Eskoletan maskararen arauak arintzeko eskeak ozendu dira

EH Bilduk eskatu du LHn patioan maskara kentzeko. Etzi Haurrak Ere Baik protesta egingo du erabileraren aurka

2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
GASTEIZ. EH Bilduk eskatu du 12 urte baino gutxiago dituzten umeek aukera izan dezatela ikastetxeetako patioan eta ariketa fisikoa egiten ari direnean maskara kentzeko. Legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzak eskoletarako onetsitako azken protokoloa «premiaz» aztertzeko eskatuz. Gogorarazi dute irakaskuntza arloko hainbat eragilek ere eskatu dutela aire zabalean maskararen erabilera malgutzeko. Rebeka Ubera legebiltzarkideak ez du uste bidezkoa denik umeen egungo egoera: «Egungo egoera kontuan hartuta, ez du zentzurik 12 urtetik beherako ikasleei gainerakoei aplikatzen ez zaizkien irizpideak aplikatzeak, eta, hala, patioan ere maskara erabiltzera derrigortzeak». Haren hitzetan, txertaketari esker «babes maila handia» lortu da koronabirusaren aurrean, eta «larritasun maila» jaitsi da.

Haurrak Ere Bai familien sareak, bere aldetik, «planto egiteko» deia egin du, Lehen Hezkuntzan maskararen erabilera derrigorra izan ez dadin. Etzi, ikastetxeetako irteera orduetan, hamar minutuz, eskoletako sarrera eta jolastokietan eserialdiak egiteko deia egin dute. Horrela, «hezkuntzako profesionalak antolatu, batu eta aktibatzeko helburua» dutela esan dute.

Maskararen erabilerarako hartutako neurrien harira, horiek samurtzeko eskatuz, sinadurak biltzen jardun dute hainbat eskolatako gurasoek ere. Gasteizen hasi ziren. Gaur jakinarazi dute 7.000 izenpe lortu dituztela, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera eramango dituztela datorren astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.