Autogobernua

Urkullu gustura agertu da Gernikako Estatutua betetzeko "lau urrats gehiago" emango direlako

Datorren astean bilduko da eskumenen gaineko Batzorde Mistoa. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaineratu du eskumen transferentzia gehiagotan gauzatu behar dela estatutuan jasotakoa betetzeko borondatea. EH Bilduk adierazi du lau eskumenen transferentzia ezin dela lorpen gisa aurkeztu. Estatutuan jasotakoa betetzea exijitu du.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, gaur, hedabideen aurreko adierazpenak egiten, Eusko Legebiltzarrean. DAVID AGUILAR, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko apirilaren 4a
09:11
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria gustura agertu da eskumenen transferentziarako Batzorde Mistoa datorren astean bilduko delako. Haren esanetan, "Gernikako Estatutua betetzeko lau urrats gehiago emango dira". Segidan gaineratu du pauso "gehiago" emateko beharra.

Batzorde Mistoak lau eskumenen transferentzia aztertuko du datorren astean: AP-68 autobideko Bizkaiko eta Arabako zatiaren kudeaketa, produktu farmazeutikoen legeen aplikazioa, ohiko erretiroaren aurretiko laguntzak enplegu erregulazio espedienteengatik kaltetutakoentzat eta eskola asegurua. Azken hirurak Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari helarazi zion egutegiko lehen atalean daude jasota, beste lau eskumenekin batera. Gobernuen hasierako asmoa zen zazpi eskumen horiek apirilerako transferitzea, baina oraindik ez da bat bera ere eskualdatu.

Urkulluk adierazi du nahiko lukeela apirilaren 28ko hauteskundeen aurretik zazpi eskumen horiek eta AP-68 autobidekoa Jaurlaritzaren esku uzteko tarte nahikoa izatea. "Guk lanean jarraituko dugu", aurreratu du. Hala ere, lehendakariak aitortu du prozesu "luzeak eta konplexuak" izan ohi direla, hainbat ministeriorekin negoziatzea eskatzen dutelako.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak asteartean salatu zuen zortzi eskumen horietatik bakar baten balorazio ekonomikoa helarazi diola Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari: "Arlo juridikoan jarrerak hurbildu ditugu, baina arlo ekonomikoari ekin ere ez diote egin ia".

EFE berri agentziak Jaurlaritzako iturriak aipatuz adierazi duenez, eskumenen gaineko balorazio ekonomikoa negoziatzen jarraitzen dute bi gobernuek, baita dagozkien testu juridikoak ere. Arlo juridikoan, aurrerapausoak eman dituzte eskumen guztietan, eta akordioa ia itxita dago AP-68 autobideari dagokionez.

Atzo eman zen jakitera Batzorde Mistoa datorren astean bilduko dela. Bileraren berri jakin zen Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrak PSOEren gobernuak aurkeztutako sei dekretu onartu ostean. Besteren artean, EAJren eta EH Bilduren botoei esker onartu zituzten dekretuak. EAJk onartu du Espainiako Gobernuarekin harremanak areagotu dituela atzoko bozketaren aurreko egunetan.

Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak nabarmendu du Pedro Sanchez Espainiako presidentea estatutuaren betetzearekin konprometituta dagoela. "Presidentearen borondatea da bere agintaldiaren azken egunera arte lanean jarraitzea".

"Harreman toxikoa"

EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriartek adierazi du "martxoan zortzi eskualdatze zirenak eta orain lau izango direnak" ezin direla lorpen gisa aurkeztu. "40 urte eta gero, honek erakusten du Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta estatuaren artean harreman toxiko bat dagoela eta harreman hori aldatu behar dugu, azkar gainera, berdinetik berdinerako harreman bat egikaritzeko". Iriartek gaineratu du eskumenen transferentzien negoziazioek "merkealdia" diruditela. "Duintasuna eta legea betetzea eskatu behar dugu".  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.