Udal eta foru hauteskundeak. Politika fiskala

Zergak. Hiru zerga eredu aurrez aurre

Eskuineko alderdiak kexu dira Nafarroak «zerga lehiakortasuna» galdu duelako, eta zergak asko jaistea dute xede. Geroa Baik eta PSNk kohesio sozialaren eta jarduera ekonomikoaren arteko oreka proposatzen dute; EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak «erreforma sakonagoa» nahi dute.

 Parlamentua. Ikusi beharko da hilaren 29tik aurrera zer gehiengo osatzen diren Nafarroan. NAFARROAKO PARLAMENTUA.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2023ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

Marketinaren garaiotan, zerga sistema ez da gai erraza kanpainan eta hartatik kanpo. Haatik, haren garrantzi politikoa ukaezina da, proposamenen edukiak zehazten baitu proiektu baten funtsa. Izan ere, autogobernuaren eta ondorioz ongizate estatuaren zutarria dira zergak, haien gaineko erabakimenak zehazten baitu zer-nolako diru sarrerak izango diren eta nola finantzatuko diren zerbitzu publikoak. Laburbilduz, zergen arloan, ñabardurak ñabardura, hiru eredu nagusi daude aurrez aurre: UPN eta PPrena; PSN eta Geroa Bairena; eta EH Bildu eta Zurekin Nafarroarena.

Ikusi gehiago:«Doikuntzak» ala errotiko aldaketa

Herritarren poltsikoari eragiten dioten heinean, populismoan erortzeko tentazioa handia izan daiteke. UPNk eta PPk legealdi osoan eta kanpainan ozen salatu dute nafarrak direla okerren tratatutako herritarrak. Espainiako erregimen komuneko lurraldeen aldean, eta arabar, bizkaitar eta gipuzkoarrekin konparatuta, nafarrek«zerga gehiago» ordaintzen dituztela gaitzetsi du irmo Javier Esparza UPNren presidentegaiak. Inflazioaren ondorioz zerga bilketa nabarmen handitu dela eta, herritarrei gerrikoa estutu zaiela eta Ogasuna zerga biltzaile huts bihurtu dela uste du. «Inoiz ez dugu hainbeste zerga ordaindu».

Berez, UPNk boterea galdu duenetik, zortzi urtez, Nafarroa «zerga infernu» bihurtu dela adierazi du behin eta berriz Esparzak, eta «sortzen diren baino enpresa gehiagok alde egiten» dutela. Infernu horretan sua hauspotzen duen arduradun politiko bat dago, UPNren irudiko: EH Bildu. Zerga autonomia Nafarroa «txirotzeko» baliatu izana leporatzen die sozialistei eta batik bat EH Bilduri.

Izan ere, UPNren iruditerian, abantaila izateko eta «zerga gutxiago» ordaintzeko erabili behar da zerga autonomia. Jarduera ekonomikoa, aurrezkia eta kontsumoa sustatzeko, zergak jaistea proposatu du: errenta zergan, kapital irabazien tasa jaitsiz eta familientzako kenkariak proposatuz. Sozietate zerga ere beheratzea nahi du. Esparzak, baina, ez du esaten zenbat kostatuko den zergen jaitsiera: «Jarduera handituko dugunez, gehiago bilduko dugu».

Oreka gorde nahirik

Nafarroako Gobernuko bi bazkide izan diren neurrian, PSNk eta Geroa Baik aurre egin nahi izan diote eskuinaren diskurtsoari. Legealdiaren erdian, Navarra Sumak antzeko zerga jaitsiera iragarri zuen, eta, orduan, PSNk gaitzetsi zuen «500 eta 700 milioi euro arteko kostua» zuela. PSNren arabera, ez dago enpresen ihesik, UPNk gobernua utzi zuenean baino «5.000 enpresa gehiago daudelako, eta 54.000 afiliatu gehiago Gizarte Segurantzan». Errealitateak zerga infernua kolokan jartzen duela deritzo.

Geroa Bairen esku egon da Garapen Ekonomikoko Departamentua, eta, koalizioak nabarmendu duenez, legealdian 3.000 milioi euroko inbertsioak erakarri dira. Koalizioak proposatzen du zerga sistema etengabe berritu behar dela, eta oreka bat gorde: batetik, «ekoizpen sektorearen beharrak eta enplegua sortzeko ahalmena zaindu; bestetik, ongizate estatuaren gizarte babesa finantzatu». PSNk ere «lehiakortasunaren eta progresibotasunaren arteko oreka» du helburu.

EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak, berriz, progresibotasunean sakondu nahi dute, eta «gehien dutenek gehiago ordaintzeko beharrari» heldu. Bi indar horientzat, hortaz, zerga politika aberastasuna berriz banatzeko erreminta nagusia da, eta enpresei eta kapital errentei esfortzu handiagoa galdegin nahi diete. Koalizio abertzaleak argi dio zerga presioa «hiru puntu» handitu nahi dutela BPGarekiko, Europako estandarrekin parekatzeko. Uste dute egun indarrean diren kenkariak berrikusi behar direla, egiaztatzeko zerga onura horiek helburua betetzen ote duten.

Halaber, egungo ondare zerga fortuna handien zerga bilakatu beharko litzatekeela deritzote. Sozietate zergari dagokionez, berriz, eredua aldatzea proposatu du EH Bilduk, «enpresaren tamainaren araberako zerga tasen sistematik enpresa irabazien araberakora pasatu, eta hiru mailatan bereizita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.