ZUZENDARIARI

Bertso absurdo baten harira

Manolo Martinez Fernandez.
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun

Pasa den urriaren 2an, Gasteizen jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo faseko kanporaketan, Haritz Mujika Lasak, bertso hau kantatu zuen, bertan bildu ginen ehunka bertsozaleen aurrean:

Kaixo, entzule, hi Green kapital
ta Europako sinfonia
Gasteiza ekarri nautela baina
ez dakit non nagoen ia
hemen dena da Mercedes Vito
ta Alaves Baskonia
kanpokoaren gorazarrea
ta euskararen afonia
baino gurea erakustera
gatoz gaur zazpi momia
ea noraino hedatzen degun
bertsoaren sintonia.

Mingarria da bertsoa Gasteizko euskaldunentzat, oso, ia iraingarria, Euskal Herriko gainerako euskaldunentzat, era berean, absurdo/erridikulua beharko lukeen bezala. Zoritxarrez, ez da kontu berria edo bat-batekotasunaren emaitza, diskurtso zahar eta antigoaleko baten segida nekagarri bat baizik.

«Ez dakit non nagoen ia». Zergatik esan hori, egia ez denean? Zer adierazi nahi da? Urrun dagoela/gaudela? Nondik, baina? Baliteke bertsolaria Gasteizera lehenengo aldiz hurbildu izana eta, ezagutzen ez duenez, ez jakitea non dagoen. Edonola ere, bertakoekiko begirune eskaseko hasiera da, areago, errespetu falta handia, kanpora joan eta inoiz egin behar ez dena, ez Gasteizen ez inon.

«Gasteizen dena da Mercedes Vito, ta Alaves Baskonia, kanpokoaren gorazarrea (?) ta euskararen afonia». Bistan da bertsoa ez dela oso egokia, eta «betikoa, berriro» pentsatu genuen barruan geunden askok, hamaika aldiz entzun ditugulako edo, hobeto esanda, entzun behar izan ditugulako beste lurraldeetatik erdeinuzko komentarioak gure hizkuntza-egoera dela eta.

Baina gaur egun hori esatea arinkeria galanta da. Harrez geroztik denak berdin jarraitu du, ala? Pentsa al daiteke oraindik, euskara hezkuntza sisteman sartu zela berrogei urtetik gora joan direnean, Araba erdaldunaren klixe zaharra erabil dezakegula 2022an, ezer aldatu izan ez balitz bezala? Milaka euskaldun gara Gasteizen, bertakoak edo kanpotik etorriak, euskara ikasi, gure seme-alabei euskara eman, eta euskara familia-hizkuntza egin dugunak. Kito.

Euskararen afonia aipatzea topikoa poltsikotik ateratzea da, oso erraza, konplizitatearen bila, baina faltsua da. Afonia dagoela esateko, zerekin egiten da alderaketa? Bilborekin? Baionarekin? Iruñearekin? Handiagoa da gure afonia besteena baino? Ba, ez dute hori esaten berriki plazaratu diren euskararen erabileraren gaineko emaitzek (Soziolinguistika Klusterra, 2022ko maiatza). Gasteizen eta Araban, euskalduntze prozesua eta euskal kulturaren transmisioa beste inon baino indartsuagoa izan da; eta horri ez erreparatzea ezjakintasuna, interes falta edo harrokeria hutsa da. Ez dugu pentsatu nahi inor erosoago sentitzen dela topikoaren barruan.

Diskurtso aspergarri horrek kaltea baino ez digu egiten, eta euskararen kontra jotzen du zuzenean: dugun egoerarekin, aurkitzen ditugun oztopoekin, egiten ari garen ahaleginarekin... gure artean txorakeriatan ibiltzea ez zaigu komeni, eta are gutxiago lurralde bateko edo besteko nagusitasuna edo gutxiagotasuna aireratzea. Harrokeria eta probintzialismo arlote gehiagorik ez. Partida hau irabazteko handian jokatu behar dugu, ez txikian.

Hemen, Arabako lurretan, euskaldun asko gara, gero eta gehiago, euskaldun berriak gehienok, euskaraz bizi garenok naturaltasun osoz, euskaldunen komunitatearen parte sentitzen garenok, ez gehiago, ez gutxiago. Ahaztu dezagun, mesedez, zazpigarren alabaren kontu agoniko hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.