Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Osasuna

Osasuna. Pandemiak agerian utzi ditu ezinak

Erdigunean egon ohi den gai bat da osasuna, eta igarotzear den legegintzaldian ere eman du zeresana, batez ere lan eskaintza publikoko probetan azaleratutako iruzurrarengatik. Birusak ere bete-betean eragin du azken hilabeteotan, eta begien bistan utzi ditu osasungintzan dauden zenbait hutsune.

Ospitalea. Osasun langile bat Galdakaoko ospitalean, COVID-19aren aurkako materiala soinean. ANDONI LUBAKI / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Ezohiko hauteskundeak izango dira Eusko Legebiltzarrrerako hauek. Apirileko lehen deialdia atzeratzea ekarri zuen pandemiak, eta orain, COVID-19aren agerraldien itzalpean iritsiko da uztailaren 12ko bozketa. Izurritearen ondorioz, osasun arloak aurreko bozetan izan ez duen pisua hartu du kanpaina honetan, bai mezuetan, bai formetan: maskarak jantzita eta distantziak gordeta agertu dira hautagai gehienak. Gainera, koronabirusaren krisiak agerian utzi ditu osasun sistemak dituen mugak eta gabeziak, eta mahai gainean jarri du osasungintza publikoaren garrantzia.

Osasun sistema publikoaren aldeko aldarria egin dute alderdi gehienek hauteskunde programetan eta kanpainan. EAJ «osasun sistema unibertsala, publikoa, kalitatezkoa eta bidezkoa» izatearen alde agertu da: «Pertsona guzti-guztien osasuna eta ongizatea lehentasunezko helburutzat dituen osasun sistemaren alde». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sistema publikoa Europako sistema publikorik «onenetako bat»izatea nahi du. Horretarako, sistema «integratu eta sendo bat» nahi du; besteak beste, koronabirusak eragin bezalako osasunkrisiei erantzuteko gai izango dena.

EH Bilduk ere publikotasuna jarri du oinarrian. Haren arabera, SARS-CoV-2 birusak eragindako izurriak osasun sistema publikoa «are gehiago ahuldu» du: «Urteetako inertziek, hautu politikoek, planifikazio eta aurreikuspenik ezak ekarri dituzten ondorioak azaleratu egin dira COVID-19aren pandemian, eta Osakidetzaren egoera erreala erakutsi dute». Koalizioak konpromisoa hartu du Osakidetzaren pauso guztiak «publikotasun eta unibertsaltasun osorantz» bideratzeko.

Elkarrekin Podemosek, berriz, adierazi du osasuna eskubide bat dela, eta, beraz, osasun sistema «publikoa, unibertsala, integrala, solidarioa eta kalitatezkoa» defendatuko duela. Pribatizazioaren aurka ere egin du: «Osasuna eskubidea da, ez merkantzia».

PSE-EEren ustez, osasunerako eskubidearen kudeaketa publikoa ez da «baketsua»: «Mehatxu ugari dauzka». Alderdiak uste du ongizate estatuaren «zutabe garrantzitsu bat» dela osasuna, eta promes egin du horren funtzionamendu egokian jardungo duela: «Besteak beste, zerbitzuen horniduraren gehiengo publikoa mantenduko dugu, beharrezkoak diren baliabideak —ekipamenduak, pertsona kualifikatuak eta aurrekontuak— eta horien kudeaketa eraginkorra eta gardena ziurtatuta».

PP eta Ciudadanosen arteko koalizioak, aldiz, ez du osasunaren publikotasunari buruzko hitzik EAEko erakundeekin lotuta. Espainiara begira jarri da: «Osasun Publikoaren eta Asistentzia Kalitatearen agentzia nazionala eratuko dugu, pandemien jarraipena egiteko unitate bat izango duena, erkidego bakoitzeko ordezkari banarekin».

Lehen mailako arreta

Lehen mailako arreta hobetzea ere lehentasun gisa ezarri dute alderdi politikoek. EAJk eta EH Bilduk konpromisoa hartu dute langile gehiago trebatzeko, lehen mailako arretako profesionalen taldea finkatze aldera. «400 familia sendagile berri prestatuko ditugu, belaunaldi arteko erreleboa bermatzeko», adierazi du EAJk. Are, erizainen lana bultzatzeko asmoa ere badute jeltzaleek, lehen mailako arreta zerbitzuaren «oinarrietako bat» direla iritzita. EH Bilduk ere lehen arreta indartzeko asmoa du, eta horretarako, gutxienez, 300 langile berri hartzekoa. Gainera, erantsi du diziplina askoren arteko elkarlana sustatu behar dela, eta lehen arretaren «desburokratizazioa» jarri du oinarrian.

Bide beretik, Elkarrekin Podemosek ere konpromisoa hartu dulehen arretako lanpostuak areagotzeko, hala nola familiako medikuena eta pediatrena. Langile horiei autonomia handiagoa eskaintzeko asmoa du, baita ebazteko gaitasun handiagoa ematekoa ere: «Herritarren osasun arazoen %80 konpondu ditzakete».

PSE-EEk eta PP-C's koalizioak ere alorrak duen «ikusezintasuna» konpondu nahi dute, eta horretarako, besteak beste, osasun prozesuetako partaideen arteko koordinazioa hobetu: «Helburua gaixotasunaren diagnostiko goiztiarra egitea da, tratamendu eta jarraipen egokia lortzeko, gehiegizko medikazioa saihesteko eta proba diagnostikoen eskaera behar ez bezala ez igotzeko».

Buru osasuna

Azken hilabeteetan pandemiak eragindako estutasunen ondorioz, buru osasuna artatzeko zerbitzuen inguruko kezka ere areagotu egin da. Alderdi gehienentzat geroz eta garrantzitsuagoada gaia: guztiek jaso dituzte horren inguruko proposamenak programetan, PSE-EEk izan ezik.

EAJk, batetik, osasun mentalerako laguntzak «sakontzeko eta bultzatzeko» asmoa du; eta, bestetik, ongizate psikikoa hobetzeko eta buru osasunari lotutako «faktore negatiboak» murrizteko programak ezarriko ditu.

EH Bilduk ere osasun mentala indartu nahi du, eta, besteak beste, Bigarren Hezkuntzako eskoletan arlo horretako profesionalak txertatuko ditu: «Gazteekin hainbat lan egingo dira ikastetxeetan, hala nola autoestimua, mendekotasunak eta buru gaixotasunak lantzeko». Hain zuzen, eskoletan sail berezituak sortzea da haien helburuetako bat.

Elkarrekin Podemosek nabarmendu du buru osasunari buruzko plan bat sustatuko duela, eta horretarako finantzaketa espezifikoa eskatuko duela: «Osasun mentalari emandako aurrekontuak urriak dira, ez baita lehentasun bat agenda politikoan». Hori irauli nahian, koalizioak arloa koordinatzeko eta sustatzeko agentzia bana sortu nahi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hala ezin bada, hiru lurraldeetarako agentzia bat, bederen. Haien arabera, horrek aukera emango luke laguntza sareak indartzeko, senideen eta gaixoen elkarteei baliabide gehiago emateko eta buruko gaixotasunen «estigma» desagerrarazten laguntzeko.

PP-C's-ek ere buru osasuna sistema publikoaren barruan bultzatzeko asmoa erakutsi du: nahasmendu larrienen arreta lehenetsi nahi du, haurren, gazteen eta zaharren kasuetan batik bat.

Herritarrengandik gertu

Herritarren autonomia garatzeko eta haiek ere erabaki guneetan egoteko proposamen jakin batzuk egin dituzte talde politikoek. EAJk, PSE-EEk eta PP-C's-ek pazienteenganako hurbiltasuna sustatu nahi dute, eta horretarako, Interneterako konexioa erabili. «Telemedikuntzako aplikazio berriak garatuko ditugu, pazienteak eta familiak osasun langileekin harremanetan egoteko eta osasun arloa paziente bakoitzaren egoerara gehiago hurbiltzeko», adierazi du EAJk. Esaterako, sakelako telefonoetarako aplikazio bat sortzea da asmoa, osasun karpeta ikusi ahal izateko. PSE-EEren arabera, herritarrei «informazio eta autonomia handiagoa» eskaintzen die sareetarako sarbideak, eta, beraz, kontsultak sarean egitea proposatu du, betiere bertako informazioak profesionalen onespena jaso ostean.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere herritarrak izan dituzte gogoan, baina zuzeneko parte hartzeaz mintzatu dira. Osasun kontseiluak aktibatzea eta herritarrak erabaki guneetan sartzea du xede lehenak: «Osasun arreta Osakidetzako lehen lerroan jartzeko eta osasuna guztion artean zaindu eta sustatzeko, kontseiluetan, erabaki guneetan herritarrak txertatuko ditugu». Eskualdeetako kontseiluak sendotu nahi ditu, eta herritarrak trebatzeko estrategiak abiatu.

Elkarrekin Podemosek, berriz, lege berri bat proposatu du, herritarrek osasun zentroetan zuzeneko parte hartzea izan dezaten: «Herritarren, gizarte eragileen eta profesionalen parte hartzea bultzatuko da osasun erakunde integratuetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.