Hizkuntza gaztetu nahian

Korsikeraren koofizialtasuna eztabaida politikoaren ardatzetako bat da irlan, Ajacciok ezezkoa jaso duelako Paristik. Nolanahi ere, jada badituzten eskumenetatik abiatuz, hizkuntza suspertzeko lanean ari dira.

jon olano
Corti
2014ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Qui parlemu corsu. Hala dio Korsikeraren Kontseiluak Cortin duen egoitzako atean itsatsita dagoen itsasgarriak: Hemen korsikeraz egiten dugu. Arnasguneak behar ditu korsikerak ere, eta horiek sortzeko eta zabaltzeko lanetan ari da kontseilu hori.

145.700 lagun inguru dira korsikeraz mintzatzeko gai eta 86.000-130.000 inguruk darabilte, 2013ko abenduan argitaratutako aurreneko Inkesta Soziolinguistikoaren arabera. Arazoa, baina, hiztunen eta hizkuntza ezagutzen dutenen adinean datza; zenbat eta gazteago, orduan eta apalagoa da korsikeraz dakitenen eta hitz egiten dutenen batez bestekoa. Bi datu: korsikeraz gai dira 65 urtetik gorakoen %75 eta 18-24 urte artekoen %37; erabileran, berriz, 65 urtetik gorakoen %64k eta 18-24 urte artekoen %26k jarduten dute hizkuntza horretan.

Hizkuntza hezkuntza sisteman txertatzean dago, beraz, korsikera suspertzeko gakoetako bat. Horretarako eskumena Frantziarena da, baina Korsikako Lurralde Kolektibitatearekin hitzartuta, astean gutxienez hiru orduz ikasten dute ikasleek irlako hizkuntza. Gurasoak elebitasunaren aldekoak dira: %52k nahi dute eskolan korsikera eta frantsesa neurri berean erabiltzea, eta %39k nahiago dute korsikera hautazko ikasgaia izatea.

Eta etxean? Hor ere eragin handia du adinak hizkuntzaren transmisioan; 65 urtetik gorakoek diotenez, sei urte zituztenean korsikera zela %30en ama hizkuntza, eta %54rena frantsesa. Orain 18-24 urte dituztenei galdetuta, berriz, diote sei urte zituztenean %2k egiten zutela korsikeraz etxean, eta %70k frantsesez.

Komunikabideen eskaintzan, berriz, handia da desoreka irlako bi hizkuntzen artean: telebistan, France 3 Via Stella Frantziako kate publikoan ikus ditzakete korsikerazko hainbat saio; irratian, RCFM —publikoa— elebiduna da, baina gehiago darabilte frantsesa; eta prentsa idatzian, Corse Matin da egunkari nagusia, eta apenas idazten duen korsikeraz.

Eztabaida politikoan

2008an koofizialtasunaren aldeko mozio bat aurkeztu zen Korsikako Biltzarrean, baina ez zen onartu. 2011n mozio bera aurkeztu zen, eta onartua izan zen, eta, 2011tik 2013ra, Korsikako Biltzarreko alderdi guztietako hautetsiak, sindikatuak eta hainbat arlotako eragileak bildu zituen lantalde bat osatu zuten, korsikeraren sustapena gizarteratzeko; 30 bilera egin zituzten, eta 2013ko maiatzean, koofizialtasun estatutua bozkatu zuten: 36 boto alde eta hamabost abstentzio; inor ez kontra. Kontrako botorik ez egoteari garrantzi handia ematen dio Sebastien Quenot Korsikeraren Kontseiluko Cortiko bulegoko buruak: «Ordura arte, estatuak zioen: «Korsikarrak ez zaudete ados zuen artean ere; beraz, ezin dugu aurrera egin». Orain, estatuak ez daki nola erreakzionatu, lehenengo aldiz ados gaudelako hizkuntzaren, zerga sistemaren eta abarren inguruan».

Debekurik ez dagoen esparruetan urratsak egitea beharrezkotzat jotzen du Quenotek, nabarmenduz herritarren zilegitasuna dutela horretarako: korsikarren %90k nahi dute etorkizunean gizartea elebiduna izatea, eta %7k baino ez dute nahi gizarte frantses elebakar bat. 2011-2014 eperako ekintza plan bat izan dute horretarako, eta bertan proposatu dute, besteak beste, hezkuntzan murgiltze eredua ezartzea eta Interneten .csc domeinua sustatzea. Etorkizunerako plangintza egiten ari da Quenot, Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko Ekintza Plana eredu gisa duela.

Musika dute indargune nagusi; %93k entzuten dute musika korsikeraz. Baita abestu ere esparru jakin batzuetan. Bastiako futbol taldeko zaleak jarri ditu Quenotek adibidetzat: «Klubak 10.000 bazkide ditu, eta hiriak, 40.000 biztanle; hori izugarria da. Eta taldearen aldeko kanta guztiak dira korsikeraz. Hori oso garrantzitsua da hizkuntzaren aldetik». Zale horiek «modu espontaneoan» korsikeraz abestea garaipentzat du Quenotek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.