Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kultura

Kultura. Suspertze saiakera etena

Eusko Jaurlaritzak, Kultura Sailaren egitura propioa eta sailburuaren figura berrezarriz hasi zuen laurtekoa kulturgintzan, sektorea suspertzea ipar hartuta. Koronabirusak, ordea, kolpean eten du asmo hori.

Bingen Zupiria hautatu zuen Iñigo Urkulluk Kultur sailburuaren figura berrezartzeko. JAZKI FONTANEDA / FOKU.
Inigo Astiz
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Korridoreko azken koadroa orekatzen zebilela heldu zaio etxea hormarik gabe utzi duen urakana Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari. 2008ko krisiak erasandako kulturgintza berregituratzea izan da Bingen Zupiriak gidatutako taldearen erronka nagusia legealdi honetan, baina, azken txanpan, koronabirusaren krisiak kolpean eten du suspertzesaiakera hori. Museo nagusiek berriz ere obrak erosten hasi izanak erakusten du argien sailak egonkortasunerantz egindako bidea, baina lau urteotan bi talka nabarmen ere izan ditu sailak sortzaileekin. Haserrea piztu zuen, esaterako, iaz taberna eta aretoetako zuzeneko emanaldi kopurua murrizteko egindako proposamenak, eta, koronabirusarekin heldu da bigarren talka. Gobernuak larrialdiari aurre egiteko laguntzak abiatu arren, pandemiak argi utzi baitu sortzaileek bizi duten egoera prekarioa.

EGITURA INSTITUZIONALA

Sailburua erreskatatzea

Legealdia hastearekin heldu zenkulturgintza suspertzeko lehen keinu instituzional sendoa. Kultura Sailaren egitura independentearen eta sailburuaren figura berrezartzea erabaki zuen Iñigo Urkulluk bere bigarren agintaldirako, aurrez, 2012tik 2016rako tartean, Hezkuntza Sailaren barruan integratuta eduki ostean. Bingen Zupiria hautatu zuen sailburuaren figura berrezartzeko. Jose Antonio Ardanzarekin Lehendakaritzako prentsa arduradun izandakoa zen Zupiria, eta baita ETB telebista publikoko zuzendari, lehenik, eta Deia egunkariko zuzendari, ondoren. Eta, hain zuzen, 2008ko krisiaren ondorioei buelta ematea izan da krisiaren eraginez desagertu zen kargu horren egiteko nagusietako bat oraingoan.

MUSEOAK

Diru sailak eta berritzeak

Euskal Herriko museo nagusietakoa izan da suspertzearen argazkirik argiena. Austeritate neurriek eta ziurgabetasun egoerak geldiaraziak zituzten obraberriak erosteko diru sailak, adibidez, eta urteak ziren, besteak beste, Bilboko Guggenheim museoak, Gasteizko Artium zentroak eta Bilboko Arte Ederren Museoak lan berririk eskuratzen ez zutela. Azken urteetan, ordea, berriz ere, aspaldi hitzartuak zituzten erosketak egiteko aukeradute berriro ere.

Museoen mapa «ordenatzeko» borondatea ere azaldu du Kultura Sailak lau urteotan, eta, behin baino gehiagotan aipatu du, adibidez, Artium euskal arte garaikidearen erreferentziazko gune bilakatzeko asmoa. Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua ere onartu dute, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bilboko Udalarekin elkarlanean. Baina nabarmen moteldu du berregituratze horren abiadura koronabirusak, eta Bilboko Guggenheim museoak murrizketak egiteko aukera mahai gainean duela heldu da, azkenean, hauteskunde deialdia.

LIBURUTEGI DIGITALA

Digitalizaziorako urratsa

Legealdiak joan eta legealdiak etorri, agintzen zuen gobernuaren konposizioa edozein zela ere, historikoa izan da Euskal Liburutegi Digitala eratzeko asmoa. Proiektuari eskeleto zehatza eman dio oraingoan Zupiriaren taldeak, ordea. Sei langileko taldea aurreikusi dio, zehazki, eta Gasteiz aipatu dute kokalekutzat.

Norabide horretan jotzen du haizeak. Liburu eta filmen mailegu digitala ahalbidetzen duen eLiburutegia plataformak, esaterako,laukoiztu egin du bisita kopurua orain itxialdian, eta 46.530 erabiltzaileko gailurra jo du. Aurrez ere bazetorren joera horri erantzutea da iaz aurkeztutako liburutegi digitalaren proiektuaren helburua. Liburutegi digitala sortzera iristeko, hiru urteko epea aurreikusten du Jaurlaritzaren 2019-2021 Kultur Planak, ordea, eta ikusi egin beharko da birusak utziko duen egoera berriak eta eratuko den jaurlaritza berriak zenbateraino azeleratuko edo motelduko duen asmo hori.

KULTUR ONDAREAREN LEGEA

Kontsentsuaren fotoa

Legegintzaldiko kultur legerik garrantzitsuena izan da iaz onartutako Kultur Ondarearen Legearena. Kontsentsu zabala lortuta atera zen aurrera, gainera, PPk ez beste alderdi guztiek babestu zuten proposamena legebiltzarrean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kultur ondarea babesteko betebeharra ezartzen du legeak, eta, ondare materialaren kontserbaziorako neurriak jasotzeaz gain, ondare immateriala babesteko neurriak ere zehazten ditu. Hala, besteak beste, euskal kulturarekin lotutako ahozko tradizioak, erritualak, artisau teknikak, bertsolaritza, musika, dantza, gastronomia eta kirola babesteko urratsak biltzen ditu. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakundeekin elkarlana ere aurreikusten du legeak,bestalde, eta, hitzez hitz aipatzen ditu «euskararen lurraldeak».

Ondare industriala babesteko beharra ere ezartzen du legeak, eta historikoki gutxietsiak izan diren talde sozialen baliabideak, oinordetzari eta jakintzari egiten dio erreferentzia legeak; esaterako, emakumeek garatutakoari.

IKUSKIZUNEN DEKRETUA

Behartutako atzerapausoa

Justu kontrako irudia eman zuen Jaurlaritzak Ikuskizunen dekretuarekin. Bakardaderik erabatekoenean gelditu zen gobernua lege proposamen hartan, eta agerikoa izan zen sortzaileen artean sortutako haserrea ere. Kulturari dagokion alorrean, ordura arte «linbo» batean zeuden tabernetako kultur eskaintzak eta kontzertuak arautzea zen dekretuaren helburua, Zupiriak legebiltzarrean adierazitakoaren arabera. Legeak taberna eta aretoetan eman zitezkeen emanaldiak murriztea proposatzen zuen horretarako. Urtean hamabi kontzertuko muga ezartzen zion, esaterako, emanaldiak egiteko lizentzia espezifikoa ez zuten tabernei.

Berehala sortu ziren protestak, eta ehunka sortzaile eta aretok egin zuten bat Ateak Ireki izeneko plataformarekin. Segurtasun Sailak bultzatu zuen lege aldaketa hura, berez, baina Kultura Sailaren eta sortzaileen arteko talkak hartu zuen protagonismoa berehala. Kulturgileen aldera lerratu zen oposizio osoa, eta baita iritzi orokorra ere, eta, azkenean, atzera egin, eta gobernuak bertan behera utzi zuen emanaldiak mugatzeko asmoa. Gatazka hark arrastoa utzi zuen, ordea, ordura arte jendaurrean karranka ozenegirik piztu gabe joandako lau urtekoan.

COVID-19 ETA LAGUNTZAK

Sektorearen haserrea

Koronabirusak ekarri du bigarren talka. Kargua hartu eta hasieratik beretik izan zuen ahotan sortzaileen egoera hobetzen saiatzeko asmoa Zupiriak, eta sektoreko langileak babesteko asmoa biltzen du, esaterako, hurrengo hiru urteetarako 2019an aurkeztutako Kultur Planaren lehen puntuak ere. Pandemiak ezarritako itxialdiak, ordea, agerian utzi du kulturgileek bizi duten prekaritate orokortua, eta bi hilabeteko geldialdiak egoera larrian utzi ditu haietako asko.

Laguntzarako hainbat diru sailjarri ditu abian Zupiriak gidatutako taldeak larrialdi egoera horri erantzuteko, baina neurri horiek ez dute sektorearen ezinegona baretu. Ehunka euskal sortzailek egin zuten bat, esaterako, apirilean egindako bi eguneko itzalaldi digitalarekin, eta, zalantza eta kezka giro horretan, haserrea piztu zuten lehen laguntzak banatzeko ezarritako irizpideek ere.

Laguntzek eurek baino gehiago, dirua banatzeko moduak piztu ditu kritikak. Kultur formakuntza bultzatzeko aurreikusitako 2,5 milioi euroko diru sailaegokitu zuen Jaurlaritzak estu ziren sortzaileak laguntzeko, lehen kolpean. Egitasmoak, ordea, autonomo jakin batzuei bakarrik aurreikusi zien deialdira aurkezteko aukera, eta kanpo utzi zituen inoren kontura zebiltzanak. Moldatu egin zuten hori bigarren buelta batean, baina haserrea piztu zuen sortzaileen eskariak aztertzeko ordena zozketa bidez egingo zela jakiteak ere. Beste bi laguntza deialdi gehiago ere egin ditu sailak geroztik. Kultur enpresa txikiak laguntzeko bi milioi euroko diru saila onartu du, batetik, eta 640.000 euro jarriko ditu liburugintza, ilustrazioa, zinema, arte plastikoak eta digitalizazioa laguntzeko.

Neurri batean, itxialdiari zirrikituak agertu ahala joan da apalduz protesta hotsa ere, baina, pandemiaren eraginez, oraindik ere murriztuta daude zuzeneko emanaldiak egiteko aukerak, eta, ziurgabetasun egoera horretan, sortzaile askoren ezinegona ez da baretu. Eta tentsio horretan helduko da bozen eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.