Jaurlaritzak zabaldu egin nahi du Nahiko hezkidetza programa

Ikastetxe gehiagotara hedatu nahi du; martxan egon den urteetan, 20.000 umek hartu dute parte

2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
GASTEIZ. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak iragarri duenez, Emakundek «beste bultzada bat» emango dio Nahiko hezkidetza programari, «hurrengo edizioan ikastetxe gehiagotara irits dadin». Artolazabalek Nahikoren bertuteak azpimarratu ditu, haren hitzetan, programan parte hartzen dutenen arteko harremanak «hobetu» egiten direlako eta «errespetuzkoagoak» bihurtzen direlako. Hezkidetza programa hori martxan egon den hemezortzi urteetan, Lehen Hezkuntzako 20.000 haurrek parte hartu dute.

Artolazabal, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria egun programa indarrean dagoen ikastetxe batean izan ziren atzo bisitan, Santurtziko (Bizkaia) Serantes ikastetxean, herriko alkatearekin batera, eta bertan egin zituzten adierazpenok.

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, programarekin bat egiten duten eskolek bi ikasturtetan lantzeko konpromisoa hartzen dute. Azken urteetako parte hartzearen berri ere eman dute: edizio honetako azken bi ikasturteetan 49 eskolak, 364 irakaslek eta 6.000 bat ikaslek parte hartu dute. Artolazabalek argi du zein den xedea: «Programaren helburua da haurrek berdintasunarekin, errespetuarekin eta indarkeriarik ezarekin lotutako balioak barneratzea, eta balio horiek eguneroko gauza txikietara, hautuetara eta portaeretara eramatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.