Autogobernua hobetu beharra dagoela adierazi du Tejeriak

Euskal gizartearen beharrak betetzeko akordioa eskatu zuen, eta Legebiltzarraren 40 urteko historia goraipatu.

2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Eusko Legebiltzarreko lehen osoko batzarra eratu zenetik 40 urte bete ziren martxoaren 30ean, eta urteurren horren ospakizunak «behar bezala» egin ezin izan ziren arren, egunotan EHUko udako ikastaroetan hizpide izan dute gaia. Atzo bertan, Bakartxo Tejeria egungo Legebiltzarreko presidenteak eman zion irekiera ikastaroari, eta esan zuen aurrerapauso asko eman direla, baina zera nabarmendu:«asko dago oraindik egiteko». Tartean, Gernikako Estatutua eguneratuko lukeen autogobernurako akordio baten beharra aldarrikatu zuen, «euskal gizartearen egungo beharrak beteko lituzkeena». Alde horretatik, herritarren eskubide politiko, ekonomiko, sozial, linguistik eta kulturalak bermatzeko lan egiten jarraituko dutela nabarmendu zuen Tejeriak.

Denbora honetan guztian Legebiltzarrean ere aurrerapenak egin dituela azaldu zuen presidenteak: «Emakumeen presentziari dagokionez, duela 40 urte lau emakume legebiltzarkide izatetik, 40 izatera igaro ginen pasa den legegintzaldian, eta 36 oraingo honetan». Bere esanetan, gizartea garatu eta aldatzen joan den heinean, Legebiltzarra ere aldatu egin delako.

Halaber, denbora horretan guztian, gizartearen ongizate soziala bermatzeko tresnak bultzatu dituela ere esan zuen, besteak beste, Diru Sarrera Bermatzeko Errenta. Horrez gain, bake bidean egindako urratsak ere azpimarratu zituen, eta esan aurrerapenak lortu direla azken urteetan. «Zentzu horretan, ETAren desagertzea izan da nabarmenena; hala ere, elkarbizitzan lan asko dago egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.