Frankismoa. Azken exekuzio ofizialak

Kutxak bete zigor

Gaur 38 urte, bost lagun fusilatu zituen Francoren erregimenak. Tartean ziren Juan Paredes Manot 'Txiki' eta Angel Otaegi Etxebarria ETAkideak.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2013ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Justizia egon da, errukia egon da. Izenburu hori zeukan Madrilgo ABC egunkariaren gaur 38 urteko editorialak, Francisco Franco diktadorearen Ministro Kontseiluak bost pertsonari heriotza zigorra ezartzea eta beste seiri barkatzea erabaki biharamunean. Gaur 38urte fusilatu zituzten hiltzera kondenatuak: ETAko Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi Etxebarria eta Espainiako FRAP Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriotikoko Xose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz. Egun berean fusilatu zituzten denak: Txiki Bartzelonan; Otaegi Burgosen (Espainia); FRAPeko hiru kideak Hoyo del Manzanaresen (Madril).

Franco hil aurreko azken exekuzio ofizialak izan ziren. Iturri ofizialetatik erregimenaren «justizia» eta «errukia» goratzen zuten egun berean, bi euskal herritar fusilatze pelotoiz eraitsi zituzten tenorean, Euskal Herria hiru eguneko greba orokorrean murgilduta zegoen. Tailer hutsak, lehorrean geratutako arrantzontziak, Poliziak tiroka sakabanatutako manifestazioak, egiten utzi gabeko hiletak... Prentsa frankistak nahi zuena esango zuen; diktaduraren betiko aurpegia erakusten zuten exekuzio haiek milaka euskal herritarrentzat. Halaxe geratu dira memoria kolektiboan. Halaxe gogoratuko dituzte gaur ere, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak deituta: Zarauzko hilerrian (Gipuzkoa) eguerdian puntuan, Deriokoan (Bizkaia) 19:00etan eta Gasteizko Santa Isabelekoan, 18:00etan. Iruñean, Udaletxe plazan egingo da Francoren biktima guztiak omentzeko ekitaldia, 19:00etan.

Justiziaren garrotea

«Bakea arriskuan jarri» nahi zutenei «lezioa» ondo erakutsi behar zitzaiela zioen ABC-ko 1975eko irailaren 27ko editorialak: «Justiziaren exijentzia mingarrien ondorio dira gaur bost exekuzio». Justizia. Militarra. Fusilatze piketeak erabilita Franco agintera ailegatu arte. Justizia zibilak garrotea zeukan lan horietarako. Francok sinbiosia inposatu zuen, bai fusilak bai garrotea erabiliz gerra jurisdikziopean. Baita gerra amaitu eta gerora ere.

«Frankismoko azken fusilatuek zalantzak izan zituzten azken unera arte: garrotez hilko zituztelako beldurrez egon ziren. Aurreko urteko martxoaren 2an, Salvador Puig Antich eta Georg Michael Welzel [Heinz Ches ezizenez aurkeztu zioten iritzi publikoari orduko segurtasun agintariek] garrotatu zituzten, eta ETAko eta FRAPeko militanteei ere berdin egingo zietela pentsa zitekeen», dio Pedro Oliver Olmo historialariak (Albacete, Espainia, 1962). EHU Euskal Herriko Unibertsitatean doktoratu zen, La cárcel y el control del delito en Navarra entre el Antiguo Régimen y el Estado Liberal tesiarekin(Kartzela eta delituaren kontrola Nafarroan Antzinako erregimenaren eta Estatu Liberalaren artean). Heriotza zigorraren erabilera ere behin baino gehiagotan ikertu du, bai Espainian bai Euskal Herrian.

«Francoren diktadura besteak hilez hil zen, eta gehien hil zuen moduan: fusilez», nabarmendu du historialariak. Heriotza zigorra ez zuen Francisco Francok asmatu, ordea. Aurrekari batzuk ditu, eta etenik gabeko soka batekin lotzen da zigorra ulertzeko modu jakin batera, Oliverren ustez: «Heriotza zigorraren erabilera aztertzeak aukera ona ematen du militarrek Espainian gatazka politiko uneen konponketan hartu duten zentralitatea neurtzeko».

Berako laurak

1923tik 1925era bitartean Espainiako agintari goren izan zen Miguel Primo de Rivera jeneralak, esaterako, 1924ko azaroaren 6an Beran (Nafarroa) atxilotutako lau errepublikanoren aurkako epaiketa eta heriotza helburu politiko nabarmenen arabera erabili zuen.

Espainiako armada burua altxatu nahian ari zen, 1921ean Afrika iparraldean lotsagarri geratu ostean; eta Katalunian langile mugimendu oso indartsua indargabetzeko ahaleginean. Erbestera joan behar izan zuten intelektual asko, gainera, oihartzun handia lortzen ari ziren nazioarteko foroetan.

1924ko azaroaren 14an, Iruñean, gerra kontseiluan epaitu zituzten Pablo Martin Sanchez (Barakaldo, Bizkaia), Enrique Gil Galaz (jatorri ezezagunekoa), Jose Antonio Vazquez Bouzas (Foz, Galizia) eta Julian Santillana Rodriguez (Burgos, Espainia). Akusazioa: Beratik barrena iraultza antolatzera sartu zen iraultzaile taldeko kideak zirela eta gelditzeko esan zieten bi guardia zibil tiroz hil zituztela.

Epaimahaiak errugabetzat jo zituen lau auzipetuak, haien aurkako froga falta argudiatuta. Zentsurak erabat kontrolatutako orduko prentsak, ordea, ez zuen epai horren berri eman. Prentsa horrexek erbesteko errepublikanoen «mehatxua» gai nagusi bihurtu zuen. Abenduaren 1ean, berriz epaitu zituzten lau gizonak, Madrilen, ordea. Haien aurkako frogarik gabe segitzen zuten, baina fiskalak «ziurtasun moral nahikoa» bazegoela argudiatu zuen. Hiru auzipetu erruduntzat jo —Vazquez Bouza errugabetu egin zuten— eta Iruñean abenduaren 6an garrotez hiltzera kondenatu zituzten. Indultu eskaerak ez ziren gutxi izan. Iruñeko gotzain Mateo Mujika Urreztarazuk ere eskatu zuen, baina alferrik.

Beratik Bergarara (Gipuzkoa). 1924tik 1897ra. Michele Angiolillo Lombardi anarkista italiarra abuztuaren 20an hil zuten, garrotez. Arrasateko (Gipuzkoa) bainu etxean Espainiako lehendakari Antonio Canovas del Castillo tiroz hil izanagatik. Espainia Filipinetako kolonia galtzeko zorian zegoen, eta garai bateko inperioaren urritze prozesua gero eta narmenagoa zen.

Kontseilu militar batek kondenatu zuen Angiolillo; prentsari dekretuz debekatu zitzaion haren inguruko albiste «atseginegiak» ematea, Angiolillo moduko anarkistei buruzko xehetasunak ematea «kondairak» elikatzea, batzuen begietara «martiri» eta «heroi» bihurtzea ekar zezakeela argudiatuta. Halako «apologia» delitu bihurtu zuten, eta, horregatik, The New York Times egunkaria izan zen bakarra Angiolilloren hil aurreko oihuaren berri ematen.

Zigorraren eboluzioa

«Germinal!» (jaioko dira besteak) oihukatu zuen Angiolillok exekutatua izan aurretik. Heriotza zigorraren aldeko mugimendua berriz ere indartzeko aukerak ba ote diren galdetuta, ezetz dio Oliverrek. Hainbat ikerketa egin ditu gai horri buruz. La pena de muerte en la sociedad vasco-navarra durante el siglo XX. Una reflexión sociohistórica (Heriotza zigorra XX. mendeko gizarte euskal-nafarrean. Gogoeta soziohistoriko bat) eta La pena de muerte en España (Heriotza zigorra Espainian) eman ditu, besteak beste.

1936ko uda odoltsutik aurrera gerraren kultura eta heriotza zigorra mugarik gabe haizatu zituen militarra, Francisco Franco diktadorea, 1975eko azaroaren 20an hil zen. Justizia militarreko zigor kodetik 1995ean kendu zuten heriotza zigorra ezartzeko aukera, baina Espainiako 1978ko konstituzioak aukera ematen du gerra garaian heriotza zigorra erabiltzeko.

«Gizartean, nik uste, joera jakin bat badago, kulturala nahi baduzu, heriotza zigorra neurri anker, garaiz kanpoko eta zibilizazioaren kontrako gisa ikusteko». Oliverrek, hala ere, presio talde jakin batzuen aurrean agintariak erakusten ari diren «zigor populismoa» nabarmendu du: «Gogortasuna eskatzen duen zigorraren kulturaren aurpegia dira presio talde horiek. Normalean, biktimak eta biktimen elkarteak dira eginkizun hori betetzen dutenak». Halakoen presioaren ondorioz ari dira gaur egun agintariak kartzela zigorrak gogortzen, haren ustez. «Eta kartzela ikertzen dugunok badakigu fisikoki eta psikologikoki suntsitzailea dela, pertsonak txikitu egiten dituela». Presoak kartzelan etxean edo oporretan baleude bezala aurkezteko joera, horregatik, «arinkeria handia» iruditzen zaio. «Delitugileen gizarteratzea ahaztu eta mendekuaren mezu zaharra berrezarri da». Aro modernoak bere egin du antzinako zigor logika, neurri batean. «Garai batean, heriotza zigorra zen mendekurako tresna; horren aurka, kartzela sistema goratu zuten aro modernorako bidean; orain, kartzela da mendeku tresna gisa ulertzen dena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.