Maider Galardi F. Agirre.
BOZGORA

Aitaren etxeak iraunen du zutik

2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun

Emakumea ez dela jaiotzen, egin egiten dela zioen Simone de Beauvoirrek. Sexu-genero sistemaren arabera moldarazten dira rolak: emakume izendatuak otzana behar du, baina ez estuegia; emozionala, baina ez beldurtiegia; espazio publikoan egoteko arazorik ez duena, baina protagonismo handirik ez duena; zaintzailea dena, eta sumintzen ez dena. Feminitatea bestetasunean eraikia izan da. Maskulinitatearen bestetasunean, alegia. Gizona da eredua, benetako izakia; unibertsala. Hori guztia ez dena, berriz, andrea.

Horregatik, lehendakari diogunean, gizon bat datorkigu burura —horregatik, eta Eusko Jaurlaritzako burua beti izan delako gizonezkoa—; politikaz ari garenean, egiteko manera batzuk irudikatzen ditugu: planta sendokoak, eztabaidarako kementsuak eta «nortasun» handikoak. Baina emakumea egin egiten dela esateaz gain, egin egiten dutela esatea ere ez da astakeria. Are gutxiago, ETB2ko asteazkeneko eztabaidaren aurretik adituen mahaiko aurkezleak Idoia Mendia eta Maddalen Iriarteren janzkeraren gaineko aipua egin zuela aintzat hartuta. Hurrengo orduetan zetorren maskulinitatearen eta feminitatearen performance-aren abisu moduko bat izan zen.

Irmo ageri zen Iñigo Urkullu jarduneko lehendakari eta EAJko zerrendaburua. Esaten zuenarekiko erabateko sinesmena zuela irudikatu zuen etengabe, baita emandako datuak okerrak zirenean ere. EH Bilduko Iriartek zioen Ordizian (Gipuzkoa) COVID-19arekin 35 kutsatu zirela; eta Urkulluk, ezetz. Tira eta tenka, hitz egiteko eta egoteko moduagatik soilik, egia jeltzaleak zioela zirudien azkenerako. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko hautagaia ere moztu zuen sarri Urkulluk. Ez, ordea, Joserra Becerra Equokoa eta Carlos Iturgaiz.

Sarean, batek baino gehiagok aipatu zuen Becerrak irabazi zuela eztabaida, bere proposamenak bota zituela, eta kito. Baina horretarako ere behar da «egoteko modu bat», behar dira ziurtasuna eta ausardia. Ezaugarri horiek izan zituen Iturgaizek ere. Bati eta besteari egin zien aurre, nahiz eta gainontzeko hautagaiek jaramonik ez egin. Hitza hartzeko eta eztabaida bereganatzeko arazorik ez zuen izan.

Bestelakoa izan zen andre hautagaien presentzia. Batek irri urduria, besteak ziurtasun gutxi, eta PSEko Mendia non egon zen galdetu zuenik ere izan zen. Kontua ez da, ordea, ongi ala gaizki egin zuten. Kontua da zer irizpideren araberakoak diren eztabaida formatuak, eta zeinentzako den gune erosoa edo arrotza.

Eusko Legebiltzarra izan daiteke astearteko platoaren isla. Inoizko andre legebiltzarkide gehien egon dira joan den legealdian, eta, aurten, hautagaien erdiak dira andreak. Baina politika egiteko eredua feminista ez den bitartean, aitaren etxeak iraunen du zutik, eta Ajuriaenean gizonak segituko du maizter.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.