Albistea entzun

ZUZENDARIARI

EAJ, Txillardegi eta Mandela

Jon Alvarez Forcada. -

2022ko otsailak 15 - Lezo

Ez zen giro Euskal Herrian 1960 inguruan. Gerra zibila galdu zen, Euskal Gobernua erbestean zegoen, eta Francoren diktadura gorenean. Errepresio bortitzaren ondorioz, EAJ isilik zegoen; etsipena eta beldurra ziren nagusi. Hego Euskal Herriak hondoa jo zuen politikoki. Ez zegoen mugimendurik, dena geldirik, hilik, ez zegoen ezer...

Harik eta abertzale adoretsu zenbaitek ETA sortu zuten arte. Iluntasun politiko hartan, itxaropenaren argia izan zen abertzale askorentzat. Etorkizunari begira, gauzak alda zitezkeen seinale baikorra zen, esperantzagarria...

Hasierako ETAk ez zuen ezta borroka armatuaren planteamendurik ere. Euskara irakatsi, ikastaroak eman, propaganda politikoa zabaldu, gazteak formatu eta abar. Txillardegiren armak luma zorrotza eta buru nekaezina izan ziren. Ezin da Euskal Herria ulertu bere ekarpen izugarria kontuan hartu gabe: euskara batuaren arima da, nobelagintza berritzailea, artikulista luzea, fonologian katedraduna, idazle oparoa eta abar.

Garai berean, Nelson Mandelak borroka armatuaren alde egin zuen Hego Afrikan. Bera izan zen Nazioaren Xabalina gerrillaren sortzailea (11.000 gudari izatera iritsi zen) baita bonba atentatuak agindu zituena ere, adibidez.

Biak joan zitzaizkigun urtebeteko aldearekin (2013-2014). Hala ere, EAJko buruzagiek oso desberdin hitz egiten dute bataz zein besteaz. Honatx:

Anasagastik: «Nelson Mandelak nire miresmen eta errespetu osoa dauka, duintasuna eta giza kalitateko eredua baita».

Ortuzarrek: «Inspirazioa da Mandela, bakea betiko ezarri nahi duenarentzat».

Urkulluk: «Mandela elkarbizitzarako eredua izan da».

Txillardegi eta Mandela bake-gizonak izan dira beti, zalantzarik gabe. Ibilbide politikoak ikustea besterik ez dago. Egoera politikoek bultza dituzte unean uneko erabakiak hartzera.

Zergatik dio orduan horrelako arbuioa EAJk Txillardegiri? Bada, gizon askea izan zelako, lerrokatu ezina, antiaparateroa, batere ez instituzionalista. Eta hori ez dio sekula barkatu.

Bukatzeko, Bingen Zupiriak Txillardegiren zuritzea Martin Villarenarekin konparatzea penagarria, lotsagarria izan da. Eta EAJ isilik, Francoren garaian bezalaxe.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...