Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

AZPIEGITURAK. Motel, baina aurrerantz

Abiadura handiko trena geldirik egon da ia legealdi osoan, baina abuztutik abian da berriz obra. Geroa Baik proiektua babestu du; beste bazkideek, aldiz, ez.

Adifek OHLri Alesbestik Azkoieneraino tartea adjudikatu eta lanak abuztuan hasi ziren, Martzillan. J.MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Bere garaian, Alvarez Cascos edo Jose Blanco Espainiako sustapen ministro ohiek promes egin zuten abiadura handiko trena 2010erako amaituta egongo zela. Obra erraldoi horren epemugak atzeratzen joan dira, eta gaur egun ez dago argi inoiz amaituko ote den. Hala ere, oraindik orain, Nafarroako politika baldintzatzen jarraitzen du. Legealdi honetan bertan, laukoaren artean desadostasun handien eragin duen gaia izan da: EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak bestelako tren eredu baten alde egiten dute, eta Geroa Baik, berriz, prestazio handiko trenaren alde egiten du, argi eta garbi.

Iragan astean, Nafarroa osoan azpiegitura horren aurka dauden taldeek «beharrazkotzat» jo zuten alderdiek AHTaren inguruko proposamenak mahai gainean jartzea. Martxoan, Europako Batzordeko Garraio Batzordeko agintariekin bilera egin zuten eta haiek baieztatu zieten proiektu horrek «bidaiariak bakarrik» garraiatuko dituela, eta hortaz ez duela salgairik garraiatuko, hainbat aldiz gobernuak iragarri duen modura. Aldi berean, Europako Batzordeak diru laguntzak murriztuko dituela aurreratu zien.

Finantzaketa erabakigarria gerta daiteke, etorkizunera begira. Iragan hurbilean ere proiektua bera goitik behera baldintzatu du.Bere garaian, 2010ean, Miguel Sanz orduko Nafarroako lehendakariak eta Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak, Eusko Jaurlaritzaren antzeko eskema errepikatuz, hitzarmena sinatu zuten: Nafarroak AHTa egiteko dirua aurreratuko zuen eta gero Espainiako Gobernuak itzuliko zion. Bi agintariek obren zein finantzaketaren egutegia zehaztu zuten. Krisiari obra publikoen bidez aurre egingo zitzaion garaia zen hura; baina bigarren atzeraldia etorri eta diru sarrerak, blast, zeharo erori zirenean, errealitatea nagusitu zen. Paper erre bihurtu zen egitasmoa. Castejondik Campanasera zihoan zatia baino ez zuen egituratua UPNren gobernuak. Inondik inora zihoan trena.

Legealdi honetan, Mariano Rajoyren eta Uxue Barkosen exekutiboak antzeko beste hitzarmen bat egitea izan dute hizpide, arrakastarik izan gabe. Borondate falta izatea aurpegiratu diote elkarri. Iñigo De la Sernaren ustez, Nafarroako exekutiboak «AHTaren aurretik» jarri zuen laukoan krisirik ez eragitea. Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko lehendakariordearen ustez, hitzak hitz, Madrilek ez du benetako asmorik azaldu AHTa osotasunean bultzatzeko.

Ondorioz, trenaren proiektua geldirik egon da ia legealdi osoan, baina iazko udatik, Espainiako Gobernuan PSOE sartu zenetik, egoera aldatu da. Apurka, diru publikoaren iturria zabaldu da. Alde batetik, iaz Adif enpresa publikoak Alesbestik Azkoienera bitarteko bost kilometroko trenbide zatia egiteko obra adjudikatu zion OHL enpresari, eta lanak abuztuan hasi ziren. Bestetik, AHTrako 80 milioi euroko aurrekontua jaso zuen aurtengo aurrekontu orokorren proiektuak, Alesbes eta Azkoien arteko zatia eta Azkoiendik Erriberri artekoa egiteko.

Aurrekontuak ez ziren onartu, eta ondorioz Madrilek ez du dirurik, baina bai adierazten du asmo politikoa. Halaber, azken asteetan Jose Luis Abalos Sustapen ministroa Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin biltzekoa zen Nafarroako trenbidea Euskal Yarekin nola eta non lotu zehazteko. Hauteskunde giroan murgilduta, bilera atzeratu egin dute hiru gobernuek.

Europatik finantzaketa murriztera doala ematen badu ere, motel, baina aurrera doa AHTa.

Alderdien proposamenak

Horren aurrean, EH Bilduk proposatzen du«obrak berehala etetea», eta apustu egiten du«nafarren premiekin bat eginen duen trenbide publiko, sozial eta jasangarri baten alde». Ahal Dugu-k salatzen du AHTak «gehiegizko kostuak» eragingo dituela enpresen mesedetan: «Egungo trenbidea modernizatzearen alde egiten dugu apustu, Nafarroako guneak elkar komunikatuko dituen tren soziala bultzatuz».

Geroa Baik «bidaiariak eta merkantziak» garraiatuko dituen «prestazio handiko trena» aldarrikatzen du. Halaber, «Irun?eko trenbide kiribila eta Euska Yarekin konexioa» bideratu nahi ditu, eta proposatzen du erabaki horiek ez liratekeela hartu behar Nafarroa aintzat hartu gabe. Antzeko proposamena du PSNk, eta kontzeptu bera erabiltzen du —prestazio handiko trena—. Navarra Sumak, berriz «merkantziak garraiatuko dituen trena» nahi du, eta helburu gisa jartzen du Espainiako Gobernuarekin hitzarmena lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.