Hungariari iheslariak legez kanpo atxikitzea egotzi diote

Luxenburgok erabakia hartu du mugan gelditzera behartutako migratzaile talde baten salaketaren harira

2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
BUDAPEST. Hungariako Gobernuaren aurka jo du Europako Justizia Auzitegiak, iritzita legez kanpo atxiki dituztela migratzaileak. Afganistandik eta Irandik joandako talde batek jarritako kexaren ondotik etorri zen erabakia, atzo. Migratzaileak Serbia eta Hungaria arteko mugan harrapaturik geratu ziren; igarotze eremuan asilo eskatzaileentzat prestatutako gune batean lehenik, eta hirugarren herrialdeetatik doazen eta euren babes eskaerak ukatuak izan direnentzako beste batean gero.

Luxenburgoko auzitegiaren iritziz, haiei «askatasuna ukatzearen parekoa» da han uztea, ezin baitute gunea «legez» utzi, eta Serbiara joanez gero zigortuak izango lirateke: galdu egingo lukete errefuxiatu estatusa lortzeko aukera.

Europako legediaren arabera, nazioarteko babesa eskatzen dutenek eta deportatu zain dauden hirugarren estatuetako herritarrak ezin dira atxikiak izan beste herrialde batera ezin joateko arrazoi hutsagatik. «Atxiki egin zituzten, hori egiteko arrazoien inguruko azalpenik edo neurriaren proportzionaltasunari buruzko argibiderik eman gabe». Atxikitzearen iraupenaz, Luxenburgok zehaztu du gehienez ere lau astekoa izan behar duela, asilo eskariari buruzko erantzuna jaso arteko epea, alegia.

Horiek horrela, migratzaileak aske uzteko eskatu zion Hungariari, edo atxikitzea ez den beste irtenbideren bat bilatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.