Agustin Gutierrez. Euskadiko Sendagileen Sindikatua

«Auzitara jo behar dugula? Ba, joango gara, baina hau argitu egin behar da»

ARITZ LOIOLA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Euskadiko Sendagileen Sindikatuko bozeramailea da Agustin Gutierrez. Orain arte egindako azterketen emaitzak aztertu ditu sindikatuak, eta iruzur zantzuak aurkitu ditu hamabi espezialitatetan. Gutierrezek dio iruzur zantzuak «nabarmenak» direla. Auzia argitu beharraz ohartarazi du.

Osakidetzak hiru espezialitateko oposizioak geldiarazi ditu behin-behinean. Nahikoa da hartutako erabakia?

Iruzur zantzuak aurkitu genituen espezialitate guztietatik hiru baino ez dira, baina oso ongi iruditzen zaigu. Hori da auzia azaleratu zenetik Osakidetzari eskatu dioguna: iker dezala gertatutakoa, eta horren arabera jardun dezala ondoren, kaltetuak hiru, bost, zazpi edo bederatzi izanda ere. Guk ere hala egin dugu, baina gu ez gara adituak horretan. Osakidetzak adituei eskatu beharko lieke ikertzeko: Eustati, Euskal Herriko Unibertsitateari... Berdin digu nori, baina Osakidetzarekin harremanik ez duen erakunde bat izan beharko litzateke.

Halere, beste bederatzi arlotan ere aurkitu dituzue iruzur zantzuak. Horiek ere geldiarazi egin behar dira?

Beharbada bai. Baina argi dugu eman beharreko aurreneko pausoa ikerketa estatistiko bat egitea dela. Hiru egun baino ez dira behar horretarako. Horren ostean, geldiarazi beharrekoak geldiaraziko dituzte.

Zuen ikerketaren arabera, bigarren azterketetan atzeman dira edukiak filtratu izanaren zantzu nabarienak. Azterketa horiek epaimahaiak prestatzen ditu. Haiek dira filtrazio horiek egin izanaren susmagarri nagusiak?

Ezin dugu filtrazio zantzuak daudela beste ezer esan. Datuek argi erakusten dute bigarren azterketetan atzeman direla susmo horiek, gehienbat. Filtraziorik egon da? Guk baietz uste dugu. Eta nork filtratu ditu? Ezagutzen zituenak.

Bi azterketen edukiak filtratu izanaren zantzuak ere aurkitu dituzue, nolanahi ere. Lehenengo proba prestatzea HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen ardura da. Zer ardura du erakundeak?

Guk ere pentsatzen genuen lehenengo proba HAEEren ardurapean egonda ez zegoela filtrazio arriskurik. Baina datuek kontrakoa esaten digute. Izan ere, batzuetan, lehenengo azterketa filtratu zelako zantzuak atzeman ditugu: Angiologian, esaterako. Badira bi azterketak filtratu izan direnaren zantzuak ere. Beraz, argi dago HAEEk ez dituela azterketak hemendik oso urrun prestatu. Ez daukagu horren inguruko daturik, halere. Datu hori Osakidetzak argitu beharko luke, agian, edota HAEEk berak: Nori eskatu zion azterketak egiteko? Zer erakunderi? Berak ez baitu azterketa prestatzen; beste norbaiti ematen dio ardura hori. Azterketa prestatu duenaren eta egiten duenaren arteko distantzia zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa da filtrazioak egoteko arriskua.

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak behin eta berriz nabarmendu du frogarik ez dagoela, eta inork balu mahai gainean jartzeko eskatu du.

Bai, ezaguna egiten zait probarik gabe sumorik ez egotearen argudio hori...

Hautagai asko eta asko hitz egiteko beldur dira, ordea.

Ulergarria zait, eta horregatik ari gara hainbat sindikatu salatzen. Hori bai: ez dugu inorekin lehiatu nahi honetan, hori oso argi daukagu. Denon onerako argitu behar da auzia; finean, Osakidetzaren kalterako da gertatzen ari dena, mediku guztientzat. Auzitara jo behar dugula? Ba, joango gara. Baina hau argitu egin behar da.

Jada 10.000 lagun inguruk egin dituzte azterketak; orotara, 42 espezialitateko hautagaiek. Baina beste 83.000 lagun falta dira oraindik azterketa egiteko, Jaurlaritzaren arabera. Horiek guztiek ba al dute prozesua guztientzat berdina izango den bermerik?

Bai, bai. Azterketak egiteko dauzkatenek bermeak dituzte. Filtrazio susmoak espezialitate jakin batzuei eragiten die soilik; gehienetan, hautagai gutxi dituzten medikuntza arloei. Argi daukagu, esaterako, 1.500 hautagai izan zituen lehen arreta zerbitzuko azterketa behar bezala egin zela; emaitzetan ere ez da ezohiko daturik atzeman. Gauza bera pediatriarekin, psikiatriarekin edota dermatologiarekin, besteak beste. 42 arlotako azterketak egin dira orain arte: hamabi azterketatan aurkitu ditugu iruzur zantzuak, baina 30 azterketetan, ez. Esperientziak diosku inoiz ez dela horrelakorik gertatu erizain, zaindari edota administraziolaguntzailetarako azterketetan; ez behintzat 1990az geroztik. Goi kargudunek emaitzak aldatu zituzten, eta kartzelara joan ziren haietako asko. Baina ez zien mediku azterketei eragin, hautagai askoko espezialitateei baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.