Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kronika

Eguneko kronika. Maskaren azpiko galderak

Maskara jarrita bozkatu behar izan dute herritarrek, izurri betean. Asteon kasuek izan duten oldarraldiaren harira, Ordiziara begirako lerroburuek aparteko indarra hartu dute; airean zebiltzan itaun asko biluz-biluzik geratu dira herri horretan, eta denbora beharko da erantzuteko.

2 DAVID AGUILAR / EFE.
arantxa iraola
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun

Izurriak antzaldatu egin ditu jarduera asko, eta atzoko bozetan ere izan ziren aparteko ezaugarriak, inoiz ikusi gabeak. Beste jarduera asko egiteko beharrezkoa den moduan, maskarak eramatea ezinbestekoa izan zen; eskuak garbitzeko baliabideak jarri ziren, botoa deus ukitu gabe emateko irizpideak eman ziren, eta pilaketarik ez sortzeko neurriak; hori horrela izan zen botoa emateko antolatu ziren leku guztietan. Hara irudia atzo goizean Errenterian (Gipuzkoa); jende ilara zegoen Merkatuzarren jarri zituzten bozkalekuetara sartzeko zain. Hara helduta, mahai bateko kideak dena ondo zihoala azaldu zuen: «Hemen, barruan, ez dugula pilaketarik izango agindu digute». Ez zen betetzen zaila: toki zabala da, egokia. Kanpoan zailtasunak agerikoagoak ziren; maldatxo bat igo behar da hara iristeko; justu heltzen ziren hainbat adineko. Ilaran, elkartasuna: «Pasa lasai: telebistan esan dute lehentasuna duzuela edadekoek». Lezioa ondo ikasita joan ziren herritar asko. Pasadizo hutsez harago, ordea, deialdi honek galderak utzi ditu: galdera handiak.

[YouTube]https://youtu.be/924Gm7m6xf0[/YouTube]

Osasuna bermatzeko hartu behar diren neurrien inguruko galdera handiak sortu dira, eta, areago sufragio eskubidearen ingurukoak; izan ere, botoa eman ezinik geratu dira birusaren ondorioz bakartuta dauden herritarrak, eta botoa aski egoera berezian eman ahal izan dute birusa duten ziur ez dakiten arren badaezpada ere «prebentzio» neurri gisara bakartuta daudenek. Ehunka pertsona dira erkidego osoan. Galdera zailak sortu dira horren harira: maskarek ezin dituzte ezkutatu.

Begirada asko Ordiziara (Gipuzkoa) zuzendurik egon ziren atzo. Ezin bestela izan: asteon han COVID-19 kasuek izan duten oldarraldiak —dagoeneko 73 positibo dagozkio— boz hauen berezitasunak ageriago azaldu ditu herri horretan: biluziago. Hedabide ugari egon ziren herrian, goiz-goizetik. Udalak aste osoan argi adierazi ditu bozen «segurtasunaren» inguruko zalantzak, eta aparteko neurriak hartu zituen atzo herritarren osasunean pentsatuz hartutako erabakiak «indartzeko».

Eguerdian, Ordiziako Beti Alai pilotalekuan zebilen Adur Ezenarro alkatea, hauteskundeetarako propio han antolatu zituzten mahaietan. «Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez ditu neurri gehigarriak hartu, eta udalak bere gain hartu ditu», adierazi zuen. Mahaietan zeudenak babesteko estalkiak, babes maila handiagoko maskarak, pilaketarik ez sortzeko aparteko baliabideak, talde kalteberek botoa azkarrago emateko bideak... Udalak sustatutako neurriak izan ziren. «Eta herritarrek eskertu egin didate. Izan ere, ordiziarrek behar zuten erantzun ezberdin bat», azaldu zuen Ezenarrok. Oroitarazi zuen herrian hainbat neurri ezarrita daudela kasuen oldarraldiari aurre egite aldera: maskara erabiltzea, esaterako, ezinbestekoa da une oro han; tabernetako jarduera ere mugatuta dago, eta beste hainbat lekutakoa ere bai. Udala aste osoan ibili da bueltaka, osasun baldintzak nola beteko, eta, goragoko instituzioekin izan duten harremanari begira, arrangura ezin duela ezkutatu onartu zuen alkateak; erakunde autonomikoek, «anaia handia» balira bezala, tokiko erakundeei «goitik» begiratu dietela sentitu du. Horiek horrela, «tokiko erakundeek duten potentzialitatea» aintzat hartzera deitu zuen: «Guztientzat kaltegarria dela iruditzen zait birus hau leku jakin batera heltzen denean, bertako jakinduria ez erabiltzea». Baina osasuna ez zen Ordiziako kezka bakarrik izan atzo; izurriak guztiz zedarritu ditu iragan hilabeteak, eta aski zen atzo goizean alderdi politikoek egin zituzten adierazpenak entzutea egoeraren bereziaz jabetzeko; «segurtasuna» eta «osasuna» izan zituzten hizpide.

Sufragio eskubidea

Udalak egindako kalkuluen arabera, Ordizian 40 bat lagun geratu ziren atzo botoa eman ezinik COVID-19arekin kutsatuta daudelako. «Gero, berrehundik gora pertsona daude kontaktu zuzena izateagatik berrogeialdian, nahiz eta PCR positiboa ez izan», azaldu zuen Ezenarrok. «Azken horiei mahaiko kide izaten ez zaie utzi; botoa ematen, bai». Egoera horiek artegatasuna eta ezinegona sortu dituzte herrian, eta beste biderik ezin ote zen landu: galdera horixe du alkateak. «Deigarria egiten da, gaur egun, XXI. gizaldian, bere gabezia guztiekin, baina baliabide handiak dituen erkidego honetako administrazioa ez gai izatea honelako egoera batean botoa emateko eskubidea bermatzeko». Birusaren ondorioz bakartuta daudenen gain «zama» handiegia jarri dela ere uste du: «Esan da, esate baterako, delitu bat egingo dutela botoa ematen badute. Zuri dagokizu haiei segurtasunez botatzeko bide bat ematea, eta, hori eskaini ez, eta, gainera, oraindik ere erantzukizun handiagoa bota nahi diezu pertsona horiei?», galdetu zuen. Argi du ez dela Ordizian amaitzen den arazo bat: «Oso bide arriskutsua ireki dezakete hauteskunde hauek; oso aurrekari arriskutsua izan daitezke». Itaun handiak plazaratu zituen Ezenarrok. Kalean, igandeetako giroa zen nagusi: terrazak beteta, solaserako giroa. Maskararekin. Kartelak ere edonon daude; jarrita eraman behar dela diote: beti.

Botoa ematetik

Botoa ematetik irteten zen jendearen artean ere, lasaitasun giroa nagusi. Frontoian botoa emanda atera ziren bazkaltzeko orduaren inguruan Nekane Apaolaza eta Imanol Otegi. Lasai eman zuten botoa. «Hein handi batean, norberaren izaeraren araberakoa da hori», azaldu zuen Apaolazak. Onartu zuten, hori bai, botoa ematera joan aurretik etxean ondo «prestatu» zituztela eraman beharreko guztiak, ez gorabeherarik izateko han tokian bertan. Otegik, hala ere, hauteskunde hauen inguruan zalantza handiak dituela adierazi zuen: «Bertan behera utzi behar lituzkete hauteskunde hauek. Egoera honetan ez ziren egin behar».

Ordu horrexen bueltan, botoa eman eta gero, Mireia Olangua, amama besotik zuela atera zen. «Oso lasai dago dena. Udala lan ona egiten ari da». Aste guztian Ordiziaren inguruan zabaldu diren berriek «kezka» sortu dutela onartu zuen, eta ardura pizte aldera erabili behar direla orain. «Baina ezin gara beldurrez bizi». Boto emaileen artean, 100 urteko andre bat ere bai: Juani Exposito. Etxeko batek lagunduta iritsi zen, eta kazetariei adierazi zien ahal izan duen orotan bozkatu duela: «Gernikako Estatutuaren gaineko bozketa egin zenetik». Parte hartzea batez bestekoa baino handiagoa izan zen: %55,92.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.