Maider Galardi
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. BOZGORA

Harrapazank

2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Ekologistek diote arriskutsua dela arraste-arrantza ekosistemarentzat. Itsas zabalera irteten dira ontziak, sare erraldoia bota, eta harrapatzen duten edozer jasotzen dute. Arrain batzuk balekoak dira, baina asko dira uretara itzuli behar izaten dituztenak. Soberakinak bota bitartean, ordea, asko dira oxigenorik gabe hiltzen diren arrainak. Ingurumenarentzako ondorioak ez dira samurrak: ozeano hondoa urratzen dute, arrain txikiena ere har dezakete, kutsadura sortzen du, eta zaborra pilatu. Etekinei begiratuta, ordea, «zero arriskuko» jarduera da: prezio onean saltzeko adinako arrain kopuruarekin ailegatzen dira itsasontziak portura. Metaforarako egokia da: arrantzan eta politikan, bietan egiten dira kanpainak.

Eusko Legebiltzarreko bozen kanpaina «zero arriskukoa» izaten ari dela iradoki dute hainbat kazetari eta adituk. Alderdi guztiek mantendu nahi dute, gutxienez, joan den legealdian izan duten ordezkari kopurua, eta, pandemiaren ostean, segurtasunaren eta kudeaketa onaren aldeko diskurtsoak dira nagusi. Baina politikan, arraste-arrantzan bezala, bada dena harrapatu nahi izateko joera bat. Itsasontziak nola, badira alderdi orohartzaileak gurean ere. Eta, bozetarako bost egunen faltan, eta inkesta gehiago argitaratu ezin direla, irten dira guztiak ozeano zabalera, hondoan dagoena ere arrantzatzeko asmoz.

Independentziaren aldarria «desfasatuta» dagoela dio Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak, eta enpresariei «lasaitasuna» eskatu die, gobernuan segitzekotan ez omen dutelako «Katalunian bezala» aldebakarreko biderik urratu nahi. Azken hauteskundeetako joera ikusita, askok aipatu dute PPren hainbat boto poltsikoratu dituela EAJk urteotan.

Paradoxikoki, alderantzizko irudia eman du Carlos Iturgaizek azken egunetan. Sekulakoa da argazkia: PPko buru Pablo Casado eta Ciudadanoseko presidente Ines Arrimadas Gernikako arbolaren gerizpean. Espainiako eskuineko buruak publikoki elkarrekin agertu diren lehen aldia da, eta aurreskua ere izan zuten ekitaldian. «Foruzaleak gara konstituziozaleak garelako», aldarrikatu zuen Casadok, EAJk azken urteetan hartutako botoak berreskuratu nahian.

Ezkerrean ere, antzeko gertatzen da. Hirukoaren ideiarekin segitzen du Elkarrekin Podemosek, eta zentrora jo du Idoia Mendiak. Xake-matea EH Bildurena da: atzo jakinarazi zuten Sindicato de Estudiantes ikasle sindikatuaren babesa dutela —Espainiako taldea da, eta askotan ez dira bat etorri bertako ikasle eragileen agenda politikoarekin—. Eta ezker-eskuinerako dutenez, «altzairuzko EAJ» lortzeko botoa eskatu zioten atzo jeltzaleek Bizkaiko Ezkerraldeko «langileriari».

Ikusteko dago, ordea, arraste-arrantzaren estrategia horrek zein ondorio izango dituen datorren astelehenetik aurrera ekosisteman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.