Aske Gunea. Gazte taldeen iritzia

Epaiketa politikoak amaitzea nahi dute

Atzoko atxiloketak «garai zaharretako ekintzatzat» jo dituzte gazte antolakundeetako kideek. Ideiak ezin direla epaitu eta erakunde politiko bateko kide izatea ez dela delitua esan dute.

Ertzaintza gazte bat Aske Gunetik airean eramaten. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2013ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Erakunde politiko bateko kide izatea delitu ez dela argudiatuta, atzoko atxiloketak kritikatu dituzte Alternatiba, Ernai, EGI, PSE-EE eta EAko gazte antolakundeetako bozeramaileek eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan dauden antolakunde guztiek. Epaiketa politikoak amaitzeko garaia dela nabarmendu dute guztiek.

XABIER SOTO Alternatibako gazteriako bozeramailea

«Zigortutako gazte horien konpromisorik gabe ez litzateke posible hau guztia»

Aske Gunean parte hartu duten herritarrak zoriondu ditu Sotok, baita zigortutako gazteak ere. «Gazteen konpromisoa gabe ez litzateke hau guztia posible izango». Positiboa iruditzen zaio atxiloketen inguruan herritarrek izan zuten jarrera, «erresistentzia aktibo eta baketsuarekin egina».

GOTZON ELIZBURU Ernaiko bozeramailea

«Herri harresiak sendotasuna hartu behar du, epaiketa politikoak amai daitezen»

Gazteak atxilotu dituzten arren «garaipen bat» izan dela nabarmendu du Elizburuk. Egoera EAJren esku zegoela uste du. «Aske Gunekoek herri harresian parte hartzeko proposamena luzatu zioten. Baina argi utzi du zein den bere jarrera, Madrilgo aginduei men egin, eta ertzainak bidaltzea». Ertzainek izandako jarrera «lotsagarria» izan dela esan du; «jendea kolpeka eta iletik tiraka atera zuten; hainbat neskak salatu zutenez, bortxatu egingo zituztela esan zieten». Mobilizazioa «ikaragarria» izan dela esan du, baina oraindik auzipetu asko daudela epaiketa eta ebazpen zain. «Herri harresiak sendotasuna hartu behar du, epaiketa politikoak behin betiko amai daitezen».

KOLDO BILBAO EGIko bozeramailea

«Ezker abertzaleko jendeak ezer gertatzea nahi ez badu, ez da ezer gertatzen»

Erakunde politiko bateko kide izateagatik jendea atxilotzearen aurka azaldu da. «Atzo, beste garai batzuetan gertatzen zena gertatu zela uste dugu». Baina Ertzaintza horren erdian sartzea ez zaio ongi iruditzen. Ertzaintzak bere lana egin duela esan du. Lan hori ahalik eta lasaien egiten «ahalegindu» behar dutela azaldu du, baina, azkenean, «erresistentzia baketsua» egon arren lana errazten ez denean «horrelako gauzak» beti gertatzen direla. «Ezker abertzaleko jendeak ezer gertatzea nahi ez badu, ez da ezer gertatzen, eta beste zerbait nahi dutenean, lortzen dute».

ALAIN COLOMA PSE-EEko gazteriako bozeramailea

«ETA amaitzea zen Alderdien Legearen helburua, ez guztia ETArekin lotzea»

Justiziaren erabakiak errespetatzen dituzten arren, PSE-EEko gazteriako kideek pentsatzen dute inork ezin duela erakunde politiko bateko kide izateagatik soilik atxilotua eta espetxeratua izan. Epaiketa politiko guztiei buruz hori pentsatzen dute, ez Donostian zigortutako gazteen kasuari buruz soilik. «Espainiako Estatuari esango genioke Alderdien Legea ados gauden filosofia batekin sortu zela, baina hainbat alorretan muga hori pasatu dutela. ETA amaitzea zela helburua, eta ez guztia ETArekin lotzea».

ITSASO ANDUEZA Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko eleduna

«Pertsona bat delituzko ekintzaren bat egin badu soilik epaitu behar dute»

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko antolakundeek pentsatzen dute gazte mugimendu batean parte hartzea ez dela delitua. «Pertsonabat delituzko ekintzaren bat egin badu soilik epaitu behar da. Ekintza hori da epaitu beharrekoa». Ideiak ezin direla epaitu azaldu dute. Eta ezinbestekotzat jo dute bakearen eta justiziaren aldeko pausoak ematen jarraitzea. Gazte erakunde bateko kide izatea leporatuta zortzi gazte atxilotzeak, kondenan militantzia horretaz haratagoko bestelako delituzko ekintzarik leporatu gabe, «ez du gizartea bakera gerturatzen».

HARITZ PEREZ EAko gazteen idazkari nagusia

«Erresistentzia baketsuak eta desobedientzia zibilak irabazi dute Madrilen aurrean»

Donostiako Bulebarrean jarritako Aske Gunearen inguruan, balorazio «positiboa» egin du Haritz Perezek. «Erresistentzia baketsuak eta desobedientzia zibilak irabazi dute Madrildik bake prozesua saboteatzen dutenen kontrako borroka politikoa; baita handik agindutakoa betetzea besterik egiten ez duen EAJ alderdiaren kontrakoa ere». Ertzaintzak Bulebarrean izan duen jarrera gaitzetsi dute, erakutsitako jarrerak eta formek ez dutelako bat egiten Segurtasun Sailak aldarrikatzen duen «hurbiltasunarekin». EAko gazteek bat egin dute atzo iluntzeko manifestazioarekin eta gaurko martxarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.