Analisia

Hiru galtzaile

Iker Aranburu.
2016ko ekainaren 24a
11:47
Entzun

Ingelesek eta galestarrek -baina ez eskoziarrek edo ipar irlandarrek-, Europako Batasunetik ateratzea erabaki dute. Dibortzio luze eta korapilotsu baten hasiera bat da, ondorio politiko eta ekonomiko handiak izango dituen prozesu bat, ez soilik Erresuma Batuan, baina baita Europako Batasunean ere. Eta ondorio horiek, gaur gaurkoz, ez dute itxura onik.

Hiru galtzaile ditu brexitak, eta lehenengoa apustu etxeak dira, Erresuma Batu osoan non-nahi dauden horiek. Denek, salbuespenik gabe, dirua remainen alde jarri zuten, zentzuzkoena hori zelako. Zentzuzkoena zen moduan Leicesterrek Premier League-a ez irabaztea. Baina zentzuak ez du leku handirik emozioak gailentzen direnean, eta are gutxiago hautesleek elite politiko eta ekonomikoei zartakoa emateko gogo handia dutenean, adituen iragarpen guztiak mesfidantzaz hartzen direnean. Hurrengo hauteskunde edo erreferendumean sos batzuk irabazi nahi dituenak, badaki zer egin.

Bigarren galtzailea Erresuma Batua bera izango da. Epe motzean oso kolpe ekonomiko handia jasan dezake, Lehman Brothers berri baten antzekoa: diruaren ihesa, inbertsioen geratzea, kontsumoaren amiltzea, eta jarduera ekonomikoa moteltzen duten beste hainbat ondorio. Libera esterlina hasi da hondoratzen —dolarrarekiko behintzat—, eta hori arazo handia da gutxi esportatu eta asko inportatzen duen herrialde batentzat, prezioen igoera handia ekar dezakeelako. Epe erdira ikusi beharko da, EBrekiko dibortzioaren baldintzen araberakoa izango da, baina horretan adostasuna ere handia da: on baino kalte egingo dio, batez ere dibortzioa luzatzen bada.

Hori guztia zeren ordainean? Bruselaren esku utzitako edo EBko beste kideekin partekatutako subiranotasun pixka bat berreskuratzearen truke. Ziur aski aurki berriro partekatu beharko duen subiranotasuna, EBko merkatu libreari eutsi nahi badio, edo merkataritza harreman irekiak izan nahi baditu, subiranotasun horretako asko berriro galdu beharko duelako. Eta orain brexit zaleek sobran ikusten dituzten etorkin poloniar horiek antzera sartuko dira, besteak beste, haien beharra dagoelako.

Eta badakigu nork galtzen duen gehien krisiak sortzen direnean: apalenek, globalizazioaren ondorioz baztertuta sentitzen zirelako saldoka brexit-a hautatu duten Ingalaterra iparraldeko langile klaseek.

Baina galtzaile nagusia Europako Batasuna bera da. Jada ez da beti aurrera egingo duen proiektu bat. Sartzeko atea ez ezik, irtetekoa ere baduen etxe bat da. Otso askok batera putz eginez gero hautsi daitekeen etxe bat. Otsoak baitira —botoei erreparatuta behintzat—, Europa batuago baten aurka daudenak, ipar-hego zein ekialde-mendebalde hedatzen ari diren eskuin muturreko pertsonaiak. Kolore desberdineko etsaiak bukatzen zaizkienean, auzoen artean bilatu eta EBren beraren sorreraren arrazoi nagusia kolokan jar dezaketenak. EBren garaipen nagusia baita bere hasierako helburua lortu duela: hamaika mende elkarri gerra eginez igaro zuen kontinente bat baketzea —inoiz ez guztiz, noski—, etsai amorratuak zirenak adiskide edo behintzat bazkide bihurtzea.  

Dagoeneko nahiko geldi dihoan Europako bat-egite prozesua are gehiago geldotzera joko du ziurrenera, euroeszeptizismoa ez baita Erresuma Batura mugatzen. Eta ikusita immigrazioaren bazterketa izan dela ingelesen ezezkoaren arrazoi nagusia, kontinentea gehiago gotortzeko bultzada handia izango da. Geldotze horrek erdizka utz dezake EBk —edo euroguneak behintzat– azkenaldian aurrera egindako urrats bakanetako bat, banku batasuna. Ea nork eskatzen dion orain Alemaniari gordailuak guztien diruarekin bermatzea.

Galtzaileak bai, baina irabazlerik izan al da? Letra txikiko irabazleak agian, ingelesez Little Englander deitutakoak, uhartea uharteago egin nahi duten Farageren moduko xenofoboak, eta haren adiskide europarrak, Le Pen eta Wilders. Eta balizko irabazleen artean, independentista eskoziarrak. Iazko erreferendumaren porrota ekarri zuten zulo nagusia —zein diru erabiliko lukeen Eskozia independente batek— ez dute oraindik konpondu, baina bere baitara bildutako Ingalaterrarekin hausteko arrazoiez bete dira.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.