Euskal presoak. EPPKren bitartekarien kontrako polizia operazioa

Okerrak, tentsioak, zaurituak, atxilotuak

Abokatuen egoitzen aurrean zein atxilotuen etxe inguruetan tentsio uneak izan ziren herritarren eta polizien artean. Bilbon, Ertzaintzak gazte bat zauritu zuen buruan eta atxilotuta eraman zuen Basurtuko ospitalera.

Zauritutako gaztea, atxikita. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Trakets hasi zuen polizia operazioa Espainiako Barne Ministerioak, eta trakets amaitu zuen Ertzaintzak. 17:00etarako prestatuta zeuden atxiloketak, berri agentziek zabaldu zutenaren arabera. Barne Ministerioak, ordea, 15:06 zirenean igorri zuen hainbat atxiloketa egin zituztela zioen oharra. Ez zuen atxilotuen izenik eman, baina «ETAko kideen abokatuen egoitzetan» atxilotu zirela jasotzen zuen. Guardia Zibilak ez ziren oraindik abokatuen egoitzetarako bidean ere. 15:18etan, lau guardia zibil korrika iritsi ziren abokatuek Bilboko Elkano kalean duten bulegora.

Iturri horien arabera, eskaileratan harrapatu zituzten han bertan atxilotu zituztenak. Pare bat minuturen ondoren presaka iritsi ziren Guardia Zibilaren bi furgoneta. Operazioa egiteko lana zuten guardia zibilak, 15:30 pasatxo iritsi ziren zortzi patroletan.

Une horretan, bigarren ohar bat igortzen ari zen Barne Ministerioa: atxiloketak iragarriz bidalitakoa baliogabea zela zioen.

Kazetari eta kamerak bezala, berehala hasi ziren herritarrakabokatuen bulego inguruetan biltzen. Baita ertzainak ere. Auto bat lehenengo, eta gero, hiru furgoneta, banan bana joanak. Pixkanaka, gero eta herritar gehiago bilduz joan zen. Bertan izan ziren, besteak beste, EH Bilduko Laura Mintegi, Maribi Ugarteburu, eta Diana Urrea, Iñaki Goioaga senatari eta Ane Ituiño zein Jone Goirizelaia abokatuak. Ramon Lasagabaster Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko Juntako kidea ere bertaratu zen, eta miaketan ikuskari gisa aritzeko aukera izan zuen, hala eskatuta.

Lehen atxilotua 16:20an atera zuten guardia zibilek: Egoitz Lopez de la Calle. Herritarrek txalo artean eta animo oihuekin hartu zuten. 17:00 inguru zirenean eraman zuten Mikel Almandoz. Orduan ere, «Alde hemendik, utzi bakean!» oihukatu zuten herritarrek. «Hau al da zuen bakea?».

Ordu laurden beranduago atera zuten Jose Luis Campo, eta hamar bat minutu geroago Jon Enparantza. Itxaronaldia ordutan luzatu zen ondoren.

Orduek aurrera egin ahala, jende multzoa handituz joan zen. Ertzainak ere gehituz. Horiek, herritarrak urrunarazten aritu ziren, eta protestariak berotzen. Tentsio une handiak izan ziren. Handienak, 18:30 aldera. Jendetza, espaloietan kabitu ezinik zen. Horietako batzuk errepidean ziren, eta ertzainek hortik alde egiteko esan zieten. «Ez, ez, ez, errepresiorik ez!», erantzun zuten herritarrek. Atxilotuak askatu!. Eskuetan borrak, ezkutuak eta gomazko pilotak jaurtitzeko eskopetak zituzten ertzainak gero eta erasokorrago jarri ziren, espaloietan zirenak erasotzera egin arte. Gogor bultzatu zituzten. Lurrera eta paretaren zein autoen kontra bota, borraz jo eta astindu zituzten, kale bat beheragora kanporatu arte. Jipoiak banatu zituzten bidean, herritar batzuek Konponbidea. Erasorik ez! zioten txartelak erakusten zituzten bitartean. Gazte bat gogor jipoitu zuten. Autoaren kontra eta lurrera jaurti zuten. Kordeari eutsi ezinik geratu zen gaztea, buruan koskor handia zuela; bi eskuen artean nekez hartuko litzatekeen tamaina zuen koskorrak. Ertzainek atxiki egin zuten. Anbulantzian luzaro izan ondoren Basurtuko ospitalera eraman zuten, atxilotuta.

Laura Mintegi Iñigo Urkullu lehendakariari deika aritu zen bitartean. Harekin hitz egin zuen, eta bere ustez operazioa «bake prozesuaren aurkakoa» dela esan zion. Hortaz, Ertzaintzak ez lukeela bertan parte hartu behar. Handik atera arazteko eskatu zion. Ordubetera eman zuen hitz egindakoaren berri Mintegik, oraindik erantzunaren zain zela.

Bilbon baino beranduago iritsi ziren guardia zibilak Hernanira, furgoneta batean eta bost patroletan. Atea indarrez ireki, eta oihuka sartu ziren abokatuen egoitzara. Han ez zegoen inor. Geroago joan ziren bertan lan egiten duten bi abokatu araketan egon nahi zutelako, baina miaketarik ez zen hasi 19:00 aldera arte, Enparantza eta Campos eraman zituzten arte. Ertzaintza ere joan, eta tentsio uneak izan ziren.

Iruñean, etxean atxilotu zuten Asier Aranguren. Poliziek hiruzpalau orduz miatu zuten etxea, Amaia Izko abokatua berekin zela. Jendetza bildu zen inguruetan, eta Espainiako Poliziak jendea sakabanatu zuen.

Burlatako etxera 19:00etan eraman zuten Almandoz; ehunka lagunek oihuka animatu zuten. Antzeko egoerak ikusi ziren gainontzeko atxilotuen herrietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.