Tramiterako onartu dute Voxek harreren harira jarririko salaketa

Alderdi ultraeskuindarrak Hernani eta Oñatiko alkateak salatu zituen, eta Auzitegi Nazionalak aintzat hartu du

2019ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
MADRIL. Espainiako Auzitegi Nazionalak tramiterako onartu du Jose Jabier Zabaleta Elosegi Baldo eta Xabier Ugarte euskal presoei eginiko harrera ekitaldien harira Voxek aurkeztutako salaketa. Baldo uztailaren 27an atera zen libre Zuerako (Zaragoza, Espainia) kartzelatik, eta sorterrian egin zioten harrera egun berean, Hernanin (Gipuzkoa). Ugarteri, berriz, Oñatin (Gipuzkoa) egin zioten ongietorria; 22 urteko zigorra bete ondoren atera zen Topasko kartzelatik (Salamanca, Espainia).

Ongietorri horien harira, salaketa aurkeztu zuen Voxek Xabier Lertxundi eta Izaro Elorza Hernaniko eta Oñatiko alkateen, ekitaldiak antolatu zituztenen eta «ekitaldien hedapen eta publizitatean lagundu» zuten guztien aurka. Zehazki, alderdi ultraeskuindarrak salatu zuen «terrorismoa goratu» zela ekitaldi horietan, eta, beraz, Espainiako Zigor Kodearen 578. eta 580. artikuluak urratu zituztela. Orain, Voxek berak jakinarazi duenez, Auzitegi Nazionaleko 4. Instrukzio aretoak tramiterako onartu du salaketa. Gainera, epaileak prozedura bakarrean batu ditu Voxen salaketa eta AVT biktimen elkarteak aurkeztutako salaketa.

Gaia hizpide hartu zuen Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak; esan du «positiboa eta desiragarria» litzatekeela ezker abertzaleak eskatzea ez daitezela harrera publiko gehiago egin presoak espetxetik irtetean, eta «legeek eta epaileek diotenaz harago», eska dezala ekitaldi horiek modu pribatuan egitea: «Delituak egin dituzten pertsonak omentzea, publikoki eta modu deigarrian eginez gero, ez dira onargarriak ikuspuntu etikotik». Iñaki Oiartzabal PPko Arabako presidenteak, berriz, EAJri egotzi dio «beste alde batera» begiratu izana presoei ongietorriak egin zaizkienean: «Horiek dira benetan hau onartu dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.