Akordioari gorazarre

Urkulluk «ezberdinen arteko akordioa» goretsi du urte amaierako mezuan. Adostasuna barik «inposizioa» nagusitu dela dio EH Bilduk

Iñigo Urkullu, gaur zortzi, Gernika-Lumon, adierazpen instituzionala grabatu zuenean. JAVIER ZORRILLA / EFE.
gotzon hermosilla
2020ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «ezberdinen arteko akordioa» goretsi du Urte Zahar Eguneko mezuan. «Errazena da berdin pentsatzen dutenen artean etorkizunak nolakoa izan behar duen adostea», esan zuen, asteartean hedatutako mezuan; «zailagoa da, ordea, ezberdinen arteko akordioak sustraitzea eta zabaltzea». Ohi ez bezala, Gernika-Lumon (Bizkaia) grabatu zuen adierazpena, ez Ajuria-Enean.

EAEko autogobernuaren eguneratzeari buruzko eztabaidaz, uste du «jarrera ezberdinak bateratzeko ahalegina» egin behar dela, eta horrek «jarrera aldaketa» eskatzen duela; haren arabera, «elkargunea zabaltzeko bidea errespetua eta begirunea dira».

«Bateratzearen» kontzeptuaren inguruan harilkatu zuen Urkulluk urte amaierako mezua. Jose Antonio Agirre eta Jesus Maria Leizaola Jaurlaritzako lehendakari ohiak ekarri zituen gogora, eta esan zuen haien ezaugarria «desberdintasunaren gainetik bateratzeko gaitasuna» izan zela: «Ezbehar eta zailtasun handiz betetako aldian, euskal gizartea zerk bateratzen zuen bilatzen ahalegindu ziren». Urkulluren aburuz, bi lehendakarien ekarpenak «eredu» dira, eta horri jarraitzea proposatu zuen.

Aurrera begirako «erronkak» ere aipatu zituen Urkulluk adierazpen instituzionalean: enplegua eta «enpresa eredu berria» bultzatzea, erronka ekologikoa, demografia eta integrazioa. Azken horri dagokionez, azaldu zuen «berdintasuna eta elkartasuna» euskal nortasunaren osagai direla, eta gizarte politikak indartzearen alde azaldu zen.

Taldeen erreakzioak

EAJren bozeramaile Joseba Egibar bat etorri da Jaurlaritzako lehendakariak desberdinen arteko akordioaz esandakoarekin, «baina argi dago akordioak gauzatu ahal izateko borondatea ez ezik, proiektu politikoak lortzeko baldintza berak ere egon behar direla, denok izan behar ditugula joko arau berberak; ezin da ez betorik ez debekurik izan».

Urkulluk hitzaldian zerrendatutako «erronken» inguruan ere ados agertu da Egibar, eta horiei aurre egin ahal izateko «tresnak» behar direla azaldu du.

Aitzitik, «txinpartarik, ausardiarik eta lidergorik gabekotzat» jo du Urkulluren adierazpenaEH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovak. «Desberdinen arteko akordiaz» egindako aipamenari buruz, Casanovak adierazi du azkeneko bolada honetan ez dela horrelakorik egon, «Espainia sostengatzen duten alderdien inposizioa, ukazioa eta beto eskubidea» baizik.

PSE-EEko legebiltzarkide Jose Antonio Pastorrek esan dusozialistek ere babesten dutela «aniztasunaren errespetua eta akordioak bilatzea». Ahal Dugu-ko Yahcov Ruizek ontzat eman ditu «elkarrizketaren eta akordioaren aldeko aldarriak», baina deitoratu du Urkulluk bere diskurtsoan «emakumeak ahaztu» izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.