Heziberri, LOMCE eta PISA probei planto egitea eskatu du Hezkuntza Topaguneak

Martxotik ekainera arte sei azterketa iragarrita daudela nabarmendu dute. «Azterketa eta errebaliden lasterketa zoroa» dela salatu dute

Hezkuntza Plataformen Topagunearen agerraldia, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Hezkuntza Plataformen Topaguneak dei egin du martxotik ekainera arte egingo dituzten zenbait kanpo ebaluazioei planto egitera: Heziberriren eta LOMCEren ezarpenaren ondorioz egingo dituzten ebaluazioei, baita PISAko probei ere. Azterketa horiek egitea Euskal Herritik kanpo erabaki dutela hausnartu zuten atzo emandako prentsaurrekoan. Salatu dute proba horiek ez dituztela kontuan hartzen ikastetxeen eta ikasleen errealitatea. «Egoera itogarri hau jasangaitza da», kexatu dira plataformako kideak.

Martxoaren 5etik ekainera arte sei kanpo azterketa egongo direla ezagutarazi dute: 15 urteko ikasleentzat, PISA azterketa; Heziberrik eta LOMCEk jasotzen dituzten ziklo amaierako kanpo ebaluazioak, LHko 6. mailan eta DBHko 4. mailan; selektibitatea, Batxilergoa amaitzean; eta, azkenik, ISEI erakundeak LHko 4. mailan eta DBHko 2. mailan egingo duen ebaluazio diagnostikoa. ISEIrena izan ezik, gainerako guztiak «gure hezkuntza sistemei kanpotik inposatuak» direla azaldu dute, eta horiek ez egiteko eskatu dute.

Ebaluazio hezitzaile eske

Hezkuntza Plataformen Topaguneak gogora ekarri du ebaluazio hezitzailearen gaineko hausnarketa egin zutela eragileen artean, iaz. Handik hasi zuten bidean aurrera egin, eta ebaluazio sistema propioa eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, «kalifikazioak eta etiketatzeak baztertuko dituena», nahiz eta, euren ustez, administrazioek bide horretan aurrera egiteari «uko» egin dioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.