Udalen osaketa Araban

Bastida. EAJrentzat makila, EH Bilduri esker

EAJk eta EH Bilduk eragotzi egin diote PPri aginte makila hartzea, eta Laura Perez jeltzalea izango da berriro Bastidako alkatea. EH Bildurekin gobernua osatzeak «egonkortasuna» ekarriko duela esan du Perezek.

Laura Perez Bastidako alkatea eta Silvano Garcia EH Bildu zinegotzia, pozik, inbestidura saioa amaitu ostean. BERRIA.
Edurne Begiristain.
Bastida
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ezusterik ez zen izan atzo Bastidako udaleko inbestidura saioan, eta, EH Bilduko bi zinegotzien babesari esker, Laura Perez Borinaga jeltzalea aukeratu zuten alkate. Perezen bigarren agintaldia izango da, baina oraingoan EH Bildurekin koalizio gobernua osatuta aginduko du. PPri alkatetza kentzeko asmoz, EAJk eta EH Bilduk elkarrekin gobernatzeko akordioaren lehen irudikapena izan zen atzoko saioa. Bere taldearen hiru boto jaso zituen Perezek, eta baita EH Bilduren beste biak ere. PPk maiatzeko hauteskundeak irabazi bazituen ere, bi indar abertzaleen baturak eragotzi egin zion Daniel Garciari aginte makila hartzea.

Goiztiarra izan zen Bastidako udaleko inbestidura saioa. Hamarretarako deitua zuten bilkurara, eta ordu erdi lehenagorako iritsita zeuden kazetari ugari bertara. Ikusmin handia piztu zuen saioak, eta herritarrek eta komunikabideek aise bete zuten udaletxeko areto txikia. Saioa hasi baino hamar minutu lehenago sartu ziren PPko, EAJko eta EH Bilduko hautetsiak bilkura aretora, isilik. Urduritasuna sumatzen zitzaien. Saioa bertatik bertara ikustera joandakoak ere antzera zeuden. Iñaki Oiartzabal Arabako PPko presidentearen aurpegierak iluntasuna erakusten zuen, eta etsipena eta haserrea ere bai. Aldarte alaiagoa zuten, berriz, Arabako EH Bilduko zenbait militantek eta ordezkarik.

Elizako kanpandorreak goizeko hamarrak jotzearekin bat ekin zioten bilkurari. Giro lasaian egin zuten bilkura, tentsio eta liskarrik gabe. Udalbatzako bederatzi hautetsiek gazteleraz eta euskaraz egin zuten euren karguaren zina, eta, jarraian, PPk eta EAJk alkatetzako hautagaiak aurkeztu zituzten. Daniel Garcia PPkoak bere taldearen lau boto jaso zituen, eta Laura Perez jeltzaleak, EAJren eta EH Bilduren bostak. Ez zen txalorik egon, eta alkateak makilarik ere ez zuen eskuetan hartu. Azken lau urteotako aulkian berriro eseri, eta hitzaldi labur bat baino ez zuen eskaini Perezek.

«Pozik» eta «harro» agertu zen Bastidako alkate hautatu berria, ez soilik beste lau urtez karguan jarraituko duelako, baizik eta EH Bildurekin batera gobernua osatu duelako. «Udalerriari egonkortasuna emateko gaitasuna dugu, eta kapazak izango gara alor askotariko proiektuak elkarrekin aurrera eramateko». Koalizio akordioa bi taldeen programetako ekarpenekin osatu dutela nabarmendu zuen, eta elkarrizketarako eta akordiorako atea irekita utzi zion PPri: «Batzeko konpromisoa daukagu, orain arte bezala».

EH Bilduko Silvano Garciak, berriz, EAJrekin batera politika «aurrerakoiak» garatzeko konpromisoa hartu zuen, «berdintasuna eta elkarbizitza» oinarri hartuta.

Alkatetza galduta ere, diskurtso eraikitzailea eskaini zuen PPko Daniel Garciak. Ez gaitzespenik, ez kexarik. Esker oneko hitzak baino ez zituen izan botoa emandako bastidar guztientzat, eta oposiziotik lan egiteko konpromisoa hartu zuen, «lau urte barru gehiengo osoarekin irabazi ahal izateko». «Pertsonak alderdiaren siglen aurretik» jarri eta «desberdinen» arteko elkarrizketa sustatzen jarraituko duela hitzeman zuen, halaber.

Garciak gobernua osatzeko eskaintza egin zien EAJri eta EH Bilduri duela bi aste, baina haiek baztertu egin zuten. Arabako PPk, gainera, berehala gaitzetsi zuen EH Bilduri egindako proposamena. Atzo, bilkura amaituta, Arabako PPko presidenteak gogor jo zuen EAJren eta EH Bilduren aurka, eta «lotsagarritzat» jo zuen ituna.

PPko buruak bere haserrea agertutako lekutik metro gutxira, pozarren agertu zen alkatea, EAJko eta EH Bilduko zinegotziekin batera. Udaletxearen atarian xanpain botila ireki, topa egin, eta elkar besarkatu zuten.

Guardian, Castañeda alkate

EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa Arabako Errioxako beste herri batean ere gauzatu zen. Guardian, Lucio Castañeda jeltzalearen hautagaitza babestu zuten EH Bilduk eta PSE-EEk, eta, hartara, hura aukeratu zuten alkate. PPk irabazi zituen bozak herri horretan ere, baina bere taldearen botoak baino ez zituen jaso Cesar Garcia de Olano alkategai popularrak.

PPren gotorlekua izan da Guardia, eta bigarren aldia da historian EAJk alkatetza lortzen duena. Castañedak «gobernatzeko beste modu bat» agindu zuen atzo, PPk egindako kudeaketatik «urrun».

PSEk EH Bilduri eman dio alkatetza Samaniegon

Urtaran elkarlan giroa sortzen ahaleginduko da

EAJk Zigoitiko alkatetza kendu dio EH Bilduri

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.