BOZ GORA
Kanpaina beltzean murgilduta
Hauteskunde soziologian, kanpaina beltza edo kanpaina iluna zera da, emaitzetan eragiteko helburua duena hautagai bati zuzenean eraso eginez eta hari buruzko informazio negatiboak haizatuz, informazio horiek egiazkoak zein gezurrezkoak izan. Normalean, kanpaina horiek ez dira alderdien egitura ofizialetatik bideratzen, eta beste batzuen esku uzten dira, baina egileek lotura izaten dute kanpainaren biktima den hautagaiaren aurkariekin, zuzenean edo zeharka.
Kontzeptuak gaurkotasuna hartu du EH Bilduren diputatu Oskar Matuteren kontra sarean barreiatu den bideoaren harira. Ustez, bideoa «Espainiako ezkerraren sektore kritiko batzuek» egindakoa da. Orain arte, inork ez du azaldu sektore horiek zeintzuk diren, eta bideoa ez dago ikusgai Espainiako ezkerraren inongo webgune edo sare sozialetan, baina oso denbora laburrean bideoa bolo-bolo barreiatu zuten normalean EAJren aldeko edukiak hedatzen dituzten kontu ugarik. Eta horrek, noski, susmoak piztu ditu.
Sarean sortu eta ordu gutxira iraungitzen diren hamaika polemika horietako bat izan zitekeen bideoarena, baina, joan den asteartean EAJk Barakaldon (Bizkaia) antolatu zuen mitinean, EBBko presidente Andoni Ortuzarrek erabaki zuen ideia ona zela egile ezagunik ez duen Interneteko fake news bati eztabaida politikorako lehengaiaren kategoria ematea, eta, horretaz luze eta zabal aritzeaz gain, «azalpenak» ere eskatu zizkion... Matuteri.
Gero batzuk harritu egingo dira eta kezkaz mintzatuko dira politikaren desprestigioaz, herritarren atxikimendu faltaz eta enparauez.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.