diren.

Fukushimako nekazariei laguntzeko xedez sortu zuten Arigato jatetxea, eta bertako jakien harrotasuna berreskuratzea ere badu helburu. Irudian, lantaldea. J. S.
Josep Solano
Iwaki
2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Naturak klima gozoa eman zion Fukushimari, lur emankorra ere bai, eta ur baliabide asko; hori dela eta, Fukushimako Prefektura Japonian gehien miretsi eta gutiziatzen zirenetako bat zen. Japoniako ipar-ekialdeko inguru horrek ondo merezitako ospea zeukan bere nekazaritzagatik: antzinatik zen ezaguna, lekaleak, barazkiak eta gehienbat fruta ekoizten zituzten eskualde nagusietako bat zelako. Fruten erreinua deitzen zioten. Izenak berak, Fukushimak, zorte onaren uhartea esan nahi du japonieraz, baina, duela ia hamabi urte, hondamendiak gogor jo zuen inguru osoa, nekazariak eta ganaduzaleak bereziki.

Istripu nuklearrak dena aldatu zuen: lurrikara hark eta ondorengo tsunamiak eragin zuten Fukushimako zentral nuklearraren istripu larria, eta ezbehar horrek, erradiazioak eragindako eremuari ez ezik, prefektura osoari eragin zion, eta baita mugakide dituen eskualdeei ere. Melokotoi eta marrubi famatuak, abereetatik eratorritako produktuak eta arrantzakoak zorigaitzak jota geratu ziren, eta hango produktu estimatuen eskaria gain behera etorri zen.

Herritarrek ez zuten salbuespenik egiten, eta, hondamendiak zer eragin zuen ikusita, gizarteak beldur handia hartu zion Fukushimatik zetorren edozeri. Fukushimatik zetorren produktu oro baztertu egiten zen edozein mahaitatik sistematikoki. Herri asko eta asko kutsaduratik eta erradiazio nuklearretik salbu geratu ziren, baina kontsumitzaileek, denek batera, bizkarra eman zieten inguru horretatik zetozen produktu guztiei, zentralaren erradiazio nuklearrak eragingo zien beldur.

Debekatu egin zuten ustez erradiazioa izan zezaketen produktuak banatzea, eta izen ona ere galdu zuten produktu horiek; ondorioz, inguru horretako jakien kontsumoa apaldu egin zen, eta atzerriko hainbat herrialdek murrizketak ezarri zizkieten inportazioei. Horrela, eskualde horretako esportazioak ere murriztu egin ziren.

Nahiz eta kontrol zorrotzak ezarri zituzten nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako produktuen erradiazioa aztertzeko, salmentak eta produktuen prezioa gain behera etorri ziren; ez bakarrik esportazioari murrizketak ezarri zitzaizkiolako, baita Japoniako kontsumitzaileek berek ez zutelako eskualde horretako produkturik jan nahi.

Arrozaren eta melokotoien salmentak eta prezioak behera egin zuten nabarmen 2016ra arte, eta hortik aurrera gora egin zuten pixkanaka. Hala ere, gaur egun prezioak %10 inguru apalagoak dira beste eskualdeetan baino. Gauza bera gertatu zen wagyu behi haragiarekin ere: garai batean haragirik preziatuenetako bat zen, eta baztertu egin zuten gero, bai merkatuetan eta bai Tokioko jatetxe guztietan.

Aurreiritziak atzerrian ere

Mundu osoko 55 herrialde eta eskualdek baino gehiagok murrizketak ezarri zizkieten Japoniako janari inportazioei, eta, orain askok kendu edo leundu badituzte ere, kontsumitzaileen aurreiritziak hor daude oraindik ere. Ameriketako Estatu Batuek murrizketa guztiak kendu zituzten iazko irailean, eta jakinarazi zuten hamar urtean Japoniako jakiak aztertu ondoren ondorioztatu zutela herrialde horretatik produktuak inportatzea oso arrisku txikikoa zela kontsumitzaileentzat, eta Europako Batasunak ere leundu egin zituela murrizketak geroago. Edonola ere, horrek ez zien lagundu eskualdeko nekazariei eta ganaduzaleei beren jarduerari berriz heltzen.

Nekazari, ganaduzale eta arrantzale askok amore eman zuten, eta beste lanbide batzuk edo beste lur batzuk probatu zituzten, baina ekoizle batzuek ez zuten etsi. Koriyama herriko ekintzaile batek, Atsushi Suzukik, buru egin zien normaltasunetik at zeuden gauza horiei guztiei, eta borrokatzea erabaki zuen, herriaren eta eskualdearen etorkizuna lapurtzen ari zen munstro itxuragabe haren kontra borrokatu ere.

2016an, Suzukik Arigato —eskerrik asko, japonieraz— zabaldu zuen, Italiako sukaldaritzan oinarritutako jatetxe bat. Japoniako bertako haragia eta barazkiak erabiltzen dituzte, eta izendapen berezi bat ere eman diote: eskualdeko banakako ekinaldirik onenetakoa izendatu dute. Fukushimako nekazariei laguntzeko xedez sortu zuten Arigato, istripu nuklearraren ondorioz ospe txarra hartu baitzuten, eta bertako jakien harrotasuna berreskuratzea ere badu helburu.

Suzukik, irribarre handi batez, BERRIAri azaldu dio jatetxeak zubi lana egiten duela ekoizleen eta kontsumitzaileen artean, bertako jaki asko erabiltzen baitituzte otorduak prestatzeko, Fukushimako ekoizleek egindakoak. Horrek eskualdeko jakiak sustatzen laguntzen du. «Espero dut bezeroak barazki zoragarri hauetaz harro egotea, ekoizleak bezainbeste», azaldu du Suzukik. Gustatuko litzaioke bezeroen arigato bakoitzak «irribarretxo bat eginaraztea ekoizleei, eta zentzua ematea haien lan gogorrari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.