Udal eta foru hauteskundeak. Donostia

Postalaren argi-ilunak

Turismoaren neurriak eta horrek etxebizitzetan duen eraginak mamitu dute Gipuzkoako hiriburuko legealdia. Aginte makilari eustea espero du EAJk.

Turistek argazkiak atera zitzaten, udalak hiriaren izena zeraman kartel handi bat jarri zuen Miramar jauregian. GORKA RUBIO / FOKU.
jon olano
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Turismoaren fenomenoa ez da berria Donostian, hiriaren sektore ekonomiko garrantzitsua izan baita azken mende eta erdian. Azken urteetan, haziz joan da turista kopurua, baina 2015-2019 legealdian eztabaida politikoaren lehen lerroan kokatu da gaia; batetik, turismo masifikatuaren sentipena zabaldu egin delako, eta, bestetik, hiriaren azpiegituretan eragin zuzena izan duelako: lau urtean, gutxienez 25 hotel ireki edo proiektatu dituzte, eta Airbnb atarian 2.451 etxe turistiko eskaintzen dira Donostian, Data Hippo plataformak urte hasieran zenbatu zuenez. Turismoa hiriko jarduera ekonomiko nagusia da; barne produktu gordinaren %14 sektore horri zor zaio.

Hori horrela, herritar askoren buruhauste iturri eta ordezkari politikoen eztabaidagai bihurtu da etxebizitzen prezioak zenbat egin duen gora Donostian azken urteetan, alokairuan nahiz salmentan, eta turismoak nola eragin duen prezioen hazkunde horretan. Metro koadroak 15,3 euroko kostua dauka batez beste alokairuan, eta 3.515 eurokoa izatera iritsi zen iaz salmentan, etxebizitzen sektoreko tasazio elkarteak argitaratutako txostenaren arabera. Euskal Herriko hiririk garestiena da.

Kaleratzeak Stop elkarteak egin du oharra: alokairua pagatu ezinik etxetik egotzi dituzten herritarrak ugaritu egin dira azken urteetan Euskal Herrian, eta erakundeei eskatu diete babesteko etxebizitzak ohiko bizileku gisa erabiltzea, ez turismorako.

Parte Zaharra da turismoaren gaitzak modu gordinenean bizi dituen auzoa, eta egoeraz ohartarazi du urteotan Parte Zaharrean Bizi elkarteak. «Parte Zaharra desegiten ari da; espazio publikoa pribatizatzen ari da; parke tematiko bihurtzen ari da auzoa; bizitzeko gero eta etxe gutxiago daude, salgai huts bihurtzen ari dira etxebizitzak; eta, hori guztia, sektore jakin baten gailentasun ekonomikoa (turismoaren eta aisiaren industriarena) dena irensten ari delako», adierazi zuen elkarteak, 2017an argitaratutako manifestu batean. Urtarrilean, udal gobernuak debekatu egin zuen auzoan hotel gehiago eraikitzea.

EAJ-PSE ituna, indartsu

Testuinguru horretan, indar politikoek turismoaren alorreko proposamenak jaso dituzte euren programetan. EAJk, esaterako, proposatu du, besteak beste, «eskaria egoki segmentatzea», «destino turistiko gisa Donostia eta Gipuzkoaren arteko harremana sendotzea», «turismoaren garapenak etxebizitzen alorrean duen eragina murriztea» eta «hiri paisaiaren kalitatea zaintzea». PSE, berriz, turismoari tasa bat ezartzearen, «produktuak eta merkatuak dibertsifikatzearen» eta «lankidetza publiko-pribatua sendotzearen» alde agertu da. Elkarrekin Podemosek turismo eredu «iraunkor» bat lehenetsiko du, eta ostatu berriak zabaltzeko lizentziak emateko moratoria bat proposatu du. Azkenik, PPk uste du «bikaintasunaren aldeko apustua» egin behar dela.

EH Bilduk turismoari tasa bat jartzearen alde egin du, eta hauteskunde programan jaso du «Donostiaren neurrira egindako» turismo eredu «iraunkor» bat sustatzea eta sektorean lan baldintza «duinak» bermatzea.

Horiek asmoak. Igandeko bozketak azaleratuko du herritarrek zein politika lehenesten dituzten. Azken lau urteetan, EAJk eta PSE-EEk osatu dute udal gobernua, eta, inkesta guztien arabera, bi alderdi horiek formula berarekin gobernuari eusteko moduan egongo dira ekainaren 15eko inbestidura saioaren ostean. Aliantzari eustearen alde agertu da Eneko Goia alkate jeltzalea, eta, Irutxuloko Hitza-k argitaratutako elkarrizketa batean, Ernesto Gasco alkateorde sozialistak esan zuen «logikoena» litzatekeela koalizio gobernu bat osatzea.

Aitzitik, oreka berriak gerta daitezke gobernu barruan; 2015ean, Goiaren zerrendak bederatzi zinegotzi eskuratu zituen, eta Gascorenak, zazpi. Orain, inkesta gehienek iragarri dute EAJk aterako diola onura lau urteotako jarduerari, bazkidearen kaltetan. EiTB Focus inkestaren arabera, bederatzitik 11ra igo liteke EAJ, eta zazpitik bostera jaitsi PSE-EE. Inkesta berak 2015ekoak baino emaitza hobeak eman dizkio EH Bilduri —seitik zazpira—, eta Elkarrekin Podemosek eta PPk bina ordezkari eskuratuko lituzkete.

Hori gertatuz gero, zortzi urtez gobernatzeko moduan egongo da EAJ. Zortzi urtez egon zen alkatetzan 1979tik 1987ra bitartean, aurrena Jesus Mari Alkain eta ondoren Ramon Labaien alkate zirela, baina, 2015era arte, jeltzaleak 28 urtez egon ziren Donostian gobernatu ezinik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.