Udal eta foru hauteskundeak

Zaintza. Sistema ahul bat sendotzeko erez

Izurriak zedarritu du legealdia; lehen baino agerikoago utzi du zaintza sistema egituratu baten falta. Talde politikoak, oro har, bat datoz: eredu berri bat behar da. Esaten ari dira tokiko hainbat proiekturen bitartez etorkizuna irudika daitekeela, baina eredu orokor baterako urratsa falta da.

Kalean. Egoitzetako egoiliarren senideek eta pentsiodunek deitutako protesta bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Pandemia heldu zen 2020an, jardunbide ia denak guztiz zedarritu eta mugatu zituen hainbat hilabetez, eta, testuinguru horretan, zaintza sistema trinko baten falta inoiz baino agerikoago geratu da iragan legealdi honetan. Zaharren egoitzetako egoerak ekarri zituen, besteak beste, goiburu ugari: COVID-19a bereziki erasokorra izan zen adinekoekin, eta gaitzaren ondorioak ezin izan zituzten hesitu egoitzetan: Hegoaldeko zahar etxeetan, gutxienez 1.800 egoiliar hil zituen 2020ko martxoaren 1etik 2023ko irailaren 11ra bitartean. Bakarrik hil behar izan zuten askok, eta egoiliar ia denek hilabeteak egin zituzten bakartuta. Eskolak itxita, adingabe askoren zaintza ere kolokan geratu zen. Eta familiek aparteko zama beren gain hartu zutelako bermatu ahal izan zen mendeko askoren arta. Aurrez ere hedatzen hasia zen zaintzaren gaiari lotutako ardura, eta saihestu ezinezko gaia da orain. Kanpainan talde politikoek egindako agerraldietan, legealdi berrirako asmoak xehatzeko aurkeztu dituzten dokumentuetan, badira horri buruzko gogoeta eta proposamenak.

Legealdi honetan, zaintzarekin erlazionatutako aldarrien inguruan egituratutako taldeek lehen lerrora eraman dituzte hainbat gai garrantzitsu. Esaterako,auzitan jarri dute zaintzen berrordainketa; zaintzarekin lotutakoek zerbitzu publiko izan behar dutela adierazi dute, eta sistema publiko baten barruan bermatu behar direla. Gizarte zerbitzuen eta osasun sistemaren arteko arrakalak ere agerian utzi dituzte, eta horiek tapatzen ez diren heinean sistema beti herrena izango dela ohartarazi dute; sistemaren osotasun falta hizpide hartuta, herrialdeka antolatutako eredua bateratzeko eskeak ere egin dira.Ozen eskatu dituzte egun zaintzaile egoiliar askok zaintza behar dutenen familiek kontratatuta egiten duten lana desagerrarazteko politikak ere. Horren harira kritika ere egin diete erakunde publikoei; izan ere, administrazioak familiei zaintzarako emandako prestazioen ondorioa dira kontratazio horiek usu.

Zaintzaren inguruan ardaztutako hainbat elkartek egindako eskariak dira horiek guztiak, baina akademiako hainbat eragile ere defendatzen ari dira auzi horien gainean gogoetatzeko beharra, egungo sistemak gabeziak dituela ohartarazita. Feminismoak, halaber, bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua aldarrikatzen segitu du, eta, beste behin, ezinbesteko eragilea izan da horretan.

Igaro legealdi honetan, etengabe egon dira albisteen lehen lerroan zaintzarekin lotutako langile kolektiboen aldarriak ere; Hego Euskal Herriko herrialde guztietan protestetan ari dira, adibidez, zahar etxeetako langileak, lan baldintza hobeen eske. Lantaldeak indartzeko ere eskatzen ari dira, argudiatuta gaur egun ezin dutela arta egokia eman.

Gatazka horiek guztiak pandemia aurretik zetozen, eta gordindu egin dira orain. Eta zaharren zaintzaz bestelako arloetan ere, badira sektorea ahula dela erakusten duten zantzu gehiago. Bizkaian adimen urritasuna dutenei arta ematen dieten zenbait elkartetako beharginak, adibidez, grebara atera dira bozen atarian, baldintza hobeak eskatzeko.

Adostasuna

Mahai gainean tamainako auziak izanda, talde politiko gehienek hartu dute hizpide zaintzaren gaia hauteskundeen giroan. Bereziki, populazioaren zahartzeak dakartzan arazoei begira aipatu dute. Erronka kolektibo handia dela onartu dute, eta zaintza zerbitzuak ezinbestean indartu eta hobetu beharko direla datozen urteetan. Denek onartu dute oraindik lortu ez den eredu baterantz jo behar dela bide horretan, eta zaintza «hobetzea» izango dela xede behinenetariko bat datorren legealdian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ondu dituzten analisietan, talde politikoak bat datoz diagnostiko horrekin, eta alderdi guztiek egin dituzte proposamenak arlo horretarako. Nafarroan jarria dute oinarri bat: Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek zaintzen arloko itun bat sinatu du hainbat eragilerekin legealdi honetan, eta hor sakontzea da PSNren asmoetako bat.

Egun tokikoak diren egitasmo batzuek geroa irudikatzeko izan dezaketen garrantzia nabarmentzeko orduan ere, bat datoz hainbat talde politiko; adibidez, EH Bilduk eta EAJk, besteak beste, kanpainan nabarmendu dute Usurbilen (Gipuzkoa) zaintzarako martxan jartzen ari diren egitasmo berritzailea eredutzat hartu behar dela. EAJ Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidez ari da proiektu horretan parte hartzen, eta EH Bildu, berriz, Usurbilgo alkatetza berea delako. Bien ustetan, proiektu eredugarria da.

EAJk, halaber, Gipuzkoara begira behin eta berriz nabarmendu du Adinberri zentroak izango duen garrantzia: adinekoen bizi kalitatea hobetzea eta zahartzaro aktiboa eta osasuntsua sustatzea du helburu, eta Pasaian (Gipuzkoa) izango du egoitza. Alde horretatik, jeltzaleek, tokiko egitasmo zehatzez harago, Gipuzkoa gainerakoan ere aitzindari dela adierazi dute, eta 30 zahar etxetan aldaketa nabarmenak egiten ari direla. Kanpainan, PSE-EEk ere nabarmendu du Gipuzkoa «abangoardista» dela egun zaintzen arloan, eta landutako horretan oinarrituta hobera egin behar dela orain. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osorako eredu baten alde ere egin du PSE-EEk: «Gizakidetza» eratzea nahi duela azpimarratu du.

Ñabardurekin

Hitz potoloak albo batera utzita, zehaztasunetan, talde politikoen arteko ñabardurak argiak dira etorkizuneko sistemaren gakoak zein diren iragartzeko orduan. Guztiek nabarmentzen dute «pertsona erdigunean» nahi dutela, eta sistema «berritzaile» bat behar dela. EAJk egun indarrean dagoen sistema hobetu nahi du horretarako. Erakundeak, familiak, enpresak, gizarte erakundeak eta boluntarioak nahi ditu sare hori antolatzeko lanean.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk, berriz, sistema «publiko» baten beharra defendatu dute. «Zaintza sistema publiko eta kolektibo baten» alde egin du propio koalizio abertzaleak. Hautagaiak bat etorri dira adjektibo horiek nabarmentzeko orduan, eta, areago, kritikatu egin dituzte egun sistema «pribatizatzeko» egin diren ahaleginak. Elkarrekin Podemos-IUk propio «publikoa lehenetsi» behar dela adierazi du. Zurekin Nafarroak, berriz, mendekotasunen bat dutenen artan diharduten zentroen «merkantilizazioa» salatu du. Proposatu du, halaber, adinekoen egoitzetako zerbitzuak indartzea fisioterapeuta eta psikologoekin.

Ikuskera bi

Taldeek ematen dituzten mezuen arteko aldeak agerikoak dira zaintzaren arloan dauden auzi agerikoenei dagokienez ere. Zahar etxeetako langileen protesten harira, enpresekin negoziatzeko dituzten zailtasunen inguruan solastatu dira askotan langileen ordezkariak, eta laguntza eskatu diote administrazio publikoari; argudiatzen dute haren ardurapekoa dela adinekoen arta, eta egoitzetako toki asko itunpekoak direla, gainera. Horiek horrela, erakunde publikoek lan gatazketan parte hartu behar dutela aldarrikatu dute. Egoiliarren senideek ere, elkarteetan antolatuta, bat egin dute eske horrekin. Uste dute administrazioaren parte hartzerik eza dela gatazkak betikotzearen motiboetako bat, eta hor eragin egin behar dela.

EAJko eta PSE-EEko hautagaiek adierazi dute, ordea, ezin dutela iritzirik eman gaiaren inguruan, langileen eta enpresen arteko gatazkak direla horiek, eta administrazioak «neutral» jokatu behar duela halakoetan. Aldeei eskatu diete ahaleginak egin ditzatela akordioak lortzeko. Horixe da igaro urteotan, oro har, foru agintariek, jeltzaleen esku, usuen azaldu duten jarrera. Adierazi dute egoiliarren arta ona «bermatzea» dela beren ardura, horretarako «kontrolak» egitea dagokiela, baina ezin dutela egin hortik apartekorik. PSE-EEk bat egin du horrekin. Alor pribatura begira, hainbat hautagaik agerian utzi dute esku hartzeak egiteko borondatea. EAJren Arabako ahaldungai Ramiro Gonzalezek esan du egoitza pribatu batzuetako langileen soldatak itun kolektibo baten bidez igo beharko liratekeela, eta akordio horren alde lan «handia» egin dutela.

Elkarrekin Podemos-IU eta EH Bilduko hautagaiek adierazi dute administrazio publikoek gatazka horietan esku hartu behar dutela. Urteotan langileei babesa emateko ahaleginak egin dituztela gogoratu dute, egoiliarren senideek eratutako elkarteei ere sostengua erakutsi dietela, eta zerbitzu publikoak diren heinean hor sortzen diren gatazkei erantzukizun «publikoz» erantzun behar zaiela. Hari mutur horri segika, zerbitzuen «pribatizazioa» gaitzetsi dute, eta arta hori egun «multinazionalen» esku uzten dela ere salatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.