Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

EKONOMIA. Errealitate setatsua

UPNk, PPk, PSNk eta hainbat eragile ekonomikok «zerga infernua» eta enpresen ihesa iragarri zuten. Lau urte geroago, datuek bestelako egoera islatu dute.

Zerga erreforma 2015eko abenduaren 23an bozkatu zuten. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Duela lau urte aldaketa instituzionala gertatu zen Nafarroan, baina ez zen dena aldatu. Eragin ahalmen handiko hainbat eragilek mehatxutzat jo zuten laukoaren politika ekonomikoa, eta hasiera-hasieratik gogor jo zuten haren aurka. Zerga erreformak hondamendi ekonomikoa ekarriko zuela iragarri zuten.

Orkestra baten modura jo zuten melodia apokaliptikoa. Parlamentuan, UPNk eta PPk «zerga infernua, enpresen ihesa eta langabeziaren igoera» iragarri zuten, eta abesbatza horretan lagun izan zuten PSNk ere bai. Legebiltzarretik at, diskurtso hori Civismo think tank eskuineko elkarteak landutako txostenek han-hemen bildutako datuekin indartu zuten mezu hori. Batik bat urtetik urtera Nafarroako egoitza aldatu zuten enpresetan jarri zuen azpimarra. Horien artean sartzen zeuden Sicav elkarteak: sozietate zergan, ordura arteko %1eko zerga tasa kendu eta beste enpresen pare jarri zien gobernuak eta, ondorioz, Madrilera jo zuten denek.

Halaber, Nafarroako Gobernuak CEN patronalari, CCOOri eta UGTri finantzaketa publikoa itxi zien, eta eragileok laukoaren «immobilismoa» gaitzetsi zuten.UGTk, kasurako, industriako enpresen %13 deslokalizatzeko arriskuaz ohartarazi zuen, eta CENek Nafarroako enpresei «tratu okerra» ematea aurpegiratu zion gobernuari. Nafarroako Merkataritza Ganberak ere «ezegonkortasuna politikoa» salatu zuen. Guztiak zihoazen norabide berean: iraganean jasotako fabore tratua kentzea erabaki zuen gobernuaren aurka.

Lau urte geroago, errealitatea setatsua da, eta eragile guztiok euren diskurtsoa moldatu behar izan dute. Langabezia tasa %14tik %8ra jaitsi da, eta epe berean 30.000 lagun gehiagok eman dute izena Gizarte Segurantzan. Biztanleriaren %72 lan merkatuan dago —enplegu tasa lau puntu igo da, baina helburu gisa jarri dute 2025erako %78raheltzea—. Ekonomia, berriz %3,1eko erritmoan hazi da.

Kontu publikoak, berriz, onbideratu dira. Diru sarrerak 770 milioi handitu dira, eta, hazkunde ekonomikoak bere eragina izanbadu ere, horietatik 510 milioi euro inguru zerga erreformaren ondorioz jaso dira. Zerga bilketari esker izandako igoera hori gizarte gastuetara eta inbertsio publikora zuzendu dute. Adibidez, 2015etik 2019ra guztira 590 milioi bideratu dira inbertsiora: batik bat udal azpiegituretara, osasun etxe eta ikastetxeetara eta errepideen mantentze lanetara.

Horrek ez du esan nahi errealitate ekonomikoa biribila dela, inondik ere. Hego Euskal Herriko beste lurraldeen modura, lan munduan prekaritatea da nagusi. Hamar kontratutik bederatzibehin-behinekoak dira. Administrazio publikoan, aldi baterako langileen tasa %45 ingurukoa da, Kontuen Ganberaren arabera, eta postuen %22 ez dira bete.

Azken finean, Nafarroak beste lurraldeen antzeko arazoak ditu. Aurreko agintaldian, krisiak itota, erronka ekonomikoei aurre egin ezinik geratu zen Barcinaren gobernua. Lau urteotan, Europatik eskualdeei eskatu bezala, espezializazio adimentsuaren estrategia garatu da; lehenik, eta behin ekonomiaren indargune eta ahulguneak aztertuz, eta, gero, egitura indartzeko neurriak lehenetsiz.

Bultzatutako sektore bat autogintza da. Testuinguruak ere lagundu du. Volkswagenek inbertsio handia egin du Landabenen urteotan, eta bigarren modeloa aurten hasiko da ekoizten. VWen bultzadarekin, autogintza oraindik ere industriaren traktore da. Energia berriztagarrien kasuan,Rajoyren gobernuaren politikek sektorea hainbat urte geldiarazi zuten, baina nazioarteko hazkundeak eta azkenaldiko legedi aldaketek egoera irauli dute: Nafarroako enpresak lanez gainezka daude uneotan. Aldi berean, sektore hori garatzeko apustu irmoa egin du gobernuak, eta hala fotovoltaikoan nola eolikoan inbertsio berriak bultzatu ditu. Elikagai industriaren kasuan, enpresak atzerrian ezartzeko eta inbertitzeko bideak indartu ditu. Hiru sektore nagusiez gain, osasungintza, turismo iraunkorra eta sormen eta digital industriak garatzeko urratsak egin dituzte.

Hala ere, oraindik beste atal ugari daude indartzeko. Adibidez, 2017ko azken datuen arabera, Nafarroako alor publikoak eta alor pribatuak barne produktu gordinaren%1,73 inbertitzen du ikerketa eta garapenean, eta EBk herrialde zein eskualdeei 2020rako ezarritako %2ko helburura iristea falta zaio. Beste erronketako bat hezkuntza arloan dago, NUPen eta lanbide heziketan inbertsioa handitu beharra dago. Hondamendi iragarleek aurreikusitakotik urrun, asko du oraindik egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.